Sare honetako partaideek beren eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarraren oinarrizko lau printzipio eta horiek aplikatzeko bost irizpide onartzen dituzte.


 1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Printzipio honek, zentzuaren bilaketa- eta eraldaketa-prozesu bezala,  barneko bizitza lantzeko beharra erakusten du. Barneko egiazkotasunaren bilaketa hori Jesusekiko harreman pertsonalera eta afektibora, benetako eta maitasunezko elkarrizketa- eta entzute-harremanera irekitzeko oinarria da.

Hura maitatu eta Hark maitatua sentitu behar da; Harekin hitz egin behar da egunero, eta Hura entzun. Ardatz honen inguruan laburbiltzen da harreman hori: Aitaren borondatean konfiantza izan, Haren zain egon, Haren borondatea aintzat hartu.

Printzipio horrek Frantziskoren galdera bera egitera garamatza: “Nor zara zu, Jainkoa, eta nor naiz ni?”. Geure egiten badugu galdera hori, bizitzari egiazkotasunez ekiteko prest izango gara.

Gure eguneroko bizitzaren une guztietan gauza daiteke Aitaren borondatea betetzeko Jesusekiko harreman pertsonal eta afektibo hori. Nolanahi dela ere, ibilbide horri ekiteko, printzipioaren aplikazio-irizpide batzuk erabili behar dituzte espiritualtasun frantziskotarraren sareko kideek:

-1. irizpidea. Egunean 15-30 minutu hartzea otoitz egiteko, Ebanjelioa arretaz irakurtzeko, isiltasunean entzuteko; gure pozak eta arazoak, esker ona, barkazio- , laguntza-, bitartekaritza-premiak adierazteko.

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Barrutik, behetik saiatu behar dugu aztertzen eta konpontzen gure arazo pertsonalak eta gure bizikidetzaren gorabeherak, hau da, gure pobrezia pertsonalaz eta gure mugez oharturik, bat eginik, elkarrizketarekin, barkazioarekin, berradiskidetzearekin, benetakotasun etiko eta existentzialaren bila betiere, Jainkoarekin eta gure kontzientziarekin elkarrizketan. Ebanjelioaren eta Frantziskoren gutxitasuna da, hain zuzen ere.

-2. irizpidea. Gertatzen zaigun guztia argibide horiekin berraztertzeko lan pertsonala, etengabea eta konpromisoa eskatzen ditu printzipio honek. Sareko partaide garenok onartu egiten dugu desafio hori.

3. printzipioa. Eguneroko bizitza: kanporantz, elkartasuna

Besteei eta munduari esker onez, eskuzabaltasunez, atxikimenduz eta doan irekitzea eskatzen du printzipio honek, Aitaren borondatearekin bat bilatuz gure eginkizuna. Daukagunetik zerbait ematea eskatzen du, eskuzabalki, eta ez onak edo justifikatuak sentitzeko, zerua irabazteko edo gure bizitzari oinarri bat emateko, baizik eta doako maitasun adierazpen gisara, hori baitugu irizpide gidari. Segur aski, sare honetako kideok baditugu, lehendik ere, zenbait elkartasun-konpromiso. Printzipio honek ez dakar, nahitaez, konpromiso berririk hartzerik, baizik eta lehendik ditugunak eskuzabaltasunez eta esker onez mamitzea.

-3. irizpidea. Zehazki, adierazten du gure bizitzan elkartasun-konpromiso bat, besteenganako altruismo-sena izan behar dugula, batez ere behartsuenekin eta baztertuenekin: gaixorik dagoen senitarteko bati edo beste beharrean dagoen norbaiti laguntzea; elkartasun-proiektu bati dirua ematea, erakunde sozial edo humanitario batean parte hartzea, bakearen eta justizia sozialaren alde jardutea... Frantziskotar bizitza ez da osoa ez badugu lagun hurkoarekiko elkartasunez jarduten. Gure bizitzan ez badago elkartasun-adierazpenik, saiatu behar dugu gureganatzen.

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Frantziskoren funtsezko ezaugarria dugu anaitasunez bizitzeko deia, Jesus jarraitzeko bide egokientzat baitzeuzkan harremana, adiskidetasuna, elkartasuna (desberdinak izan arren), giza duintasunean bilatzea eta partekatzea anaitasuna, anaia/arreba izatea, hurko sentitzea, bakea eraikitzea... Gure apaltasunetik, Ebanjelioaren eta giza harremanen arteko lotura horri lagundu nahi dio Sare honek. Espiritualtasun frantziskotarra partekatzeko printzipio honek bi aplikazio-irizpide ditu:

-4. irizpidea. Hileroko azken ostegunean, 19.30ean, espiritualtasun frantziskotarraren sareak otoitz- eta ospakizun-bilkurak egingo ditu lagun-talde bakoitzak hautatzen duen parrokia, ermita, kapera edo elizan. Hileroko topaketak , kantuak, isiltasun-tartea, Ebanjelioaren irakurketa, hausnarketa eta denon arteko otoitza izango ditu. Hilero, topaketa baino 10-15 egun lehenago, posta elektronikoz bidaliko dira talde horrek ospakizunerako irakurgaiak eta hausnarketarako materiala sareko partaide guztiei.
-5. irizpidea. Seguruenik, jende askok ezingo du parterik hartu hileroko ospakizun horietan, egun edo ordu horretan ezinezkoa zaielako, edo horrelako topaketa batean jardutea zaila egiten zaielako. Irekitzea eta partekatzea da gure sarearen asmoa. Horregatik, bosgarren aplikazio-irizpidea da Asis Sarearen gutun ireki gisara argitaratzea hileroko otoitzaldirako prestatzen den irakurgaia eta hausnarketa-materiala, eta bidaltzea sare honen iradokizunekin bat datozenei, halako bilaketa- edo ezinegon-faseren batean dabiltzanei, nahiz eta hileroko topaketetan parterik hartu ez. Beraz, Asis Sareko hileroko topaketetan parte hartzen dugunok gure inguruko jendeari eskainiko diogu gutun hori, betiere horren edukia interesatzen zaiela uste badugu. Hortaz, gutuna jasotzeko bere helbide elektronikoa ematen duten guztiak ere sareko kide izango dira, beste maila batean, norberaren abagune pertsonalaren arabera. Pertsona horietako batzuk beren etxetik edo lantokitik har dezakete parte hileroko otoitz-jardunaldian; beste batzuek, berriz, gutuna irakurri eta hausnarketa egingo dute. Nahi duen mailan har dezake parte bakoitzak gure Sare honetan.