Betidanik egotzi izan zaio Frantziskori bere momentu historikoan Jesusen Ebanjelioaren funtsezkoena irakurtzeko doaina. Jesusengana heltzeko eta hurbiltzeko atetzat hartu da. Horregatik, uste dugu egun ere gaurkotasun handia daukala eta lagungarria izan daitekeela geure momentu historiko honetan, ezegonkorra berarena bezala, Jesusengana eta Ebanjelioen baliorik funtsezkoenetara hurbiltzeko, bertan Frantziskok aurkitu zuen zentzu sakona aurkitzeko. Espiritualtasun frantziskotarrak, kristauaren berrirakurketa gisa, gure bilatze pertsonal ezberdinetan argi eman diezagukeela uste dugu. Beraz, Asis Sareak ez du  helburu gisa hartzen, kristau fedea gaur egun ulertzeko eta horretan sakontzeko bide gisa baizik.

Espiritualtasun frantziskotarraren euskarri ditugu Frantzisko Asiskoaren bizitza eta frantziskanismoaren historiak horrek izan duen esanahia. Atal honetan, espiritualtasun frantziskotarraren alderdi nagusi batzuk azalduko ditugu, oso labur eta egungo hizkerarekin. Beraz, laburpen honetan ez dago zehaztasun handirik, ez du interpretazio zientifiko izateko asmorik. Atariko ohar batzuk baino ez dira hauek, Frantzisko Asiskoaren mezuak, zortzi mende eta gero, bizirik irauten duela adierazteko asmoz idatziak. Hemen azalduko duguna baino askoz ere gehiago izan zen Frantzisko Asiskoa, baina sakonago ezagutzea da, hain justu ere, orain hasiko dugun bide honen akuilagarrietako bat.

1.1. Absolutuaren bilaketa pertsonala

“Nor zara zu, Jainkoa; nor naiz ni?”. Etengabeko bilaketan eta galdeketan jardun zen Frantzisko, eta horien bidez iritsi zen Jainkoa aurkitzera eta harekiko harreman pertsonalera. “Jauna, zer nahi duzu nik egitea?”. Galdera- eta bilaketa-prozesu horretan, Jesusen eta haren Ebanjelioaren hitzaren jarraitzaile izatea zuela bidea aurkitu zuen. Jainkoarekin norberak etengabeko harremana izateko borondatea da espiritualtasun frantziskotarraren ezaugarri nagusia, Jesusen bizitza jarraitzea haren Hitza entzun eta irakurriz.

1.2. Umiltasuna

Hainbat eratara nabarmendu zen umiltasuna Frantziskoren bizitzan: Jainkoarekiko umiltasuna: pobrezia espirituala; norberarekiko umiltasuna, nork bere burua egiazki ezagutzeko; eta besteekiko umiltasuna: gutxitasuna bizitza-erkidetasun bihurtua. Azken batean, uko egiten zion Frantziskok botere material edo espiritualeko nahi orori. Espiritualtasun frantziskotarrak bizitza eta horren zailtasunak eta aukerak umiltasun-sen sakonarekin ekitera gonbidatzen gaitu, gure mugen zenbaterainokoaz egiazki oharturik. Pobre, gure egiaren jabedun, txiki izatera gonbidatzen gaitu, benetako espiritualtasuna gureganatzeko gure buruarekin, gure bizitzan eta besteekiko elkarbizitzan.

1.3. Elkartasuna

Frantziskok Jainkoagan aurkitu zuen ongi gorena. Hainbeste maitasun ezin ezkutatu, ordea: eskertu eta besteekin partekatu beharra dago. Jainkoaren oparia besteen aldeko ekimen bihurtzen da, bakearen eta ongiaren mezulari bihurtzen gaitu. Gizon eta emakume bakoitzari jakinarazi behar diogu “Zu ere maite zaitu Jainkoak”, eta, esan ez ezik, gure jokabidearekin, giza elkartasunarekin erakutsi benetan ari gatzaizkiola. Gizon-emakume bakoitzaren bizitzan, espiritualtasun frantziskotarra besteei ematea da, besteekiko atxikimendua, eskuzabaltasuna, altruismoa, batez ere baztertuen daudenekikoa, esker oneko eta umiltasunezko bizipena. Gizon eta emakume bakoitzaren ontasuna gordetzen duten ezkutuko baliabideen adierazpena dugu frantziskotasuna, Jainkoak eskaintzen digun bake eta ongiaren iragarpena.

1.4. Anaitasuna

Anaitasuna du ardatz nagusietakoa Frantzisko Asiskoaren ibilbideak: berak sortutako ordena erlijiosoan (“Inork ez beza izan aginterik edo botererik besteen gainetik”); Elizarekiko, eliztarrekiko elkartasunean; eta anaitasun unibertsala (izadia, gizakiak, mundua, natura, zailtasunak, pozak..., ororekiko anaitasuna). Jainkoaren bila zebilela, bihotz berri bat aurkitu zuen Frantziskok. Den-dena Jesusen begiekin eta begiradarekin ikusten ikasi zuen. Horixe dugu, bada espiritualtasun frantziskotarra: pertsona bakoitzaren eta inguruan dugun guztiaren giza duintasunari begirada anaikor eta bakezko horrekin ekitea.