Beren eguneroko bizitzan frantziskotarren espiritualtasuna ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare irekia.
Zenbait laiko eta fraide frantziskotarrok erabaki dugu, Arantzazun, beren eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare sozial irekia sortzea.
-(1) Sarea. Sarea diogu, ez baitugu inongo talderik, erakunderik edo egiturarik sortzeko asmorik; motibazio berak bultzatutako eta oinarrizko printzipioak, borondatez, partekatzeko prest dauden zenbait gizon-emakumeren arteko harremana sustatu nahi dugu.
ยท(2) Soziala eta irekia. Ez da norberaren barnerantz bakarrik begiratzen duen mugimendua, edo esparru edo dinamika pribatuetan, itxietan edo batasun ideologiko edo erlijioso handikoan jardutekoa, baizik eta ateak zabal-zabalik dituen herritar-sarea, apaltasunez gizarteari eskaintzen zaiona, uste duelako baduela egungo gizarteari zer eskainia. Ezaugarri horiek aproposak eta beharrezkoak izango dira beste proiektuetan edo testuingurutan, baina gure proiektuaren zereginarekin ez datoz bat. Hau guztia minimoak baina sendoak diren lau printzipioen inguruan gauzatzen da.
-(3) Pertsona laikoen sarea da, bai erlijiosoen bai apaizen parte-hartze pertsonalera irekia. Eremu oso zabal batean jarduteko asmoa dugu, non sinestun konbentzituek eta, batez ere, zalantza- edo ezinegon-prozesuetan eta bizitzaren zentzu bila dabiltzanek lekua duten.
-(4) Espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi dutenentzat. Gizon-emakume horiek guztiak honek batzen ditu: irmoki uste dute, edo nola edo hala sumatzen dute espiritualtasun frantziskotarrak ekarpen baliotsua, gaur-gaurkoa, egin diezaiekeela norberari eta inguruan duten gizarteari. Horregatik Asis Sarea irekitzen da: lehenik eta behin, ezagutu nahi dutenei, espiritualtasun frantziskotarrak haien bilaketari zeozer esateko daukan ala ez jakin nahi dutenei, sinesdunak diren edo ez oso argi ez izan arren. Eta bigarrenik, fedea, zalantzak edo espiritualtasun frantziskotar izaeraren esperientzia partekatu nahi dutenei; bizipen-historiak, prozesu pertsonalak edo fedearen prozesu desberdinak dauzkaten eurak bezalako pertsonekin, familia edo anaidia osatu nahi duten pertsonenei eta horrenbeste dohain, besteei eskaintzeko eta besteekin partekatzeko dela dakitenei.
-(5) Beren eguneroko bizitzan. Sare honek ez du aparteko asmo handirik; lanbro fina izan nahi du, bere kideen eta inguruan duten gizartearen bizipen espiritualak, eguneroko bizimodua, jarduera pertsonalak, sozialak eta bizikidetza pixkanaka bustitzen dituen langarra.