Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko urria  120. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Urriak gure frantziskotar espiritualtasuna bizitzera gonbidatzen gaitu. San Frantziskoren jaia ospatuz hasi eta Asisko Espirituarekin bat eginik amaitu hilabetea. Egiaz frantziskotar hilabetea.

Hilabete honetan betetzen dira hamar urte Asis Sarea jaio zenetik. Hamar urte espiritu bilaketan. Hamar urte Jainkoarekin harremanetan. Hamar urte senidetasunean. Bejondeizuela eta zorion sentitua guztioi!

Gogoetarako gaia

Gure aurreko anai arrebak

Gure aurreko anai-arrebak bizitzako sekretuak erakutsiz doazkigu. Ez dira maisu, gu baino eskolatuagoak direlako, edo ikasteko denbora gehiago eduki dutelako. Anai-arreba hauei, hau edo bestea dela eta, bilaketa eta bereizkuntza gehiago egin beharra egokitu zaie, jakitea esperientziarekin elkartuz. Beraiengan bizitza pertsonala sumatzen da, leialtasuna norberekiko, askatasuna onartuak edo baztertuak izateari begiratzeke, benetakotasuna, apaltasuna, bilaketa...

Pertsona hauek barruagotik bizitzen laguntzen digute eta gure eta inguruko errealitatea haratagotik ikusten. Gure aurreko anai-arreba direla sumatzen dugu, geure baitan zerbait haiekin harremanean jartzen delako, nahiz eta ezin dugun zerbait hori hitzez adierazi. Haiek ikustean eta entzutean, geure baitan aldi berean zerbait esnatzen, argitzen, dardaratzen dela dirudi. Bizitzeko egia bat sumatzen dugu, bizi, zentzu, argi, animo... gehiago ematen diguna. Bizitzako abenturan aurretik doazkigula dirudi.

Segur aski beraiek ez dira horretaz guztiaz konturatzen ere, zeren eta nahikoa baitute bizitzak gainera dakarkiena adi eta ernai bizitzearekin. Gure aurreko anaia bat, arreba bat, edukitzea zori handia da, horrela ez baikara umezurtz sentitzen geure bidea egitean.

Eta gure aurreko anaia bat, arreba bat, fedean edukitzea, hori bai dela bedeinkazioa. Eta haiengan, beren argi eta itzalekin, sumatzea, beren bizitza eta fedea ez dutela beren ahaleginen fruitutzat hartzen, baizik eta erregalia gisa bizitzen. Bekatari diren kontzientzia dute, baina horrek ez ditu hutsaren hurrengo bihurtzen; kontzientzia bizitzan sustraitua daukate eta barrutik elikatzen dute; maitasun zuhur, pertsonal, landu, sufritu eta gozatua dute beren janari. Jainkoak emandako dohain dira.

Ebanjelioko pasartea: Lk 2,25-32.36-38

Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe. Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, esanez: «Orain bai, Jauna, zeuk hitzeman bezala, utz diezaiokezu zeure morroi honi bakean hiltzen! Ikusi dute nire begiok zure Salbatzailea, herri guztien aurrean zuk aurkeztua: nazioak argitzeko argi eta zure herri Israelen ospe».

Bazen profetisa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. Une hartan aurkezturik, Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.

Frantziskotar espiritualtasuna

Heriotzatik hurbil, hau esan zuen Frantzisko dohatsuak Ministro jeneralaren eta beste anaien aurrean: «Portziunkulako Santa Mariaz xedapenak eman nahi ditut eta leku hau anaiei testamentuan utzi, jaiera eta begirunerik handienean eduki dezaten beti. Hauxe bera egin zuten gure antzinako anaiek ere: leku hau santua izanik ere, gau eta egun etengabe otoitz eginez eta isiltasuna gordez mantentzen zuten beronen santutasuna... Gogor zigortzen zituzten beren gorputzak barau eta gaubeila ugariz, hotz, biluztasun eta beren eskuen lanez. Sarritan, nekazari behartsuei laguntzen zieten beren soroetan, eta hauek gero, noizik behin, ogia ematen zieten Jainkoaren maitasunagatik. Honelako eta bestelako bertutez santutzen zituzten beren buruak eta toki hura» (PerLeg 56).

Frantziskok esker onez begiratzera gonbidatzen gaitu, guk baino lehenago, egunez egunekoan, egian eta sakontasunean bizitzen ikasi dutenei Jainkoaren eta besteen aurrean. Haien entrega, maitasuna, konfiantza, itxaropen iraunkorra kontenplatzea eskatzen digu, eta beraiek bidean lagun eta argi ditugun senidetzat hartzera.

Otoitza

Jauna, lagun iezadazu honelako kristau izaten:
kontziente, neure mugak ezagutzeraino,
ausarditsu, lur jota ez gelditzeraino
bizitzako zailtasun ezinbestekoen aurrean,
eta apal jakiteraino, Zu gabe ez dudala sekula
eguneroko gurutzea eramaten asmatuko.

Egizu, Jauna, oinazea edo probaldia datorkidanean,
ez dezadala berori sekula zuk bidalitako
zigortzat jo,
baina bai Zuk eskainitako abagunetzat
Zuri frogatzeko,
nire maitasuna serioa dela
eta aitortzen dudan fedearekin koherente naizela.
Oinazeak, Jauna, bihur nazala
gero eta pertsona eta kristau helduago,
besteekiko konprentsiboago, maitakorrago,
txeratsuago, gizatiarrago;
sufrimenak nire atea jo dezanean,
martiri sentitu edo biktima-jarrerak hartu ordez,
jakin dezadala bakea eta poza banatzen
inguruan ditudanen artean.

Gutuneko azken hitzak

“Lagun hurkoarengan anaia ikusten dudanean, orduantxe soilik naiz gizaki.” (Dostoyevski)

2018ko urriko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urriko erreferentzia guztiak:

1 Mt 21, 28-32 / 2 Mt 18, 1-5.10 / 3 Lk 9, 57-62 / 4 Mt 11, 25-30 / 5 Mt 7, 7-11 / 6 Lk 10, 17-24 / 7 Mk 10, 2-16 / 8 Lk 10, 25-37 / 9 Lk 10, 38-42 / 10 Lk 11, 1-4 / 11 Lk 11,5-13 / 12 Lk 11, 27-28 / 13 Lk 11,15-26 / 14 Mk 10, 17-30 / 15 Lk 11, 29-32 / 16 Lk 11,37-41 / 17 Lk 11,42-46 / 18 Lk 10, 1-9 / 19 Lk 12,1-7 / 20 Lk 12, 8-12 / 21 Mk 10,35-45 / 22 Lk 12, 13-21 / 23 Lk 12, 35-38 / 24 Lk 12,39-48 / 25 Lk 12,49-53 / 26 Lk 12,54-59 / 27 Lk 13,1-9 / 28 Mk 10,46-52 / 29 Lk 13, 10-17 / 30 Lk 13, 18-21 / 31 Lk 13,22-30


Urrian elkarrekin ospatuko dugun otoitza 25ean izango da 19:30tan