Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko uztaila  105. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Gizakiok topaketarako tokiak eta uneak behar ditugu. Intimitaterako, bizitza so egiteko, barneratzeko, barnetik begiratzeko eta begiratuak izateko guneak eta uneak behar ditugu. Baita Jainkoarekin dugun harremanerako ere topaguneak eta topa-uneak behar ditugu, elkarren berri jakiteko, elkarri entzuteko, elkar maitatzeko.

Gogoetarako gaia

Otoitz pertsonala

Nork bere baitan otoitz-egitea gune ezin hobea da Jaunarekin topo egiteko. Eta geure bizitzako eta historiako momentu askotan beharrezko zaigu, arnasa hartzea bezala, Jainkoarekin harreman pertsonalean jartzea: “Basahuntza irrikaz errekara bezala, halaxe ni zuregana, ene Jainko”, dio salmo batek. Krisi-garaietan, Jaunagana jotzea da gure lehen janaria. Esaten dute, lehen kristau elkarteek erresistentziazko espiritualitate bat landu behar izan zutela, garai oso zailak izan baitziren haiek. Horregatik esaten du Santiagoren gutunak, garai gogorretan hil edo bizikoa dela otoitza. Eta horrela da guretzat, geure bilaketa eta fedea egurats gorrian, babes eta laguntzarik gabe, bizi behar dugunean.

Otoitza behar dugu Jainkoaren bila ibiltzeko, geure buruarekin aurkitzeko, elkarrekin anai-arreba izateko. Otoitza behar dugu Jainkoagandik bizitzeko, eta solidaritatea lantzeko. Otoitza behar dugu bizitzeko.

Izan ere bizitzak ahuldu egiten du, eta nekatu eta sakabanatu egiten gaitu. Bizitza gu geure mundu txikira bildu araziz doa eta gure itxaropena moztuz. Geure bizkar-poltsa zauriz, ezinikusiz eta porrotez betez doa, berorientzat ordezko hutsalak bilatzen saiatzen garelarik; hau da, distraitzera, ihesbidera eta ahanzturara eramango gaituzten kontrapisuzko momentuak bilatzera garamatzatenak. Baina Jainkoarekin dugun harremanak bizia estreinatzera garamatza goizero, egunari fresko ekitera, eguna poz eta alaitasunez hastera, gizatasuna, senidetasuna, entrega, besarkada, xera indarrez sentitzera.

Espiritualitatea lantzea, norberaren harremana Jainkoarekin lantzea da. Gure espiritualitatearen muina Jainkoarekin harreman pertsonala izatea da. Haren aurrean aurpegiz aurpegi jartzea.

Otoitzak Jainkoaren begiradara garamatza, haren ekintzara, haren Hitzera. Eta eragiten digu Harengandik begiratzera eta bizitzera. Eta, Santa Teresak esan bezala, “garai hauetan beharrezkoak dira Jainkoaren adiskide bulartsuak.”

Bibliako pasartea: St 5, 13-18

Zuetako norbait sufritzen dagoela? Egin dezala otoitz. Pozik dagoela? Kanta ditzala gorazarreak. Zuetako norbait gaixo dagoela? Dei egin diezaiela eliz arduradunei, gaixoaren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean olioz igurtz dezaten. Fedez egindako otoitzak osasuna emango dio gaixoari eta jaikiaraziko du Jaunak, eta barkatu egingo dio, bekaturik egin badu. Aitortu batek besteari zeuen bekatuak eta egin otoitz elkarren alde, senda zaitezten. Indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak. Gu bezalako gizakia zen Elias ere, baina sutsu egin zuen otoitz euririk egin ez zezan, eta hiru urtez eta sei hilabetez ez zuen lurraren gainera euririk egin. Gero, otoitz egin zuen berriro, eta zeruak euria eman zuen, eta lurrak bere fruitua ekarri.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Frantzisko, Jainkoaren gizonaren … barrena Kristoren egarri zen oso-osorik, bihotzez ez ezik, gorputzez ere hari emana … Bere denbora guztia espiritu-bizitzari ematen zion, jakinduria bihotzean itsasteko … Toki ezkutuak bilatzen zituen beti, espirituz ez ezik, gorputzeko atal bakoitzaz ere bere Jainkoarekin elkartzeko. Jaunaren bisita jendartean eta ustekabean sentitzen bazuen … bere bihotza bihurtzen zuen kultu-leku.

“Baso eta bakarlekuetan otoitz egiten zuenean, basoak intziriz betetzen zituen, lurra malkoz blaitzen, eskuaz bularra jotzen, eta, barne txokorik gordeena aurkitu balu bezala, sarritan bere Jaunarekin ozenki hizketan aritzen zen: han Epaileari erantzuten zion, han Aitari erregu egiten, han Lagunarekin solasean jarduten, han Senarrarekin jostatzen … Horrela, otoitz egiten zuen norbait baino areago, oso-osorik otoitz bihurtua, buru eta bihotz zuzentzen zen Jaunarengana …” (2Zel 94-95).

Frantziskok Jainkoagan du poza eta atsedena, Jainkoari dio kantatzen, Hura du bedeinkatzen eta goresten, Hari dio eskatzen argia eta indarra. Momentuak bilatzen ditu bakardadean otoitzean jarduteko, eta Jaunak bera bilatzen du eta bisitatzen otoitzera gonbidatuz: oso-osorik otoitz bihurtua.

Otoitza

Nekaturik nator, Jauna, nekaturik
bizitzaz eta bere borrokaz,
otoitzaz eta bere agoniaz,
neure bihotzaz,
beti hain hauskorra, hain inozoa,
hain gogorra denaz.
Zugan dut atseden, ene On guztia.

Nekaturik nator, Jauna, nekaturik,
neure beldurren mehatxupean nagoenean,
hurkoaren aurrean hesiak altxatzean,
zure aurrera neuregan bildua
natorrenean.
Zu zara neure atseden, ene Jainko.

Nekaturik nator, Jauna, nekaturik,
batzuetan inolako arrazoirik gabe,
neure hutsa narran erakarriz,
neure begiak Zugan josiak, Jesus Jauna,
ene maitea, ene baitako irrika,
ene bakea.

Utz iezadazu zeure bihotzean atseden hartzen,
bil nazazu zeure besoaz,
emadazu zeure kopatik edaten,
nekaturik nator-eta, ene Jauna, nekaturik.
Zu zara nire Harkaitza eta ur bizia,
neure gozoa eta eztena,
neure itxaropena eta erreinua,
ene salbatzailea zaren Jainkoa, ene Aita.

Javier Garrido

Gutuneko azken hitzak

“Otoitza maite gaituela dakigunarekin maitasunaz jardutea da” (Santa Teresa)

2017ko uztaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate uztaileko erreferentzia guztiak:

1 Mt 8, 5-17 / 2 Mt 10, 37-42 / 3 Jn 20, 24-29 / 4 Mt 8, 23-27 / 5 Mt 8, 28-34 / 6 Mt 9, 1-8 / 7 Mt 9, 9-13 / 8 Mt 9,14-17 / 9 Mt 11 25-30 / 10 Mt 9,18-26 / 11 Mt 9, 27-29 / 12 Mt 10,1-7 / 13 Mt 10,7-15 / 14 Mt 10, 16-23 / 15 Mt 10, 24-33 / 16 Mt 13, 1-23 / 17 Mt 10,34-11,1 / 18 Mt 11, 20-24 / 19 Mt 11, 25-27 / 20 Mt 11,28-30 / 21 Mt 12, 1-8 / 22 Mt 12, 14-21 / 23 Mt 13, 24-43 / 24 Mt 12, 38-42 / 25 Mt 20, 20-28 / 26 Mt ,1-9 / 27 Mt 13, 10-17 / 28 Mt 13, 18-23 / 29 Mt 13, 24-30 / 30 Mt 13, 44-52 / 31 Lc 9, 18-26


Uztailean elkarrekin ospatuko dugun otoitza hilaren 27an izango da, 19:30tan.