Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2016ko uztaila  93. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Jainko Aitaren aurrean jartzen garenean nola ez sentitu eskertuak? Eta eskertuak ez honengatik edo hargatik, baizik eta Beragatik. Bera delako ontasun guztia, errukia, edertasuna, gertutasuna, gupida, zoriontasun betea, zaintzailea... Eskerrak Bera delako. Bera izate hutsak esker onez betetzen gaitu.

Gogoetarako gaia

Esker onekoak izan

Beti esan digute esker onekoak izan behar dugu-la, eta “eskerrik asko” hitza erraz ateratzen zaigu. Norbaitek gure alde zerbait egiten duenean (zaindu, arduratu, mesede bat egin...) eskerrak ematen dizkiogu, zorretan sentitzen garelako eta hori delako gure “ordaintzeko” modua: soilik ESKERRIK ASKO bat, baina ez gara dagokiona ematen hasten hartutakoari ordaina eman nahiz.

Agian zera ikastea falta zaigu, esker onekoak izatea besteen premian garela onartzea dela, ezin dudala dena neuk egin; eta horrez gain gauza naizela beste pertsonengan eta haien egite eta ekintzetan dagoen ona ezagutzeko.

Hala ere aitortu beharrean gaude, askotan lanak ematen dizkigula eskerrak emateak. Geure urguilu eta aski izan-nahiak ez digu onartzen uzten beharra dugula, besteak gure alde zerbait egiteko, haiek guri, konpainia, kontsolamendu hitz moduan denbora eskain-tzeko... Horrez gain, konturatzen gara esker txarreko izateak inbidiara, ezinikusira eramaten gaituela, are etsai izatera, besteengan ona estimatzeko ezgai izateagatik.

Esker oneko izateak ez du meriturik kentzen, aitzitik handitasuna damaio pertsonari eta zentzua bizitzari. Irakatsi egiten digu, gauzak datozen eta diren bezala konfiantzaz onartzen.

Asko dira esker ona agertzeko erak: hitzez, irribarrez, laztanez edo txerazko begiradaz gure bizitzara esku zabalez datorren edonori, bere denbora eta bizitza, ordainetan ezeren bila ibili gabe, oparitzen digun orori.

Egunero eman beharko genizkieke eskerrak inguruko pertsonei eta batez ere sortu gaituen eta gure onerako kreazioa eman digun Jainkoari.
Jaunarekin dugun eguneroko harreman honetan joango gara ezagutuz, daukagun eta garen guztia haren emari dela, eta onartzea eta eskertzea dagokigula.

Bibliako pasartea: Flp 1, 2-9

Zuetaz oroitzen naizen bakoitzean eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari. Pozik egiten dut zuen guztion alde otoitz beti, lehenengo egunetik orain arte berri onaren zerbitzuan lankide izan baitzaituztet. Badakit ziur, zuengan hain lan ederra hasi zuenak burutu ere egingo duela, Kristo Jesus berriro agertuko den eguna arte. Bidezko iruditzen zait zuen guztionganako dudan sentipen hau, barru-barruan baitzaramaztet... Jainkoa dut lekuko nola nagoen zuek guztiok ikusteko irrikaz Jesu Kristoren maitasun eztiaren eraginez. Eta hauxe eskatzen dut otoitzean: zuen maitasuna izan dadila ezagueraz gero eta jantziagoa eta sentiberatasunez biziagoa.

Frantziskotar espiritualtasuna

«Jainko ahalguztidun, txit santu, goi-goiko eta gorena, Aita santu eta zuzena, zeru-lurren errege Jauna, eskerrak ematen dizkizugu zeu zarena zarelako, eskerrak zeure borondate santuaz eta zeure Seme bakarraren bitartez, Espiritu Santuarekin batera, espirituzko eta gorputzezko gauza guztiak egin zenituelako, eta gu, zeure antzeko eta irudiko eginik, paradisuan ezarri gintuzulako. Baina gu erori egin ginen geure erruz.
«Eta eskerrak ematen dizkizugu, zeure Semearen bitartez egin gintuzun bezalaxe, bera, egiazko Jainko eta egiazko gizona, izan zenigun maitasun santuaz, Andre Maria beti Birjina ospetsu eta txit dohatsuagandik jaioarazi zenuelako, eta gu, gatibuok, haren gurutze eta odol eta heriotzaz berrerosi nahi izan gaituzulako.

«Eta gu guztiok, errukarri eta bekatariok, ez baikara zu aipatzeko duin, arren erregutzen dugu, Jesu Kristo gure Jaunak, atsegin izan zenuen zeure Seme maiteak, guztiarengatik eskerrak eman diezazkizula Espiritu Santu Laguntzailearekin batera, zeuri eta berari atsegin zaizuen bezala. Aleluia!».

Otoitza

Eskerrak eman Jaunari, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Eskerrak eman jainkoen Jainkoari,
haren maitasuna betikoa baita.
Eskerrak eman jaunen Jaunari,
haren maitasuna betikoa baita.
Bera bakarrik egintza miragarrien egile,
haren maitasuna betikoa baita.
Jakinduriaz egin du zerua,
haren maitasuna betikoa baita.
Uren gainean tinko ezarri lurra,
haren maitasuna betikoa baita.
Argizagi handiak egin ditu,
haren maitasuna betikoa baita;
eguzkia, egunaren gain jartzeko,
haren maitasuna betikoa baita;
ilargia eta izarrak, gauaren gain jartzeko,
haren maitasuna betikoa baita.
Jaunak barkatu zuen nik huts egina,
haren maitasuna betikoa baita.
Eta ilunpetatik atera ninduen
haren maitasuna betikoa baita.
Esku ahaltsu, beso indartsuz,
haren maitasuna betikoa baita.
Jaunak bere grazia eskaintzen dit,
haren maitasuna betikoa baita.
Jaunak itxaropen berria sortu zuen niregan,
haren maitasuna betikoa baita.
Eta bizi berrira deitu ninduen,
haren maitasuna betikoa baita.
Oroitu zen gutaz gure erorialdian,
haren maitasuna betikoa baita;
eta etsaiengandik gintuen askatu,
haren maitasuna betikoa baita.
Bizidun guztiak janaritzen ditu,
haren maitasuna betikoa baita.

EMAN ESKERRAK ZERUKO JAINKOARI
HAREN MAITASUNA BETIKOA BAITA.

136. salmoa

 

Gutuneko azken hitzak

“Jainkoari eskerrak eman, hortxe hasten da bizitzen jakitearen artea.” (Domenico Cieri Estrada)

2016ko uztaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate uztaileko erreferentzia guztiak:

1 Mt 9, 9-13 / 2 Mt 9,14-17 / 3 Lk 10, 1-12.17-20 / 4 Mt 9,18-26 / 5 Mt 9, 32-38 / 6 Mt 10,1-7 / 7 Mt 10,7-15 / 8 Mt 10, 16-23 / 9 Mt 10, 24-33 / 10 Lk 10 25-37 / 11 Mt 19, 27-29 / 12 Mt 11, 20-24 / 13 Mt 11, 25-27 / 14 Mt 11,28-30 / 15 Mt 12, 1-8 / 16 Mt 12, 14-21 / 17 Lk 10, 38-42 / 18 Mt 12, 38-42 / 19 Mt 12, 46-50 / 20 Mt 31,1-9 / 21 Mt 13, 10-17 / 22 Jn 20, 1.11-18 / 23 Jn 15, 1-8 / 24 Lk 11, 1-13 / 25 Mt 20, 20-28 / 26 Mt 13, 36-43 / 27 Mt 13, 44-46 / 28 Mt 13, 47-53 / 29 Mt 13, 54-58 / 30 Mt 14, 1-12 / 31 Lk 12, 13-21


Uztaileko Otoitza hilaren 28an izango da.