Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko martxoa  149. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Izpirituaren kontuek, iritziak, ideiak edo pentsatzeko moduak baino gehiago gertaerak direnean, bizitza errotik eraldatzen digute.

Gogoetarako gaia

Izpirituak arima ukitzen duenean

Gorabehera handiko garaiak bizitzen ari gara esparru askotan: osasunean, ekonomian, gizartean... baita espiritua alorrean ere. Inoiz ez genuen ezagutu halako espiritualtasun eskaintza ugaririk. Materiatik haratago, giza zientziek kontrola dezaketenetik haratago irekita egotea garrantzitsua izanik, egia da espiritua ere gure lanaren emaitza gisa bizi dezakegula. Labur esanda: "Nik lan, nik jan". Baina horrela, benetako espiritualtasunak dakarren berritasun handiena galtzen dugu: Berarenganako irekitasuna.

Lekukoek diote Jainkoa misteriotsuki sartzen dela pertsonaren bizitzan. Sartze hori ez da inongo prestaketaren emaitza, balizko presentziarako arriskuz beteriko irekitasunarena baizik. Gu garen egarri sakon hori da, ezerk bete ezin duena eta ezustekoaren aurrean jartzen dena. Eta, norberarentzat izan ezik, besteentzat modu isilean bada ere, Jainkoa diskrezio osoz sartzen da pertsonaren bizitzan. Harriturik utzi duen eta dena inbaditzen duen zerbait da, sakon-sakonean gertatzen baita, pertsonaren beste dimentsio guztiak gauzatzen hasten diren tokian. Izpiritua da arima ukitu duena.

Aurrez programaturik gabeko gertaera honek, isiltasun eta otoitz esparruak bilatzera bultzatzen du, Berari gure bizitzan bide emateko; isiltzea eskatzen du, norbera ez den beste norbait "entzun" ahal izateko. Bihotza sutan dagoela esaten da, askatasuna orain artean beste ezerk ez bezala bultzatzen duela, forma berria ematen digula; guztia berregiten duen maitasuna aipatzen da… Eta, bestalde, ez gaitu mundutik ihes egiten uzten, baizik eta munduan txertatzen gaitu, inoiz ez bezala, baina erabat berrituta, guztiei irekirik modu aske eta eskuzabaltasunez; munduaren erdian. Izpiritua gure barne-muinean kokatu da.

Gizon eta emakume berriez hitz egiten da, Jainkoak ukituak izan dituelako.

Bibliako pasartea: 1Kor 2,10-14

Horixe agertu digu Jainkoak Espirituaren bidez. Espirituak, izan ere, guztia aztertzen du, baita Jainkoaren barne-sakona ere. Nork ezagutu dezake gizakiaren barru-barrua, bere baitan duen giza espirituak baizik? Era berean, Jainkoaren barrua ere ez dezake inork ezagutu Jainkoaren Espirituak izan ezik. Eta guk ez dugu munduko espiritua hartu, Jainkoarengandik datorrena baizik; honela, Jainkoak eman dizkigun dohainak ezagutu ditzakegu. Gauza hauetaz ez dugu giza jakinduriak irakatsitako hizkeraz hitz egiten, Espirituak irakatsitakoaz baizik, espirituzko gaiak Espiritua hartu duten gizon-emakumeei adieraziz. Espiritu gabeko gizakiak ez du onartzen Jainkoaren Espirituari dagokiona; horrek ez du zentzurik berarentzat eta ezin du ulertu, Espirituaren argitan bakarrik juzga daiteke eta.

Frantziskotar espiritualtasuna

Gau batez, lo zegoela, norbaitek hitz egin eta galdetu zion: «Frantzisko, nork ekar diezazuke onura handiagoa, jaunak ala morroiak?» Frantziskok «Jaunak» erantzun zuenean, ahotsak esan zion: «Zergarik zabiltza, bada, morroiaren bila jaunaren ordez?» Frantziskok, orduan: Jauna, zer nahi duzu nik egitea?» Jaunak esan zion: «Itzul zaitez  zeure lurraldera, zure ikuskaria era espiritualean betearaziko baitut nik».

Frantzisko heldutasun beteko pertsona bihurtzen hasi zen, lehen ez bezalakoa… Asis hiriko gazte-talde batek buruzagi izendatu zuten Frantzisko; haren eskuzabaltasuna sarritan probatua baitzuten, eta ondo baino hobeto baitzekiten guztien gastuak bere gain hartuko zituela… Baina Frantzisko barrutik gauza haientzat guztiz sorgortua zegoenez, pixkanaka gorputzez ere aldendu egin zen lagunengandik, bihotzean Jaunari kantari.

Berak geroago adierazi zuenez, une hartan hain gozotasun handiz bete zuen Jainkoak, non ez baitzen hitz egiteko gauza, ezta zegoen tokitik mugitzeko ere. Halako espiritu-eragin bat sentitu zuen, gauza ikusezinetara erakartzen zuena; eta eragin borren poderioz, munduko gauza guztiak inolako garrantzirik gabeak eta guztiz hutsalak iruditu zitzaizkion. (cf. 2 Zel 6-7).

Otoitza

Ezin da aurreikusi. Beti gertatzen da
gutxien espero duzunean. Baliteke zoazela
kalean, azkar, berandu zabiltzalako
gutun bat postaz bidaltzeko, edo
zure etxean zaudela gauez, konbentzitzen
ez zaituen liburu bat irakurtzen;
uda izatea ere gerta daiteke
eta kafetegiko
terrazan eseri zarela; edo negua dela
eta euria ari duela, eta hezurretako minez; triste edo nekaturik,
hogeita hamar urte izatea edo hirurogei izatea.
Ezin da aurreikusi. Inoiz ez dakizu
noiz eta nola gertatuko den.

Badoa zure bizitza
atzo bezala, arrunta eta egunerokoa.
"Beste egun bat", diozu. Eta supituki,
argi guztiz indartsua pizten da
zure barruan, eta orain arte zu zinena
izateari utzi diozu. Mundua, orain,
zuretzat desberdina da. Luzatu egiten da denbora
magikoki, haurtzaroko egun hain luze
haietan bezala, eta arnasa hartzen duzu
bere jario ilun eta kaltegarritik libre.
Orainaldiaren belardiak, non zaintza eta errutik aske
noraezean zabiltzan. Ezohiko zorroztasunak
hartu du zure barrena: dena argi dago, denak
bere lekua hartzen du, dena bat dator, eta zu,
inolako gatazkarik gabe, dena ulertzen duzu.

Agian istantekoa da
miraria; gero gauzak betikora itzultzen dira
egiaz eta errukiaz bete zizun
argi horren aurreko era hartara.
Baina, kontent sentitzen zara, garbi, zoriontsu, salbatua,
esker onez betea. Eta abestu egiten duzu, abestu…

(Eloy Sánchez Rosillo)

Gutuneko azken hitzak

Jainkoaren graziak, bere Izpirituaren bidez, arima baten jabe egiten denean, itxuraldatu egiten du" Joan XXIII.

2021ko martxoko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate martxoko erreferentzia guztiak:

1 Lk 6,36-38 / 2. Mt 23,1-12 / 3 Mt 20, 17-28 / 4 Lk 16, 19-31 / 5 Mt 21, 33-43.45-46 / 6 Lk 15, 1-3.11-32 / 7 Jn 4, 5-42 / 8 Lk 4, 24-30 / 9 Mt 18,21-35 / 10 Mt 5,17-19 / 11 Lk 11,14-23 / 12. Mk 12,28b-34 / 13 Lk 18,9-14 / 14 Jn 9, 1-41 / 15 Jn 4, 43-54 / 16 Jn 5,1-16 / 17 Jn 5,17-30 / 18 Jn 5, 31-47 / 19 Mt 1,16.18-21.24a / 20 Jn 7, 40-53 / 21 Jn 12, 20-33 / 22 Jn 8, 1-11 / 23 Jn 8, 21-30 / 24 Jn 8,31-42 / 25 Lk 1,26-38 / 26. Jn 10,31-42 / 27. Jn 11,45-57 / 28. Mk 14,1-15,47 / 29. Jn 12,1-11 / 30. Jn 13,21-33.36-38 / 31. Mt 26,14-25

Martxoko otoitza hilaren 25ean izango da.