Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko ekaina  152. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Elkartea, familia, giza komunitatea beti eraikitzen ari den errealitatea da. Kide bakoitzaren onena eskatzen digu. Hainbat etapa igarotzen ditu elkarteak, bere ilusio eta desengainu uneekin. Baina errealitate bizia da eta elkartea egiten dutenak hura osatzen dugun pertsonak baino gehiago dira.

Gogoetarako gaia

Elkartea: Jainkoaren egite

Oso erraz esaten dugu familia, komunitatea, elkartea Jainkoaren oparia dela. Hasieran, elkarrekin bizitzeko ilusioz beteriko proiektu bat izan zen; boluntarismo-dosi handiekin, bakoitzak bere aldetik asko jarriz arlo guztietan: materialean, harremanean, otoitzean…; zabaltze-, indar- eta entrega-urteak guztien aldetik. Desberdinak ginenok elkarrekin bizitzen ikasten genuen; ahaleginak egiten genituen garraztasunak leuntzeko, erritmoak artikulatzeko, zailtasun-orduetan motibatzeko. Elkartea, bikotea, familia, komunitatea eraikitzeko garaia zen.

Errutinak, lan-denbora luzeak, eguneroko bizimoduak eta abarrak direla medio ordura arte eraikitakoak izan zuen lehen distira, lehen indarra, galduz joan zen. Jadanik, ez zen nahikoa hastapenetako nahia berritzea; beharrezkoa zen orain motibo berriak, elkarteari eutsiko zioten horizonte berriak, hura ureztatuko zuten iturburu berriak aurkitzea. Eta horrela elkartearen kemena berritu egin zen bere dinamika askotan. Igaro ziren gaztaroko ilusioak; orain heldutasunaren errealismoz bizi ginen, mugaz oharturik, umilago.

Urteek aurrera egin ahala, adinak, bizitzak dakarren higadurak eta zailtasun pertsonal eta instituzional berriek ia arnasarik gabe utzi zuten elkarte bizitza. Ez zirudien nahi izandako ezer lortu zitekeenik; ez hasiera haietan amestutako hura, ez eta bizitzaren esperientziaz hornitutako plan helduagoetan pentsatutakoa ere.

Bizi izandako guztia beharrezkoa izan da, modu isil eta ikusezinean, elkartearen egilea Jainkoa bera izan dela eta izaten ari dela kontuan hartzeko. Gure elkartea bere eskuek egina da. Ia prest gauden gure elkartea, familia, komunitatea bere eskuetan uzteko, zeren eta, azken batean, berea izan baita hasieratik. Orduan izango baikara erabat Jainkoaren familia, komunitatea, elkartea.

Bibliako pasartea: Ef 4,1-6

Nik, Jaunarengatik preso nagoen honek, hartu duzuen deiari dagokionez bizi zaiteztela eskatzen dizuet. Izan apal, otzan eta jasankor, elkar maitekiro eramanez. Saia zaitezte Espirituak ematen duen batasunari eusten, elkartzen zaituzten bakeaz. Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, egin zaizuen deiari dagokion itxaropena ere bat bakarra den bezala; bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bataioa, bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoena, guztien bidez ari dena eta guztiengan bizi dena.

Frantziskotar espiritualtasuna

Frantziskok, anaia batzuek Ordenan etsenplu txarra ematen zutela era anaiak beren profesioaren gailurretik gain behera zetozela entzun eta konturatu zenean, behin, barneraino bihozmindurik, honda mintzatu zitzaion Jaunari otoitzean: «Jauna, zure eskuetan uzten dut eman zenidan familia».

Jaunak erantzun zion: «Esadazu: zergatik goibeltzen zara hainbeste, anaiaren bat Ordenatik ateratzen bada edota anaiak erakutsi nizun bidetik ez badabiltza? Esadazu orobat: nork landatu du anaien Ordena hau? Nork erakartzen gizakia Ordenan penitentzia egitera? Nork ematen indar hartan irauteko? Ez ore nik?»

Eta barneko ahotsak jarraitu zion esaten: «Nik ez zintudan eskolatua edo hitz ederrekoa zinelako hautatu, nire familiaren buru izateko, sinple zinelako baizik, bai zuk eta bai besteek jakin dezazuen, nik zainduko dudala neure artaldea; neure zigilu egin zintudan haientzat, nik zugan egiten ditudan obrak ikus ditzaten eta haiek ere zure antzera egin ditzaten… Horregatik diotsut, ez zaitezela nahigabetu; egizu egiten ari zarena, jarraitu zeure jardunean, betiko maitasunean landatu baitut zure anaiartea…». Eta Jaunak honela kontsolatu ondoren, sarri ekartzen zituen hitzok gogora eta lagunekin hizketatzen zen horiez. (PerLe 112)

Otoitza

Gizadiaren Jaun eta Aita,
gizaki guztiak duintasun berarekin sortu zenituena,
sar ezazu gure bihotzetan elkartasun izpiritua.
Berriz elkartzeko, elkarrizketarako, justiziarako eta bakerako ametsa gugan piztu.
Bultzatu gaitzazu gizarte osasuntsuagoa
eta mundu duinagoa sortzera,
goserik, pobreziarik, indarkeriarik, gerrarik gabekoa.

Gure bihotza ireki dadila
lurreko herri eta nazio guztietara,
bakoitzarengan erein zenuen
ongia eta edertasuna ezagutzeko,
batasun lokarriak, proiektu eta itxaropenak
amankomunak estutzeko.

Gutuneko azken hitzak

«Ez dago gizakiaren anaitasunik Jainkoaren aitatasunik gabe». H. M. Field.

2021ko ekaineko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate ekaineko erreferentzia guztiak:

1 Mt 5,13-19 / 2. Mk 12,18-27 / 3 Mk 12,28b-34 / 4 Mk 12,35-37 / 5 Mk 12,38-44 / 6 Mk 14,12-16.22-26 / 7 Mt 5,1-12 / 8 Mt 5,13-18 / 9 Mt 5,17-19 / 10 Mt 5,20-26 / 11 Jn 19,31-37 / 12. Lk 2,41-51 / 13 Mk 4,26-34 / 14 Mt 5,38-42 / 15 Mt 5,43-48 / 16 Mt 6,1-6.16-18 / 17 Mt 6,7-15 / 18 Mt 6,19-23 / 19 Mt 6,24-34 / 20 Mk 4,35-40 / 21 Mt 7,1-5 / 22 Mt 7,6.12-14 / 23 Mt 7,15-20 / 24 Lk 1,57-66.80 / 25 Mt 8,1-4 / 26. Mt 8,5-17 / 27. Mk 5,21-43 / 28. Mt 8,18-22 / 29. Mt 16,13-19 / 30 Mt 8,28-34

Ekaineko otoitza hilaren 24ean izango da.