Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko maiatza  151. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Ziren eta zeukatena eman duten pertsona eskuzabal asko gehiago ematerik ezin duten puntura iristen dira. Arrazoiei buruz galdetuz gero, laguntzeaz nekatu direla erantzuten dute. Ez dira salbuespenezko kasuak, guztioi iristen baitzaigu nekearen ordua, eskuzabalak izan arren.

Gogoetarako gaia

Laguntzeaz nekatuta

Denbora bat besteei laguntzen eman ondoren, beharrean daudenekin solidario izatera bultzatu zuten arrazoiak lausotu egin zaizkiola konturatzen den unea iristen zaio bati. Bat ahitu egiten da eta esaten du: "Nekatuta nago laguntzeaz". Arrazoi asko dago horretara iristeko: mundu zuzenago baten alde edo behartsuen bizitza eramangarriagoa egiteko haserako idealismoak joan egin dira, jada ez dit ezer berririk ekartzen hainbeste denbora eta energia inbertitzeak besteei laguntzen, bizitza aurrera doa eta norbere buruaz gehiago kezkatzen hasteko garaia da, ez da ikusten ezer lortzen denik lagun hurkoaren alde egindako lan guztiarekin…

Normala da besteen aldeko egiten ari garen lana eta entrega zalantzan jartzeko ordua iristea. Baina hondoa jotzera eramaten gaituena ez da nekea bakarrik, baizik eta jada ez dugula aurkitzen non oinarritu orain arte egiten ari garenarekin jarraitzeko; ahitu egin gara, emateko erabiltzen ziren barne arrazoiak desagertu direlako: proiektuak amets hutsak bihurtu dira, hasieran eskuzabaltasuna zirudienak esperientzia berrietarako interes hutsa zuela egiaztatu da, pertsona lagunduak ez dira iristen beraientzat nahi ziren bizi baldintzetara…

Nekearen aurrean, oro har, atseden hartzeko tartea hartuz erantzuten da, edo berriro adoretzeko eta ekimenera itzultzeko arrazoiak indartuz. Pertsona askok norabidea aldatzen dute bizitzan eta elkartasunerako denbora bukatutzat ematen. Eta pertsona batzuek elkartasunerako arrazoi berriak aurkitzen dituzte, ekimenera eraman zituen horretan sakonduz. Agian, elkartasunerako funtsa ez dago norberaren baitan, ez egiten duen lanean, ezta beste garai batzuetan motibatu zuten idealetan ere, baizik eta besteen alde lan eginez, edozein modutan delarik, bere bizitza osoa bizirik mantentzen duen maitasunari erantzuten dionean. Jainkoa da lana hori eusten duena.

Bibliako pasartea: Gal 6,1-4.9

Senideok, norbait hutsegiteren batean aurkituko bazenute, zuek, Espiritua duzuenok, saia zaitezte halakoa gozotasunez zentzarazten. Eta egon erne, zeu ere tentatua izan zaitezke eta. Lagundu batak besteari elkarren zamak eramaten, horrela beteko baituzue Kristoren legea. Norbait zerbait delakoan badago, ezer ez delarik, bere burua engainatzen du. Azter beza nork bere jokaera eta, horrela, bereaz harrotu ahal izango da, baina besteekin konparatzen ibili gabe… Ez gaitezen, beraz, aspertu on egiten, zeren, etsitzen ez badugu, jasoko baitugu uzta bere garaian.

Frantziskotar espiritualtasuna

Anai ministroari: Jaunak bedeinka zaitzala. Zeure kontzientzi arazoaz, hauxe esaten dizut ahal dudan ongien: Jainko Jauna maitatzea eragozten dizun edozer gauza eta horretarako oztopo jartzen dizun edonor, anaia edo beste, dena graziatzat hartu behar duzu, baita jipoituko bazintuzte ere. Eta horixe nahi ezazu, ez besterik. Eta har ezazu hori Jainko Jaunarekiko eta nirekiko egiazko obedientziatzat, ziur baitakit, jakin, horixe dela egiazko obedientzia.

Eta maita itzazu gauza horiek egiten dizkizutenak. Eta horiengandik ez nahi izan besterik ezer, Jaunak emango dizuna baino. Malta itzazu horretantxe, eta ez nahi izan horiek kristau hobeak izaterik. Eta izan bedi hori zuretzat eremitorioan bizitzea baino hobea.

Honako honetan ezagutu nahi dut Jauna maite duzula eta baita ni ere, haren eta zure morroi hau, honela jokatzen baduzu, alegia: ez dadila izan munduan anaiarik, daitekeen bekatu gehien egin balu ere, zure begiak ikusi ondoren, inoiz zure errukirik gabe alde egingo duenik, errukia eskatuko balu. (MiG 1-9).

Otoitza

Jesus, zugana joateko gonbita egiten diguzu,
guri, nekatuoi eta larrituoi,
eta apaltasunaren eta bihotz xalotasunaren beharra
erakusten diguzu.

Horregatik eskatzen dizugu…
Irakatsi diezaguzula
zurekin eta ingurukoekin harremanetan jartzen,
sinpletasunez eta umiltasunez...
Erakus diezaguzula zure uztarria onartzen
mundu honetara egokitu ez gaitezen...
Gu Zuri lotuak egotea aihena mahatsondoari bezala
guk Zuri entzunez eta Zuk gu gidatzen utziz.
Zurekin topo egiten jakin dezagula
gure ezinegonak elkarrekin partekatzeko,
kezkak, etsipenak, larritasunak, ikarak, beldurrak
eta baita gure pozak, itxaropenak eta desira onak ere.
Eman diezazkiguzula umiltasuna eta beharrezko bihotz-soiltasuna
zure maitasunaz eta konfiantzaz gu betetzen jakin dezagun.
Eralda dezazula gure bihotz berekoi eta uzkurra
bihotz zabal eta esker onekoan.

 

Gutuneko azken hitzak

"Ez diezazula nekeak axola, zure indarra zure maitasunaren tamainakoa izango baita" (anonimoa)

2021ko maiatzeko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate maiatzeko erreferentzia guztiak:

1 Jn 14,7-14 / 2. Jn 15,1-8 / 3 Jn 14,6-14 / 4 Jn 14,27-31a / 5 Jn 15,1-8 / 6 Jn 15,9-11 / 7 Jn 15,12-17 / 8 Jn 15,18-21 / 9 Jn 15,9-17 / 10 Jn 15,26-16,4a / 11 Jn 16,5-11 / 12. Jn 16,12-15 / 13 Jn 16,16-20 / 14 Jn 15,9-17 / 15 Jn 16,23b-28 / 16 Mk 16,15-20 / 17 Jn 16,29-33 / 18 Jn 17,1-11a / 19 Jn 17,11b-19 / 20 Jn 17,20-26 / 21 Jn 21,15-19 / 22 Jn 21,20-25 / 23 Jn 20,19-23 / 24 Jn 19,25-34 / 25 Mk 10,28-31 / 26. Mk 10,32-45 / 27. Mk 14,12a.22-25 / 28. Mk 11,11-26 / 29. Mk 11,27-33 / 30. Mt 28,16-20 / 31. Lk 1,39-56 /

Apirileko otoitza hilaren 27an izango da.