Asisko gutuna
2025ko urria
4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi
204. zenbakia
Download Asisko Gutuna 204
Asis Sarea eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare sozial irekia da.
Zorte handia da beste pertsona bati begirada sakon batez begiratu ahal izatea. Altxorrez betetako amildegi ezkutuak irekitzen zaizkigu, itxuraz ezer berririk ez zegoen lekuetan.
Gogoetarako gaia
Begirada sakona
Pertsonei begiratzeko gure moduak eskema sozial, profesional, akademiko, ideologiko eta abarrek baldintzatzen dituzte. Bestearengan ikusten duguna, gehienetan begiradan jartzen dugun iragazkiaren araberakoa da. Bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen dugu. Baina noizean behin, sumatzen dut anaiarengan, lagunarengan nik ikusten dudana baino gehiago dagoela, berarengan sumatzen dudana baino gehiago dela.
Noizean behin, bestearengan dimentsio berriak atzematen ditugu. Inoiz egin ez ditugun galderen emaitza izan daiteke: bizi duen guzti horretan zerk pozten ote du? Edo zerk tristatzen? Zein izan ote da bere bizitzako unerik betegarriena? Aitortu gabeko beldurrak, irrikak, ia inoiz adierazi gabeko ametsak, erdi ahaztutako haurtzaroa, izan dituen pertsonarik maitagarrienak... Pertsonari ohikotik harago begiratzeko ariketa egiten dugunean, mundu ezezagun baina errealetara iristen gara.
Horretarako, nolabaiteko enpatia garatu behar dugu, beste pertsonarengan bere erreakzioetan, keinuetan, esandako edo erdi-esandako hitzetan agertzen den misteriora hurbildu. Anaikortasuna betikoan eror daiteke, aurreiritziek markatutako harremanetan eta asperdurak kaltzifikatutako moduetan. Baina anaikortasuna beti harrigarriak diren beste pertsona batzuekin topatzearen berrikuntza ere izan daiteke; itxuraz ezer berririk erakusten ez badute ere.
Eta sakon begiratze horrek senide bihurtzen nau, besteekin anaiago, neure baitan sakonera ezezagunak hautematen baititut. Jainkoak begirada sakon batez begiratzen gaitu, guk pentsa genezakeena baino gehiago. Eta garen horretan hartzen gaitu, gure egian.
Biblia pasartea: Flm 9-16
Nik, Paulok, jadanik zahartua eta orain, gainera, Kristo Jesusengatik kartzelan nagoen honek, mesede bat eskatu nahi dizut kartzelan sortu dudan nire seme Onesimorentzat. Hau, lehen, ez zenuen on ezertarako; orain, ordea, on bihurtu da, bai zuretzat eta bai niretzat. Berriro bidaltzen dizut bera, ene bihotz-bihotzeko dudan hau. Neurekin eduki nahi nuen, zure ordez zerbitzari izan nezan, berri ona hots egiteagatik kartzelan nagoelarik. Hala ere, ez dut zure baimenik gabe ezer egin nahi izan, mesede hori gogoz egin dezazun eta ez behartuta. Agian, horretarako alde egin zizun apur batez, gero betiko har zenezan, eta ez esklabo bezala, esklabo baino zerbait gehiago, anaia maite bezala baizik. Maite-maitea da niretzat, eta zenbatez maiteago ez ote da izango zuretzat, bai gizon eta bai fededun den aldetik!
Frantziskotar espiritualtasuna
Behin, Asis hiriaren oinetan hedatzen den lautadan zehar zaldiz zihoala legendun batekin egin zuen topo ustekabean. Bat-bateko topaketak izu-dardara sakona eragin zion. Baina jada hartua zuen perfekzio-asmora itzuliz eta gogorra ekarriz bere burua garaitu behar zuela lehenik, Kristoren zaldun izan nahi bazuen, zalditik jaitsi eta legendunari musu ematera joan zen lasterka. Legendunak limosna hartzeko eskua luzatu zionean, limosnarekin batera musua zuen. Frantzisko zaldira igo zen berriro eta, alde guztietara begiraturik, ez zuen inondik inora legenduna ikusi, inguru guztia garbi ageri zen arren.
Egun hartatik hasita, pobretasun espirituaz, apaltasun zentzuaz eta jainkozaletasun sakonaz bete zen. Lehen, legendunekin tratua izateak ez ezik, haiek urrundik ikusteak berak ere izu ikaragarriz betetzen zuen; orain berriz, Kristo gurutziltzatuagatik –legendun bezala mespretxagarri azaldu baitzen— legendunei on egiten zien errukitsu. Haien etxeak sarri bisitatzen zituen, limosna oparoak ematen eta maitasun eta erruki handiz eskuetan musu ematen zien.
(LeLu 1,5-6)
Otoitza
Behar zaituztenengan
begirada presarik gabe pausatzeko
Zure gaitasuna ikasi nahi dut.
Eguneroko topaketak bakarrak egiteko gaitasuna jaso nahi dut.
Zugandik mugarik gabeko eskuzabaltasuna ikasi nahi dut,
esperotako guztia gainditzen duena,
ondasunez eta bedeinkazioz betetzen zaituena.
Zugandik exijitu gabe eskatzen ikasi nahi dut,
ulertzen duzulako
bakoitzak duena eta ahal duena ematen duela une bakoitzean.
Hori aski duzu Jesus, oso gutxi bada ere,
oso apurtua egon arren,
bedeinkatu eta ugaldu egiten duzu.
Eta Zuk bezala bilatu nahi ditut
Aitarekin topo egingo dudan
bakardade uneak.
Orekatzen eta eusten nauten une horiek.
Dena Beragandik datorrela aitortzen laguntzen didatenak.
Eskerrak emanez biziarazten nautenak.
(Almudena Egea)
Gutuneko azken hitzak
Beste pertsona bati begietara begiratzen diozunean, edonori, eta zure arima islatuta ikusten duzunean, konturatuko zara beste kontzientzia-maila batera iritsi zarela (Brian Weiss, psikiatra estatubatuarra)
2025ko urriko eguneroko Ebanjelioa
Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:
1. Lk 9,57-62 / 2. Mt 18,1-5.10 / 3. Lk 10,13-16 / 4. Lk 10,17-24 / 5. Lk 17,5-10 / 6. Lk 10,25-37 / 7. Lk 10,38-42 / 8. Lk 11,1-4 / 9. Lk 11,5-13 / 10. Lk 11,15-26 / 11. Lk 11,27-28 / 12. Lk 17,11-19 / 13. Lk 11,29-32 / 14. Lk 11,37-41 / 15. Mt 11,25-30 / 16. Lk 11,47-54 / 17. Lk 12,1-7 / 18. Lk 10,1-9 / 19. Lk 18,1-8 / 20. Lk 12,13-21 / 21. Lk 12,35-38 / 22. Lk 12,39-48 / 23. Lk 12,49-53 / 24. Lk 12,54-59 / 25. Lk 13,1-9 / 26. Lk 18,9-14 / 27. Lk 13,10-17 / 28. Lk 6,12-19 / 29. Lk 13,22-30 / 30. Lk 13,31-35 / 31. Lk 14,1-6