Hautatu hizkuntza

Asisko gutuna


2025ko otsaila

4. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

196. zenbakia

Download Asisko Gutuna 196

Asis Sarea eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare sozial irekia da.

Gure hauskortasunak egiten du elkartea behar izatea. Elkartzearen beharra ez da inoiz indartsuena, behartsuena baizik. Eta Jainkoa haien artean.

Gogoetarako gaia


Indartsu egiten gaituen hauskortasuna

Konturatu gabe, komunitate baten, familia baten, adiskide-talde baten sendotasuna elkartea osatzen duten pertsona bakoitzaren sendotasunarekin lotzen dugu. Familia sendoa izango litzateke gurasoek segurtasuna ematen dutenean, edo seme-alabak osasuntsuak, adimentsuak, langileak... direnean. Komunitate bat sendoa izango da kide bakoitzak taxuzko neurria ematen duenean. Hala ere, errealitateak adierazten duena ez dator guztiz bat logika horrekin, ezta urrutitik ere. Elkarte batzuek, kideak indartsuak, osasuntsuak eta adimentsuak izanik, ez dute elkartasuna bizi, baizik eta, hain zuzen ere, indartsuak, osasuntsuak eta adimentsuak izateagatik, elkartasun ahula dute, pertsona bakoitza bere kasa doa, interesen lehia dago, eta indibidualismoa nagusitzen da. Eta, aldiz, pertsona hauskor, ahul eta batere distirarik gabeak komunitate sendo, abegikor eta ireki bat enpastatzeko gai dira.

Agian gure beharrek, gure dimentsio pobreenek eramango gaituzte, hain zuzen ere, behar dugun horretan babestuko eta sostengatuko gaituzten senideen laguntza bilatzera. Pobrea eta ahula naizen horrek, horretaz ohartuta, laguntza jasotzen uzten dit. Eta, hain zuzen ere, horrek ahalbidetzen du anaia, arreba, bere zaurgarritasunean, bere premian ikustea, eta nik ere, bere hauskortasunean, bera lagundu ahal izatea. Eta hori guztia ez da gure egoeraz kexatu eta etsipenaren bidetik gu eramaten uzteko, senideago sentituz laguntzeko baizik. Elkartasuna indartu egiten da gure pobretasun horregatik. Elkartea den gorputz horren oinarria txiki eta hauskorrak izatean dago, norberarena eta anai-arreba bakoitzarena, gu guztiona.

Eta Jainkoa pobre eta behartsuen arteko elkartzearen atzean: "Zorionekoak behartsuak..."

Biblia pasartea: 2Kor 12,7-10


Neure burua den baino handiagotzat jo ez dezadan, oinaze bat emana izan zait, haragian sartutako eztena bailitzan, harro ez nadin jo eta jo ari zaidan Satanasen ordezkaria. Hiru aldiz eskatu diot Jaunari, ken dezala hori niregandik, baina berak esan dit: «Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean». Gustura harrotuko naiz, beraz, neure ahuleziaz, Kristoren indarra niregan ager dadin.

Horregatik, pozik nabil Kristorengatik jasaten ditudan ahulezia, laido, beharrizan, erasoaldi eta estualdietan. Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Frantziskotar espiritualtasuna


Anaiek ez bezate ezer berentzat har, ez etxe, ez bizileku, ez besterik ezer. Eta mundu honetan erromes eta arrotz bezala, Jauna pobretasun eta apaltasunean zerbitzatuz, bihoaz konfiantzaz limosna eske. Eta ez dute zertan lotsaturik, Jauna guregatik behartsu egin baitzen mundu honetan.

Eta anaiak edonon daudelarik edo elkarrekin tipo egiten dutelarik, trata bezate elkar etxeko bezala. Eta konfiantzaz ager biezazkio batak besteari bere premiak; izan ere, amak bere haragizko haurra hazten badu eta maitatzen, zenbatez maitekiroago ez ote du maite eta hazi beharko bakoitzak bere anaia espirituala?

Eta anaiaren bat gaixo eror baledi, gainerako anaiek zaindu behar dute beraiek zainduak izatea nahiko liketen bezalaxe. (2Er 6,1-3.7-9)

Otoitza


Zure aurrean ibiliko naiz beti
bizitzaren bidetik.
Emango dizut, Jauna, nire bizitza, egizu emankor.
Nire borondatea ematen dizut, zurearen berdina egin ezazu.
Oinez joango naiz oinutsik,
nire altxorra zarela jakitearen
gozamen bakarrarekin.

Hartu nire eskuak, egin atseginak
Hartu nire bihotza, egizu bero.
Hartu nire oinak, nekaezinak izan daitezela.
Hartu nire begiak, egitzazu gardenak.
Hartu nire ordu grisak, egitzazu berri. [...]

Hartu nire nekeak, egitzazu zureak.
Hartu nire bidezidorrak, egin zure bidea.
Hartu nire gezurrak, egitzazu egia.
Hartu nire heriotzak, egitzazu bizi.

Hartu nire pobrezia, egizu zurea den aberastasuna.
Hartu nire obedientzia, egizu zure poza.
Hartu nire ezereza, egizu nahi duzuna.

Tori nire familia, egizu zurea.
Hartu nire bekatuak.
Hartu nire maitasun faltak,
nire betiko omisioak,
nire desilusio iraunkorrak, nire mingostasun orduak.

Zatoz nirekin, Jauna;
hurbil zaitez nire urratsetara.
Egin nazazu berri emateko orduan,
poztu nadila ematean
poz betea bizia ematean,
zure zerbitzuan gastatzean.

Amen.

Gutuneko azken hitzak


Maitatua izango zara zuk zure ahultasuna erakutsi eta besteak egoera hau bere indarra baieztatzeko erabiltzen ez duen egunean. Cesare Pavese (1908-1950) italiar poeta eta eleberrigile.

2025ko otsaileko eguneroko Ebanjelioa


Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:

1. Mk 4,35-41 / 2. Lk 2, 22-40 / 3. Mk 5,1-20 / 4. Mk 5,21-43 / 5. Mk 6,1-6 / 6. Mk 6, 7-13 / 7. Mk 6,14-29 / 8. Mk 6, 30-34 / 9. Lk 5,1-11 / 10. Mk 6, 53-56 / 11. Mk 7, 1-13 / 12. Mk 7, 14 23 / 13. Mk 7, 24-30 / 14. Lk 10,1-9 / 15. Mk 8, 1-10 / 16. Lk 6,17.20-2 / 17. Mk 8, 11-13 / 18. Mk 8,14-21 / 19. Mk 8,22-26 / 20. Mk 8,27-33 / 21. Mk 8,34-9,1 / 22. Mt 16,13-19 / 23. Lk 6,27-38 / 24. Mk 9,14-29 / 25. Mk 9,30-37 / 26. Mk 9,38-40 / 27. Mk 9,41-50 / 28. Mk 10,1-12
Otsaileko otoitza hilaren 27ean izango da

Hilabete honetako gutunaren Iradokizunak