Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2022ko abuztua  166. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Txikitatik hezten gaituzte geure kabuz bizimodua aurrera atera dezagun. Bizimodua aurrera ateratze hori lotuta dago garai bakoitzean baloratzen denarekin: eraginkortasuna eta produktibitatea, gure kulturan. Baina buru-argiak izan behar dugu gu garena eta guk egiten dugunaren zergatia eta zertarako den jakiteko.

Gogoetarako gaia

Burua argia

Egitea lehenesten den testuinguru batean murgilduta gaude, produktibitatea eta eraginkortasuna maila handian baloratzen diren testuinguru batean. Izan ere, bizitzak mugimendua, ekintza eta etengabeko eraldaketa suposatzen du; beti izan da horrela. Hala ere, gure garai hauetan, aurrerapen zientifiko eta baliabide teknologiko guztiei esker, inoiz baino gehiago hobetu nahi da “zer” eta “nola” egite horretan. Arreta hori bizitzako ia esparru guztietara zabaldu dugu: lanean, harremanetan, erantzukizunetan...

Baina badira gure bizitza gizatiarragoa eta Jainkoaren ekintzara irekia izateko funtsezko alderdiak, ia oharkabean geratzen zaizkigunak. Dimentsio horietako bat egiten den guztia nondik eta norentzat egiten den zaintzea eskatzen digu. Hau da, argitasun punttua izan behar dut egiten dudan guztian zerk mugitzen nauen jakiteko eta norengatik edo norentzat egiten dudan ohartarazteko. Ez da berdin egiten dudanaren motibazioa eta azken hartzailea zein diren jakinda ala ez jakinda lan egitea. Izan ere, gutxieneko argitasun hori ez badut, nire ahaleginen fruitua nire giza ikusmiratik kanpo dago, eta ez dut ikusiko bizitzan egiten ari naizenarekin asmatzen edo erratzen ari ote naizen.

Aldiz, baldin badakit bizitzan zerk mugi arazten nauen, norengatik eta norentzat bizi naizen, egin beharrekoak eta egiteko moduak aldatuko egingo dira; ekoizpen eta efikazia hutsa baino zerbait sakonago eta egiazkoago baterantz modulatuko dira. Ez naiz itsu ibiliko norentzat eta zergatik bizi naizen eta egiten dudan jakin gabe. Kasu bakoitzean behar diren egiazko erantzunak bereizteko argitasun punttu horrek apaltasun handia eskatzen du. Bilaketa eta ahalegina eskatzen badizkit ere, gehiago da jasotzen dudan dohaina eta argia nire borondate hutsaren fruitu baino; gehiago da jakinduria trebetasuna baino. Espirituaren dohaina da.

Bibliako pasartea: Flp 3,7-12

Baina baliotsutzat nituen gauza guztiok, baliogabetzat jo nituen Kristorengatik. Eta are gehiago, nire ustetan deusek ere ez du ezer balio Kristo Jesus ene Jauna ezagutzearen dohain paregabearen aldean. Kristorengatik dena galdu dut eta dena zaborraren pareko jotzen dut, hura irabaztearren eta harekin bat eginik bizitzearren. Ez dut neurez salbatu nahi, legea betetzetik datorren salbamenaz, alegia, Kristorengan sinestetik datorrenaz baizik, Jainkoak sinesmenaren bidez ematen didan salbamenaz , alegia. Kristo nahi dut ezagutu, neuregan haren piztueraren indarra nahi dut sumatu eta haren oinazeetan partaide izan, haren heriotza neuregan berrituz, horrela nik ere hildakoen piztueran parte izango dudan itxaropenez. Ez dut esan nahi hori lortu dudanik edota helmugara heldu naizenik; baina lehia bizian ari naiz ea eskuratzen dudan, Kristo Jesusek ni neu beretzat eskuratu ninduenez gero.

Frantziskotar espiritualtasuna

Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege. Asko dira otoitz eta deboziozko ariketak etengabe eta barauak nahiz gorputzeko mortifikazioak ugari egiten dituztenak, baina beren buruarentzat iraingarri iruditzen zaien hitz erdi bat esaten edo edozer gauza kentzen zaien orduko, berehala asaldatzen eta amorratzen direnak. Horrelakoak ez dira bihotzez behartsu, zeren benetan bihotzez behartsu denak bere burua gorrotatzen du eta masailan jotzen dutenak maitatzen.

Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko. Hauek dira benetan bakegile: mundu honetan jasanak jasan, Jesu Kristo gure Jaunaren maitasunagatik goputz-arimetan bakea gordetzen dutenak. (Ahol 14-15)

Otoitza

Jauna, adorea eta argitasuna eskatzen dizkizut nire zailtasun guztiei aurre egiteko,
ez utzi nire adorea hori ahultzen.
Zu zara nire gotorlekua eta nire harkaitz sendoa,
nire ezkutu babeslea zoritxarraren aurrean.
Ez gaitezen inoiz nahastuta geratu
gure fedea eta itxaropena Zuregan jartzen ditugunok...

Lagun iezadazu nire onena ematen,
zure maitasunaren ontasun eta garbitasunari osoki men egiten.
Babesten eta eusten nauen zure Hitza izan dadila nire ardatz
agertzen den oztopo eta zailtasun oro gainditzeko.
Lagun iezadazu nire izatearen sakontasuna arakatzen,
neure burua sakon aztertzen
eta nigan erein dituzun talentu horiek guztiak aurkitzen,
nire zeregin guztietan arrakasta eta zoriona lortzeko.

Amen

Gutuneko azken hitzak

Bizitzeko zergatia duenak "nola" guztiei egin diezaieke aurre. Friedrich Nietzsche (filosofoa)

2022ko abuztuko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:

1 Mt 14, 13-21  / 2 Mt 14, 22-36 / 3 Mt 15, 21-28  / 4 Mt 16,13-23  / 5 Mt 16, 24-28  / 6 Lk 9, 28b-36  / 7 Lk 12, 32-48 / 8 Mt 17,22-27  / 9 Mt 25, 1-13  / 10 Jn 12, 24-26  / 11 Mt 18, 21-19,1 / 12 Mt 19, 3-12  / 13 Mt 19, 13-15  / 14 Lk 12, 49-53  / 15 Lk 1,39-56  / 16 Mt 19, 23-30  / 17 Mt 20,1-16  / 18 Mt 22,1-14  / 19 Mt 22,34-40  / 20 Mt 23,1-12  / 21 Lk 13, 23-30  / 22 Mt 23,13-22  / 23 Mt 23,23-26  / 24 Jn 1, 45-51  / 25 Mt 24,42-51  / 26 Mt 25, 1-13  / 27 Mt 25, 14-30  / 28 Lk 14, 1.7-14  / 29 Mk 6, 17-29  / 30 Lk 4,31-37  / 31 Lk 4, 38-44

Ekaineko otoitza hilaren 25ean izango da.