Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2022ko ekaina  164. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Elkarteak, familiak, komunitateak ez ditu beti betetzen norberak bertan jarritako itxaropenak. Eta bakardade puntu bat agertzen da, elkartean egin dudan nire historiaren zati bat markatzen duena.

Gogoetarako gaia

Beste gabeko itxaropenak

Hainbat etapa gertatzen dira elkarte-, familia- eta adiskidetasun-harremanaren bizipenean. Une batzuetan, nolabaiteko mina, atsekabea, asegabetasuna... dakarren bakardade-puntu bat ere agertzen da. Zirkunstantzia askotan sortzen da bakardade hori bizikidetzaren erdian: ia beti besteek baino gehiago jartzea niri dagokidanaren irudipena nagusitzen zaidanean, edo ingurukoek nireganako interesik ez dutela uste dudanean, edo ni hunkitzen nauten gauzek besteei bost axola diela sentitzean...

Momentu bakarrekoa bakarrik izan daitezke. Baina, era berean, elkarteak, familiak, komunitateak nik imajinatu, desiratu, bilatu nuena ez duela betetzen eta ez duela beteko adierazten duten seinaleak izan daitezke. Bilatzen ez den bakardade sentimendu hori sortzen da, deseroso sentiarazten nauen eta mingarri zaidan bakardade hori. Ez da erraza sortutako egoeraren erantzukizunen banaketan asmatzea. Agian nik neuk itxaropen handiegiak jarri nituen anaitasunean; edo besteak dira nire arreta behar horretaz ohartzen ez direnak, edo agian biak dira.

Bakardade-egoera horietan nondik nora jo behar dugun ikusteko lagunduko liguketen hiru jarrera daude. Lehena besteei komunikatzea bizi dudan bakardadeaz, maitatua eta onartua izateko dudan premiaz, horretan ditudan frustrazio txiki edo handiez. Bigarren jarrera nire espektatibak elkarteak benetan eman dezakeenera egokitzen asmatzea, nire bakardade-kupoa onartuz. Eta hirugarren jarrera begiratzea ez ote zaien besteei antzeko zerbait gertatzen nirekiko, ez ote naizen ni ere nire anai-arrebei itxaropenak zapuztu dizkien norbait.

Elkartean baimena ematen ikasten dugu desiratzeko, irrikatzeko, amets egiteko eta besteek eskain diezaguketen aberastasunaren zain egoteko. Baina nire desira eskakizun bihurtu gabe, irrika betebehar edo erantzuna baldintza.

Biblia pasartea: 2Tim 4,9-17

Zatozkit lehenbailehen, Demasek utzi egin bainau: nahiago izan ditu mundu honetako gauzak, eta Tesalonikara joan da; Kreszente, berriz, Galaziara joan da eta Tito Dalmaziara. Lukas bakarrik dago nirekin. Har ezazu Markos eta ekarri zeurekin, lanerako oso ona baitut. Alexandro errementariak kalte handia egin dit; Jaunak ordainduko dio bere jokabidearen arabera. Kontu izan zuk ere horrekin, gogor jarri baitzen gure irakatsien kontra. Nire auziko lehenengo defentsan ez zen inor atera nire alde; bakarrik utzi ninduten denek; Jainkoak ez diezaiela kontuan har. Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten.

Frantziskotar espiritualtasuna

Behin, bere lagunari esan zion: «Ez nuke anaia txikitzat joko neure burua, esango dizudan jarrera izango ez banu. Hara, anaien nagusia naiz eta kapitulura noa, predikua egiten dut eta aholkuak ematen dizkiet; bukatzean, nire kontra ateratzen dira esanez: `Ez zara on guretzat, ezjakina baitzara, hitz motela, ergela eta sinplea'. Azkenik, lotsagarriro botatzen naute, denen irainen artean. Bada, hauxe diotsut: irain hauek guztiak aurpegiera beraz, barne alaitasunez eta santutasun-gogo beraz entzungo ez banitu, ez nintzateke inola ere anaia txikia izango». Eta gaineratu zuen: «Nagusitzan, erorketa arriskua dago; gorespenean, amildegia; mendekoaren apaltasunean, berriz, arimarentzat irabazia. Zergatik, bada, irabazien ordez arriskuak bilatu?»

Arrazoi honexegatik, hain zuzen ere, apaltasun-eredu zen Frantziskok bere anaiak "txikiak" deitzea nahi izan zuen, eta bere Ordenako nagusiak "ministro" (zerbitzari), Ebanjelioak dioen bezala: Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi morroi (Mt 20,26-27). (LeLu 6,5).

Otoitza

Jesus Jauna: ni gogaitua kreaturen tratuaz eta komunikazioaz,
mundu honetako gauza guztiez nekatuta,
denaz desengainatua, neure buruaz nahigabetua
eta giza kontsolamendurik gabe,
Zugana nator, nire Jainkoarengana,
nire Aita maitagarria eta nire kontsolamendu bakarra,
behar dudan guztia Zugan aurkituko dugulakoan.
niretzat aringarri eta aldi baterako eta betiko zorioneko.

Har nazazue eta beti zaindua eduki.
zuen babes eta itzalpean,
eta hala egingo duzuelakoan,
zuen oinetara makurtuta,
maite zaitut ahal dudan maitasun eta begirune guztiaz
eta nire aita bakarrari eta benetakoari diodan konfiantzarekin.

Zuen izatearen infinituaren gorentasunetik,
begira nire txikitasuna,
gogoan izan nik dudan izate zugandik jaso dudala.
eta zurea da nirea baino gehiago.

Sor Ángeles Sorazu
Frantziskotar sorkundetarra

Gutuneko azken hitzak

Inoiz espero duzun irribarrea ematen ez badizute, izan eskuzabala eta eman zurea. Inork ez duelako hainbesteko irribarre beharrik, besteei irribarre egiten ez dakienak baino. (Dalai Lama)

2022ko ekaineko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:

1. Mt 5, 13-19 / 2. Jn 17,20-26 / 3. Jn 21,15-19 / 4. Jn 21,20-25 / 5. Jn 20,19-23 / 6. Mt 5,1-12 / 7. Mt 5,13-16 / 8. Mt 5,17-19 / 9 Jn 17,1-2.9.14-26 / 10. Mt 5, 27-32 / 11. Mt 10, 7-13 / 12. Jn 16,12-15 / 13. Mt 5,38-42 / 14. Mt 5, 43-48 / 15. Mt 6,1-6.16-18 / 16. Mt 6, 7-15 / 17. Mt 6, 19-23 / 18. Mt 6, 24-34 / 19. Lk 9, 11-17 / 20. Mt 7,1-5 / 21. Mt 7, 6.12-14 / 22. Mt 7,15-20 / 23. Mt 7,21-29 / 24. Lk 15,3-7 / 25. Lk 2,41-51 / 26. Lk 9, 51-62 / 27. Mt 8, 18-22 / 28. Mt 8, 23-27 / 29. Mt 16, 13-19 / 30. Mt 9, 1-8

Ekaineko otoitza hilaren 30ean izango da.