Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2022ko urtarrila  159. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Batzuentzat elkartasuna sentiberatasun hutsa da eta beste batzuentzat muntaia politiko eta ekonomikoa. Baina, elkartasunak lotura lortzen du erakunde eta eraginkortasunaren eta hurbiltasun eta errukiaren artean.

Gogoetarako gaia

Bihotz handiko istorioa

Elkartasunaren mundua oso konplexua bihurtu da. Aspalditik dakigu ez dela nahikoa limosna bat ematea. Gure gizartean bizi dugun premien eremua izugarria da, eta pobrezia-motak kontaezinak. Horregatik, elkartasunak hainbat forma hartzen du. Horren aurrean, bi alderdi garrantzitsu zaindu beharko ditugu, gure dimentsio solidarioa ahalik eta gizatiarrena izan dadin. Beharren konplexutasuna dela eta, kasu bakoitzean behar den hurbiltasun- eta laguntza-modurik onena asmatzen saiatu beharko da.

Alde batetik, zerbitzu solidarioak antolaketa, prestakuntza eta gaitasuna behar ditu. Erakunde asko daude, elizakoak izan ala ez, zeregin horietara zuzenduta, eta baliabideak eta pertsonak inbertitzen dituztenak horretan. Solidarioak izateko modu bat haiekin ekonomikoki elkarlanean aritzea izango da, edo boluntario izatea, edo haien zerbitzuen berri ematea. Hain garrantzitsua den laguntza-modu horrek eraginkortasuna eta baliabideen kudeaketa egokia eskatzen ditu. Solidarioa izateko ez da nahikoa borondate oneko izatea bakarrik; kasu bakoitzean laguntza modurik eraginkorrenean asmatzea ere jakin behar da.

Elkartasunak beste alderdi bat ere badu aurrekoa bezain garrantzitsua: beharrean dauden pertsonekiko harremana. Dimentsio pertsonalagoa da, arriskutsuagoa, aurrez aurreko harremana. Jada ez da eraginkortasuna hainbeste bilatzen, hurbiltasuna baizik, alderik gizatiarrena. Horrek gure gauzei eta garaiei ez ezik, gure bihotzari ere eragiten dio pertsonekiko tratuan. Horrela, gure elkartasunari kalitatea ematen diogu, ez zerbitzuaren eraginkortasunagatik, gizatasunez egiten dugulako baizik. Hau guztion eskura dago, denok ezagutzen baitugu laguntza behar duten pertsonak, eta guk eman diezaiekegu: denbora, arreta, zaintza, konpainia, entzun.…

Bi elkartasun-moduak elkarren osagarri dira. Askotan ezin izango da solidarioa izan bi dimentsioetan proportzio berean, baina biak kontuan hartu eta zaindu beharko dira.

Biblia pasartea: 2Kor 9,6-9

Izan kontuan urri ereiten duenak urri biltzen duela, eta oparo ereiten duenak bildu ere oparo biltzen. Eman beza bakoitzak bere kontzientzian erabaki duena, baina ez gogo txarrez eta behartuta bezala, alai ematen duena maite baitu Jainkoak. Eta ahaltsua da Jainkoa, era guztietako dohainak zuei oparo emateko, zeuentzat denetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako sobera izan dezazuen, Liburu Santuak dioen bezala: Esku betean ematen die behartsuei, haren eskuzabaltasunak betiko dirau.

Frantziskotar espiritualtasuna

Edozer gauza zeukatelarik, liburu nahiz tunika, guztientzat izaten zen. Eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, Apostoluen lehen garaiko Elizan gertatzen zen bezala. Haiek ugari zuten gauza bakarra gehiegizko pobretasuna bazen ere, eskuzabalak ziren beti, eta gogo onez banatzen zituzten beraiei emandako limosnak Jainkoaren maitasunagatik eskatzen zieten guztiekin.

Bidez zihoazela pobreak eskean aurkitzen zituztenean, anaia hauetako batzuek, emateko beste ezer eduki ez eta beren jantzien zatiren bat ematen zieten. Batek txanoa tunikatik banandu eta eskale bati eman zion; beste batek tunikaren besoa ebaki eta eman egin zuen, eta beste batzuek tunikaren beste atalen bat ematen zuten, horrela, Ebanjelioko hura betetzeko: Eskatzen dizun edonori, eman.

Egun batean, behartsu bat etorri zen Portziunkulako Santa Mariara, anaiak bizi ziren lekura, eta limosna eskatu zien. Bazuten han mantu bat, anaia batek artean munduan zegoela erabili zuena. Frantzisko dohatsuak mantua pobreari emateko esan zion, eta anaiak berehala eta gogoz eman zion. Eta iruditu zitzaion, ematean izan zuen begirune eta debozioagatik, limosna hura zeruraino igo zela, eta bat-batean espiritu berri batez beterik sentitu zen. (PA 27-28)

Otoitza

Emateko unearen beldur naiz;
gehiago, ni neu emateko unea.
Segurtasuna galtzen ote dut
koldarra izateari uzten badiot?
Bakearen sekretua,
arimak badaki, hala ere:
partekatzea, maitatzen jakitea
odola eman behar bada ere...

Luis Carlos Flores Mateos, jl.

Gutuneko azken hitzak

Ez dago hurbiltasunik elkartasunik gabe, ez eta elkartasunik ere hurbiltasunik gabe
(Jose Manuel Barroso, Europako Batzordeko lehendakari ohia)

2022ko urtarrileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:

1 Lk 2, 16-21 / 2 Jn 1, 19-28 / 3 Jn 1, 29-34 / 4 Jn 1, 35-42 / 5 Jn 1, 43-51 / 6 Mt 2,1-12 / 7 Mt 4, 12-17.23-25 / 8 Mk 6, 34-44 / 9 Lc 3,15-16.21-22 / 10 Mk 1,14-20 / 11 Mk 1,21-28 / 12Mk 1,29-39 / 13 Mk 1,40-45 / 14 Mk 2,1-12 / 15 Mk 2,13-17 / 16 Jn 2,1-12 / 17 Mk 2,18-22 / 18 Mk 2,23-28 / 19 Mk 3, 1-6 / 20 Mk 3,7-12 / 21 Mk 3,13-19 / 22 Mk 3,20-21 / 23 Lc 1,1-4;4,14-21 / 24 Mk 3, 22-30 / 25 Mk 16,15-18 / 26 Mk 4, 1-20 / 27 Mk 4, 21-25 / 28 Mk 4, 26-34 / 29 Mk 35-41 / 30 Lc 4,21-30 / 31 Mk 5,1-20

Urtarrileko otoitza hilaren 27ean izango da.