Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko azaroa  157. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Oroitzapen batzuk beste garai batzuetako nostalgia hutsak besterik ez dira, egungo errealitate latzetik ihes ahal egiteko. Hala ere, badira bizi dugun maitasunarekiko leialtasunari tinko eusten laguntzen diguten oroitzapenak ere.

Gogoetarako gaia

Gogoratu eta fidatu

Bizitzako ordu larrietan, sufritzea tokatzen denean, a zein desberdina den zergatik, zertarako, norentzat sufritzen ari garen jakitea edo ez jakitea. Lehen kasuan badu zentzurik oinaze-garai horrek. Alderantziz, jatorria, xedea edo norentzat eta norengatik pairatzen ari garena ikusten ez dugunean, larritasunak horizontea ilundu egiten du, ez baita ikusten pairamen horren arrazoia.

Bigarren kasu honetan, beste garai batzuetako antzeko esperientziak bizi izan eta haietatik irten ginela oroitzeak lagundu egiten digu. Aurretik bizi izan dugunak pentsarazten digu hemendik ere irtengo garela, nahiz eta orain ez dugun ikusten nola. Denok ditugu oroitzapenak ekaitzaren ondoren eguzkiak berriro jotzen duela dioen esaldi hura berresten dutenak. Baina, behin baino gehiagotan garai gogorrak bizitzea tokatzen zaigu, non aurretik izandako guztiak balioa galtzen duen eta beste garai batzuetan bizi izandakoaren egia zalantzan jartzen dugun. Ilusio hutsa ez ote zen izan galdetzen da.

Fededuna, historian Jainkoaren presentziarako prest baldin badago, beste fededun batzuen historiaren oroitzapenaz baliatuko da, Jainkoaren salbazioaz. Biblia istorio hauetako oroitzapenen bilduma da. Oroitzapen horrek "nire esperientziatik" aterarazten nau, eta konfiantzarako bidea irekitzen dit, orain bizitzen ari naizenagatik sentitzen dudanetik harago. Gauaren erdian heltzen diodan konfiantzazko ariketa da. Konfiantza horrek babesten dit bihotza ilunaren boteretik. Konfiantza hori Jainkoaren leialtasunean oinarritzen da, ez nire esperientzian.

Eta misteriotsuki, oroitzapen eta konfiantza horiek eraldatu egiten naute eta ahulezian indartsu bihurtzen. Bibliako pasarte batek dioen bezala: "Jainkoa ona da itxaroten eta bilatzen dutenentzat; ona da isilean Jaunaren salbazioaren zain egotea.

Bibliako pasartea: Est 4,17j-17r

Ester erreginak, arrisku larri hartan, Jaunarengana jo zuen babes bila. Bere soineko bikainak erantzirik, dolu-jantzi zarpailak hartu zituen soinean.  Eta otoitz hau egin zion Jaunari, Israelen Jainkoari: «Ene Jauna, gure Erregea, bakarra zara zu! Lagun iezadazu, bakarrik bainago, ez baitut zu beste laguntzailerik arriskuan nagoen une honetan. Txikitandik entzun izan dut gurasoen etxean zuk, Jauna, nazio guztien artean Israel hautatu zenuela, eta arbaso guztien artean gure arbasoak aukeratu zenituela zeure ondare egiteko betiko, eta esandako guztia bete izan duzula beraien alde. Orain, ordea, bekatu egin dugu zure aurka guk, eta etsaien esku utzi gaituzu zuk, beraien idoloak ohoratu ditugulako. Zuzena zara, Jauna! Baina orain, oroit zaitez gutaz, Jauna, eta ager zakizkigu indartsu gure atsekabealdian.

Frantziskotar espiritualtasuna

Hil baino sei hilabete lehenago, begietako gaitzaren tratamendurako Sienan zelarik, bere gorputz osoan gaixotzen hasi zen: urdaila gaixotasun luze batengatik hondatua zuen eta gibelak ere huts egiten zion. Odol asko botatzen zuen eta bazirudien heriotzatik gertu zegoela. Hori jakitean, Elias anaia presaka etorri zen urrutitik Frantziskoren ondora. Eta honek Asisa eramanaraz zezala eskatu zion anai Eliasi.

Bazekien Frantziskok Jainkoaren erreinua lurreko edozein txokotan dagoela ezarria, eta sinesten zuen edonon ematen zaiela grazia Jainkoaren aukeratuei; hala ere, esperientziaz zekien Portziunkulako Andre Maria eliza grazia ugariagoz betea zegoela eta sarriago gertatzen zirela han zeruko espirituen bisitak. Eta hala esaten zien askotan anaiei: «Begira, ene semeok, ez dezazuela sekula toki hau utz. Alde batetik kanpora botatzen bazaituztete, sartu bestetik, toki hau benetan santua baita eta Jainkoaren egoitza. Hemen ugaritu gintuen Goi-goikoak, gutxi batzuk besterik ez ginenean; hemen argitu zituen bere pobreen bihotzak bere jakinduriaren argiz. (1Zel 105-106)

Otoitza

Jauna, zaila da egunero
gogoari eustea eta itxaropena lantzea,
itsasoa beti asaldatuta dagoenean
eta guztia norberaren gain nabaritzen denean. 

Badakit zure presentzia niregan dagoela,
bihotzean bizitzea gustuko duzula
badakizulako hor bakarrik
erein eta lantzen dela Maitasuna.

 Zuk badakizu itxaroten
egun bakoitzak noiz argituko,
zuk ereindako hazia
erne dadin zure nahiaren arabera.
Beti zatoz, beti zaude
eta ez duzu etsitzen iritsi arte.
Isiltasunetik eta eguzki izpi bakoitzarekin
harriak botatzen dituzu nire atean,
leunak eta txikiak,
gardenak nire gelako kristalarentzat
eta atari nire begientzat.

Ez naiz konturatzen
hor zaudela Zu,
eta honako ordu hau dela zure hitzordu berriro
hor nire zain baitzaude pazientziatsu.
Ez dut zure deia bereizten.
Bihar ote?
ala siesta honetan, arrats behera honetan,
gaur gauean ere etorriko ote zara?
Bihotzean bizi zarelako Zu
eta ekaitz oro baretzen duzulako,
gauza bat da egia
ez diozula inoiz etortzeari utziko.

Egunen batean, badakizu,
isiltasunean entzungo dizut,
zure eskuetan zure haziaren fruitua emango dut
zure Aldarearen sakrifizioan
baitago zure fideltasunaren ezaugarria.

Gutuneko azken hitzak

Konfiantza maitatua zarela dakizun harreman baten emaitza da. (William Paul Young, kanadiar idazlea)

2021ko azaroko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate azaroko erreferentzia guztiak:

1. Mt 5,1-12a / 2. Jn 14,1-6 / 3. Lk 14,25-33 / 4. Lk 15,1-10 / 5. Lk 16,1-8 / 6. Lk 16,9-15 / 7. M k 12,38-44 / 8. Lk 17,1-6 / 9. Jn 2,13-22 / 10. Lk 17,11-19 / 11. Lk 17,20-25 / 12. Lk 17,26-37 / 13. Lk 18,1-8 / 14. Mk 13,24-32 / 15. Lk 18,35-43 / 16. Lk 19,1-10 / 17. Lk 19,11-28 / 18. Lk 19,41-44 / 19. Lk 19,45-48 / 20. Lk 20,27-40 / 21. Jn 18,33b-37 / 22. Lk 21,1-4 / 23. Lk 21,5-11 / 24. Lk 21,12-19 / 25. Lk 21,20-28 / 26. Lk 21,29-33 / 27. Lk 21,34-36 / 28. Lk 21,25-28.34-36 / 29. Mt 8,5-11 / 30. Mt 4,18-22

Azaroko otoitza hilaren 25ean izango da.