Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko apirila  150. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Beti gara geure buruarekin harritzeko gai. Ezagutzen duguna baino gehiago gara. Beti dago gehiago deskubritzeko, apaltasunez.

Gogoetarako gaia

Erresistentziak

Zenbat aldiz pentsatu ote dugu bizitzan aurrera egiteko urratsak ematea, eta aldaketarako erresistentziekin topo egin gure baitan. Berrikuntza-asmo horiek bizitzaren edozein esparrutan izan daitezke: bizitza osasuntsuago bat eta Jainkoarengako harremana, elkartasun-ekintzak, desberdinari harrera egitea, nire mugak onartzea, lan-ohiturak aldatzea, etab.

Bizitzan, harremanetan, fedean erosokeritan erortzen eta alfer bihurtzen ari garela ikusita, desinstalatzeko eta aldatzeko konponbideak jartzea erabaki genuen. Borondaterik onena jartzen dugu eta denbora eta ahalegina inbertitzen ditugu. Hala ere, aldi baten ondoren, aldaketa erabaki baino lehenagoko dinamiketara itzultzen gaituen zerbait gehiago dagoela ikusi dugu gure baitan. Ez dugu amore eman nahi, baina dena zegoen bezala uzteko joera uste baino handiagoa da. Esaten dugu: "Boluntarismo hutsa izan da", "Jada ez gaude gauza handietarako", "Nork sartu nau honetan?"... Funtsean, jakin dugu espero baino erresistentzia handiagoak ditugula eta horiek edozein aurrerapen zapuztu dezaketela.

Hala eta guztiz ere, posible eta desiragarria da pentsatutako urratsak ematea eta gure bizitza aldatzen deskubritzea. Horrek adierazi nahi du guregan ez duela erabakitzen alferkeriak eta amore emateak. Egia da badirela oso errotuta dauzkagun ezkutuko erresistentziak gure baitan, ia gure zati direnak; gure borondaterik onena baino barrurago baleude bezala. Eta hala ere, baldintzatzen gaituzten baina erabat determinatzen ez gaituzten erresistentzia horiek baino gehiago garela sumatzen dugu.

Erresistentziarik handienak Jainkoarenganako konfiantza-harremanaren aferetan agertzen dira. Zenbat arrazoi ageriko eta burutsu nire bizitzaren motorra Bera izan ez dadin! Geure burua zuritzen dugu: "Ez gara heroiak", "Ez naiz santua", "Hau besteentzat da", "Ez al da hau harrotasun hutsa izango?...". Apaltasun ekintzarik handiena bere nahiaren aurrean jartzea izango da. Agian gure indarrak urritzean bakarrik iritsiko gara bere presentziaren aurrean agertzeko umiltasunak eskatzen duen heldutasun mailara, erresistentzia handirik gabe.

Ebanjelioko pasartea: Mt 19,16-22

Behin batez, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion: –“Maisu, zer onik egin behar dut, betiko bizia eskuratzeko?” Jesusek erantzun zion: —“Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, gorde aginduak.” —Zein agindu?” galdetu zion. Eta Jesusek: —“Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ohoratu aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Gazteak, orduan: —“Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?” Jesusek erantzun zion: —“Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.” Hitz hauek entzutean, atsekabez alde egin zuen gazteak, ondasun handien jabe baitzen.

Frantziskotar espiritualtasuna

Behin, Anconako Marka eskualdean, santuaren prediku baten ondoren, gizaseme bat etorri zitzaion, Ordenan sartzea apalki eskatuz. Santuak esan zion: jainkoaren pobreekin elkartu nahi baduzu, banatu lehenengo zeure ondasunak munduko behartsuen artean».

Hori entzutean, joan zen gizona eta, haragiaren maitasunak eraginik, ahaideen artean banatu zituen ondasunak, pobreei ezer eman gabe. Santuarengana itzuli eta bere eskuzabaltasun harrigarriaren berri eman zionean, aitak esan zion irribarrez: «Zoaz zeure bidetik, anaia eulia, ez baitzara oraindik etxetik eta ahaideetatik atera. Ondasunak zeure odolekoei eman dizkiezu eta pobreei kendu; ez zara pobre santuekin bizitzeko duin. Haragitik hasi zara eta, beraz, zeure eraikuntza espiritualari oinarri galgarria jarri diozu». Giza irizpide hutsez gidaturiko gizon hark, beretarrengana itzuliz, ondasunak berreskuratu zituen eta, pobreei eman nahi ez zizkienez, laster asko utzi zuen bertan behera bere bertute-asmoa.

Asko dira gaur egun ondasunak banatzeko modu deitoragarri honek engainatzen dituenak: jokaera mundutar horrekin ematen diote hasiera biziera santuari. Baina inork ez dio bere burua Jaunari sagaratzen bere etxekoak aberasteko. baizik eta, errukiaren ordainarekin bere bekatuetatik askatuz, on egiten iraunez betiko bizia lortzeko. (2Zel 81).

Otoitza

Jainko Aita Ona, gida nazazu,
lagun nazazu nire ibilbidean,
Zureganako zoriontasunerantz.
Ez utzi, Jauna.
utz dezadan
hasitako bidea.
Erakutsi itxaropentsu izaten
nahiz eta emaitzarik ez ikusi;
lanean jarraitzen
pazientziaz
porrotak gorabehera.

Bihotzberritze bidean
alde batera utzi behar ditut
ibiltzeko astun eta
nekagarri zaidan guztia.
Baina uste dut, Jauna,
Zuk nire nahiak ezagutzen dituzula
eta ez duzula nire bizitza
antzua izaten utziko.
Maite dudalako sinesten dut eta espero dut
eta maitatua izatea behar dudalako.
Eta nik badakit, Jauna,
Zuk maite nauzula.
Amen.

Huesca-ko Klaratar ahizpak

Gutuneko azken hitzak

"Apaltasunean ematen den ahulezia da ahalmenik handiena" (Hiponako Agustin)

2021ko apirileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate apirileko erreferentzia guztiak:

1 Jn 13,1-15 / 2 Jn 18,1-19,42 / 3 Mt 28,1-10 / 4 Jn 20,1-9 / 5 Mt 28,8-15 / 6 Jn 20,11-18 / 7 Lk 24,13-35 / 8 Lk 24,35-48 / 9 Jn 21,1-14 / 10 Mk 16,9-15 / 11 Jn 20,19-31 / 12 Jn 3,1-8 / 13 Jn 3,5.7-15 / 14 Jn 3,16-21 / 15 Jn 3,31-36 / 16 Jn 6,1-15 / 17 Jn 6,16-21 / 18 Lk 24,35-48 / 19 Jn 6,22-29 / 20 Jn 6,30-35 / 21 Jn 6,35-40 / 22 Jn 6,44-51 / 23 Jn 6,52-59 / 24 Jn 6,60-69 / 25 Jn 10,11-18 / 26 Mt 5,13-16 / 27 Jn 10,22-30 / 28 Jn 12,44-50 / 29 Mt 11,25-30 / 30 Jn 14,1-6 /

Apirileko otoitza hilaren 29an izango da.