Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko urtarrila  147. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Barrutik aldatzen garenean, kanpokoarekiko, munduarekiko eta besteekiko dugun harremana ere aldatzen hasten da. Eta gertatzen da, baita ere, besteengana irekitzen garenean, batez ere behartsuenei, barrua aldatzen hasten zaigula.

Gogoetarako gaia

Pobreek eraldatzen gaituzte

Elkartasunera bultzatzen gaituzten arrazoi asko egon daitezke: pertsonen errealitate mingarria ikusi izana, behartsuen baten laguntza-eskaera, munduan dudan lekuari buruzko hausnarketa. Arrazoi batzuk gure barnetik sortzen zaizkigu, eta beste batzuetan, berriz, kanpoko errealitateak eskatzen digu mugitzea. Edozein kasutan, gugandik besteenganantz, batez ere behartsuenenganantz, irteteko urratsa eman ondoren, ondorioetako bat da gu gertatzen garela aldatuak, eraldatuak.

Eraldaketa hori hainbat eremutan gertatzen da. Errealitateaz eta munduaz daukagun ikuspegia aldatzen dugu. Mundua uste genuena baino konplexuagoa eta anitzagoa da. Gure gizartean nagusi diren eta konturatu gabe baliatzen ditugun bidegabekeriak hautematen hasten gara. Badira mekanismo gaiztoak pertsonak bizitza ankerrera kondenatzen dituztenak...

Behartsu bakoitzean dagoen pertsona ere deskubritzen da: bere premien mundua, hain bizitza hauskorrera eraman duten baldintzapenak... Pobrea izateak ez du esan nahi duintasunik gabea izatea, ez eta ona ala gaiztoa izatea automatikoki.
Pobreekiko harremanak argi egiten digu geure buruaz. Gizateria honetan dugun leku pribilegiatuaz gehiago ohartzen gara, ditugun aukerez, nahiz eta ez jabetu orain arte. Bizitzan mugitzen gaituzten errealitateei benetako balioa ikusten ere laguntzen digu; balio gutxikoei garrantzia ematen genien eta balio handikoak ez ikusten.

Eta, batez ere, Jesusen Ebanjelioaren gako batzuetara hurbiltzen gaitu bereziki: Jainkoak txikiak dituela kutunenak. Hurbilketa hori ez da batere teorikoa edo ideologikoa izango, esperientziazkoa baizik. Ebanjelioa izango da benetan.

Hori bai, horrek guztiak barrutik eta kanpotik eraldatuko gaitu, arriskatzera ausartzen bagara. Ez dago pertsona behartsuak bezalakorik, eta haienganako gure irekitasuna, gure bizitza alda dadin..

Ebanjelioko pasartea: Mk 7,24-30

Handik, Tiro aldera joan zen Jesus. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon. Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zuenekoxe, etorri eta oinetan ahuspeztu zitzaion. Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta bere alabagandik deabrua bota zezala eskatzen zion Jesusi. Jesusek erantzun: –Utzi lehenik seme-alabak asetzen; ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea. Emakumeak erantzun zion: –Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian. Orduan, Jesusek: –Ederra erantzuna! Zoaz, bada; atera da deabrua zure alabagandik. Itzuli zen etxera eta ohean etzana aurkitu zuen alaba; alde egina zen deabrua.

Frantziskotar espiritualtasuna

Nork adieraz dezake gizon honek behartsuei zien gupida? Berezko bihozberatasuna zuen benetan, , eta materialki lagundu ezin zienean maitasuna eskaintzen zien. Edozein gabezia edo premia norbaitengan ikustean, barne gogoeta bizkorrez Kristorengana bideratzen zuen. Edozein behartsurengan Kristo ikusten zuen. Eta horrela, inbidia oro beregandik uxatu zuenak, inbidia bakar bat ezin izan zuen gainditu, pobretasunarena. Bera baino pobreagoaren bat ikusten bazuen, haren inbidia sartzen zitzaion berehala.

Jainkoaren zerbitzaria predikatzen zebilen batean, behartsu batekin egin zuen topo bidean. Eta haren biluztasuna ikusiz, lagunari esan zion nahigabez: «Pobre honen miseriak lotsa handia ematen digu eta biziki salatzen du gure pobretasuna». «Zer dela eta, anaia?», galdetu zion lagunak. Eta santuak atsekabez: «Nik neure aberastasun eta neure damatzat aukeratu nuen pobretasuna, eta pobretasunak gehiago distiratzen du honengan nigan baino. Edo ez al dakizu mundu osoan zabaldu dela, gu garela Kristogatik pobreenak? Baina gizon honek erakusten du hori ez dela egia». (2Zel 83-84).

Otoitza

Zorionekoa behartsua eta ahula zaintzen dituena.
Zoriontsua eskua luzatzen duena
beharra duenari.

Zorionekoa laguntza bat ukatzen ez dakiena.
Zorionekoa maitatzen eta konprometitzen dakiena.
Zorionekoak beldurrik ez dutenak
dena arriskatzeko Erreinuaren alde.

Zoriontsuak aldatzen dakitenak
lankidetza lehiaren ordez,
elkartasuna axolagabekeriaren ordez
xalotasun eta maitasuna indarkeriaren ordez

Lagundu, Jauna,
bihotzetik aldentzen
askotan inguratzen duen berekoikeria.

Lagundu iezaguzu porrot ez egiten
besteen minari
adi egoteko ahaleginean.

Lagundu iezaguzu errealitateari begiratzen,
bidegabekeria eta gaiztakeria aurkizeko.

Lagun iezaguzu esperantzaren mezulari izaten,
besteen alde bizitzen,
Ebanjelioaren zerbitzuan bizitzen.
Badakizu, Jauna,
min ematen digula fruiturik gabeko
hainbeste desio on ikusteak;
min ematen digula gauzak argi izan buruan
eta ezin bihurtu konpromiso eraldatzaileetan.

Egin emankor, Jauna, gure zerbitzua.
Emaguzu Izpirituaren indarra
Zure hitza eta gure nahiak
egia bihur daitezen.

Gutuneko azken hitzak

"Pobreek ebanjelizatu egiten gaituzte, egunero Ebanjelioaren edertasuna aurkitzen lagunduz. Ez dezagun alferrik galdu graziazko aukera hau." Frantzisko Aita Santua

2021ko urtarrileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urtarrileko erreferentzia guztiak:

1. Lk 2, 16-21 / 2. Jn 1, 19-28 / 3. Jn 1,1-18 / 4. Jn 1, 35-42 / 5. Jn 1, 43-51 / 6. Mt 2,1-12 / 7. Mt 4,12-17.23-25 / 8. Mk 6, 34-44 / 9. Mk 6, 45-52 / 10. Mk 1,7-11 / 11. Mk 1, 14-20 / 12. Mk 1, 21-28 / 13. Mk 1, 29-39 / 14. Mk 1, 40-45 / 15. Mk 2, 1-12 / 16. Mk 2, 13-17 / 17. Jn 1, 35-42 / 18. Mk 2, 18-22 / 19. Mk 2, 23-28 / 20. Mk 3, 1-6 / 21. Mk 3, 7-12 / 22. Mk 3,13-19 / 23. Mk 3, 20-21 / 24. Mk 1, 14-20 / 25. Mk 16,15-18 / 26. Mk 3, 31-35 / 27. Mk 4, 1-20 / 28. Mk 4, 21-25 / 29. Mk 4,26-34 / 30. Mk 4,35-41 / 31. Mk 1, 21-28

Urtarrileko Otoitza hilaren 28an izango da.