Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko azaroa  145. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Noizean behin ongi datorkigu jakin edo bizi edo irabazi uste genituen gaietara itzultzea. Orain bizitzaren beste fase batean gaudelarik, gai bera, espiritualtasunaren gai hau adibidez, modu ezberdinean bizitzen ari gara, gure bizitzako beste garaietan ez bezala..

Gogoetarako gaia

Izpiritua iratzarri

Jende asko espiritualtasun premia handia bizitzen ari da. Materialean bakarrik finkatutako bizitza oso motza gertatzen zaigu, ostertzik gabekoa. Ez da berria gure dimentsio espiritualera zabaltzeko gogo hori. Urteak dira gai honen inguruko liburuak oso estimatuak direla. Izan ere, espiritualtasun eskaintza ugari dago, eta mota guztietakoak gainera.

Nagusi diren korronte soziokulturaletatik haratago, bizitzan une batzuetan ordura arte apenas edo batere antzemandako lurralde berrietara hurbiltzen gara. Gure biografietan badira baldintza batzuk, sufrimendu, poz edo zergatik ez dakigun muga mugako egoerak direla medio, ordura arteko mundu ezezagunak sumatzen hasten garela. Dimentsio ez materialak dira, gure bizitza zehatzetan inoiz imajinatu ez ditugun existentziaren tolestura berriak bezala.

Bakoitzean oso modu berezian gertatzen dira: lehen semearen jaiotza, oso maitatua den norbaiten heriotza, depresioa, maitasun pertsonalaren iratzartzea, garai existentzialaren aldaketa, gizarte masaren erdian anonimotasunak sortutako hutsunea, betiko gauza berberaren asperdura, naturarekiko miresmena... Egoera horiek guztiek zalantzan jartzen dituzte funtzionatzeko ditugun errealitateari buruzko eskema itxiak, eta inoiz susmatu gabeko horizonte berriak adierazten dizkigute. Espiritua esnatzen ari gara. Mundua, materiala zein pertsonala, neurtzen, kontrolatzen eta proiektatzen duguna baino askoz gehiago da.

Gainera, izpiritualtasunera irekitzea, izpiritua iratzartzea, Izpirituaren, Jainkoaren aurrean jartzeko aukera da. Gure bizitzak oihu egiten du, ez daki nola, ezin esan daitezkeen intziriekin. Askotan isilean, oihu isilez, Jainkoaren desira agertzen da gugan; dei egiten diogu Bera ager dadin bizitza honetan, bizitzea dagokigun garai honetan, ager dakigun pertsonalki gutako bakoitzari..

Ebanjelioko pasartea: Jn 3,1-6

Nikodemo zeritzan gizon batek, fariseuen taldekoa eta juduen buruetakoa bera, gauez Jesusengana etorri eta esan zion: “– Maisu, ziur gaude Jainkoak guri irakasteko bidali zaituena, inork ez baititzake egin zuk egiten dituzun mirarizko seinaleak, Jainkoa berekin ez badu.” Jesusek erantzun zion: “– Bene-benetan diotsut: Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro jaiotzen ez bada.” Nikodemok galdetu: “– Nola jaio daiteke norbait, jadanik zaharra izanik? Sar ote daiteke amaren sabelean eta berriro jaio?” Jesusek erantzun: “– Bene-benetan diotsut: Ezin izango da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada. Gizakiagandik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu.”.

Frantziskotar espiritualtasuna

Bernardo jaunak ondasunak behartsuei banatu zizkienean, hantxe zen Frantzisko dohatsua ere. Orduan, Silvestre izeneko apaiz bat etorri zen; honi San Damian eliza konpontzeko harriak erosi zizkion Frantziskok. Diru hura dena Jainkoaren gizonaren aholkuz banatzen zela ikusiz, diru-gosearen suak zirikaturik, esan zion: «Frantzisko, ez zenizkidan behar bezala ordaindu erosi zenizkidan harriak». Orduan Frantzisko, zekenkeriaren arbuiatzailea, apaiza bidegabeki marmarrean ari zela entzutean, hurbildu zen Bernardo jaunarengana, sartu zuen eskua dirua zeukan soingainekoan, bihotz gartsuz eskua diruz beteta atera eta marmarrean ari zen apaizari eman zion. Eta berriro, eskua bigarrenez diruz betez, esan zion: Ba al duzu orain nahiko ordaina, apaiz jauna?» Eta hark erantzun zion: «Bai, badut nahikoa, anaia». Eta pozik etxera itzuli zen hartutako diruarekin.

Egun batzuk geroago, ordea, apaiza, Jaunak inspiratuta, Frantzisko dohatsuak egin zuenaz gogoeta egiten hasi zen, eta honela zioen bere baitan: «Errukarria benetan ni, zaharra izanik ere, mundu honetako ondasunak irrikatzen eta bilatzen baititut. Gazte honek, berriz, arbuiatu eta gaitzetsi egiten ditu Jainkoaren maitasunagatik». (HLaLe 30-31).

Otoitza

Izpiritu Santua, nire arimaren arima zara,
apalki maite zaitut.
Argitu nazazu, indartu, gidatu, kontsolatu.
Eta Jainko Aitaren
betiereko planari badagokio,
ager niri zure nahiak.
Emadazu ezagutzea
Betiko Maitasunak nigan nahi duena.
Eman ezagutzea zer egin behar dudan.
Eman ezagutzea zer sufritu behar dudan.
Emadazu ezagutzea
apaltasun isilez eta otoitzean
onartu behar dudana,
nire gain hartu eta jasan.

Bai, Espiritu Santua,
eman iezadazu ezagutzea
zure borondatea eta Aitaren nahia.

Izan ere, nire bizitza osoan,
etenik gabeko Baiezkoa izan nahi dut,
betiereko Jainko Aitaren desira eta nahierara.

(P. José Kentenich).

Gutuneko azken hitzak

Giza izpiritua aurrera doa etengabe, baina espiralean beti. (Goethe)

2020ko azaroko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate azaroko erreferentzia guztiak:

1 Mt 5, 1-12 / 2. Jn 14,1-6 / 3 Lk 14, 15-24 / 4 Lk 14, 25-33 / 5 Lk 15,1-10 / 6 Lk 16, 1-8 / 7 Lk 16,9-15 / 8 Mt 25, 1-13 / 9 Jn 2, 13-22 / 10 Lk 17, 7-10 / 11 Lk 17, 11-19 / 12 Lk 17, 20-25 / 13 Lk 17,26-37 / 14 Lk 18, 1-8 / 15 Mt 25, 14-30 / 16 Lk 18, 35-43 / 17 Lk 19, 1-10 / 18 Lk 19, 11-28 / 19 Lk 19, 41-44 / 20 Lk 19, 45-48 / 21 Lk 20, 27-40 / 22 Mt 25, 31-46 / 23 Lk 21, 1-4 / 24 Lk 21, 5-11 / 25 Lk 21, 12-19 / 26 Lk 21, 20-28 / 27 Lk 21, 29-33 / 28 Lk 21, 34-36 / 29 Mc 13, 33-37 / 30 Mt 4, 18-22

Azaroko Otoitza hilaren 26ean izango da.