Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko iraila  143. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

"Karitatea umiliagarria da, bertikalki eta goitik egiten delako: elkartasuna horizontala da eta elkarrekiko errespetua eskatzen du." Eduardo Galeano.

Gogoetarako gaia

Solidaritatea eta maitasuna

Inork ez du insolidariotzat hartua izan nahi. Denok, modu batera edo bestera, gizon eta emakume solidario gisa ikusi nahi dugu geure burua; besteez kezkatu nahi dugu, beren buruaz bakarrik pentsatzen ez duten pertsonak izan nahi dugu, etab. Normalean mugitzen garen inguruneetan, elkartasunaren bertute hori balioesten da. Agindu moduko bat dago, betebehar sozial bat: "Besteei lagundu behar diet".

Zer zortea elkartasunaren kontu hau agindu bat baino gehiago dela deskubritzera iritsi banaiz, batez ere nire bihotza ukitzen duen zerbait delako. Ikusten dudanean nigandik irten eta behar nauten beste pertsona batzuengan zentratzeko gai naizela, badirudi hazten ari naizela, baliagarria naizela, gehiago bihurtzen nauela. Badago nolabaiteko poza besteengatik egiten dudan horretan. Hori aurkitzea urrats garrantzitsua da pertsona gisa.

Baina gertatzen da, halaber, nik sentitzen dudanaz eta besteei laguntzean pertsona gisa egiten nauenaz harago, besteen ahultasun eta babesgabetasun egoerak berak bultzatzen nauela laguntzera. Agian ez dut poztasunik sentituko horretan, agian gaizki etorriko zait orain eta ez dut horretarako gogorik izango, baina nire barrenetik irtetea eta besteengana joatea aktibatzen du ikusten dudan errealitateak. Jada ez da kanpoko agindu batekiko koherentzia morala, eta ez da kontua ere atsegingarri sentitzea ala ez; barru-barrutik sortzen den zerbait da.

Pertsona batzuek beren bizitzan eta izatean txertatuta daukate besteengana joz, giza errealitateetara irekiz eta gehien behar dutenen premiei ahal duten moduan lagunduz bakarrik erantzun diezaioketela beren baitan daramatenari. Solidarioak ez balira, beren buruari uko egingo liokete. Horrela bizitako elkartasunak jada ez du zerikusirik agindu batekin, maitasunaren antz handiagoa du.

Bibliako pasartea: 2Kor 8,1-6

Senideok, Jainkoak Mazedoniako eliz elkarteei izan dien onginahia jakinarazi nahi dizuet. Atsekabealdi gogorra jasan behar izan duten arren, haien poza neurrigabekoa izan da eta, gabezia gorrian izan arren, oso eskuzabal agertu dira. Ahal zutena eta gehiago ere eman dutela testigu naiz. Beren gogoz, arren eta arren eskatzen zidaten fededunen aldeko zerbitzu honetan parte hartzen uzteko. Eta nik uste baino gehiago ere egin dute: lehendabizi Jaunari eman zizkioten beren buruak, eta gero niri, Jainkoak nahi bezala. Horregatik eskatu diot Titori, zuen eskuzabaltasunezko egintza hau berak hasi zuenez gero, burutu ere berak buru dezala zuen artean.

Frantziskotar espiritualtasuna

Beste behin, Portziunkulako Santa Maria elizaren ondoan zegoela, emakume zahar gaixo bat iritsi zen, anaien erlijioan bi seme zituena, Frantzisko dohatsuari laguntzeko eskatzeko leku hartara, urte hartan ez baitzuen bizitzeko behar adina.

Frantzisko dohatsuak zera galdetu zion Pedro Cattani anaiari, garai hartan ministro nagusia baitzen: "Ba al dugu ezer amari emateko?" (Edozein anaiaren amari bere ama eta Erlijioko anai-arreba guztien ama deitzen zion).

Anaia Pedrok erantzun zuen: "Etxean ez daukagu ezer eman diezaiokegunik, are gehiago kontuan izanik halako limosna bat nahiko lukeela berarekin bere gorputzari beharrezko gauzak eskuratzeko. Elizan Itun Berria besterik ez dugu, eta horren irakurketak maitinetan egiten ditugu". Frantzisko dohatsuak esan zion: "Eman gure amari Itun Berria saltzeko eta bere beharra konpontzeko. Zinez uste dut atseginagoa izango zaiola Jainkoari eta Ama Birjina dohatsuari Itun Berria ematea bertatik irakurtzen baino ". Eta eman egin zion. (PerLeg 93).

Otoitza

Belarriak adi edukitzea beti.
Besteen minaren garrasira
Eta beraien laguntza-deia entzutea
Elkartasuna da

Begirada beti erne edukitzea
Eta begiak luze itsas gainean,
Arriskuan legokeen naufragoren baten bila ...
Elkartasuna da

Hangoa eta hemengo senidearen Sufrimendua norberarena sentitzea;
Pobreen larritasuna bere egitea.
Elkartasuna da

Umilen ahotsa izatera iristea,
Bidegabekeria eta gaiztakeria aurkitzea,
Bidegabea eta gaiztoa salatzea ...
Elkartasuna da

Mezu baten bidez garraiatzen uztea
Itxaropen, maitasun eta bakez beterik
Anaiaren eskua estutu arte ...
Elkartasuna da

Borrokan dauden arriskuak partekatzea
Justizi eta askatasunean bizitzeagatik,
Maitasunagatik bizitza bera arriskatzeraino ...
Elkartasuna da

Maitasunagatik bizitza bera ematea
Lagunarteko proba nagusia da:
Jesukristorekin bizitzea eta hiltzea da.
Elkartasuna da

Gutuneko azken hitzak

"Zein da bizitzaren funtsa? Besteak zerbitzatzea eta ongia egitea ". (Aristoteles)

2020ko iraileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate iraileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 14, 1.7-14 / 2 Lk 4, 16-30 / 3 Lk 4,31-37 / 4 Lk 4, 38-44 / 5 Lk 5, 1-11 / 6 Lk 5,33-39 / 7 Lk 6,1-5 / 8 Mt 1,18-23 / 9 Mk 7,31-37 / 10 Lk 6,6-11 / 11 Lk 6, 12-19 / 12 Lk 6, 20-26 / 13 Lk 6, 27-38 / 14 Jn 3, 13-17 / 15 Lk 2, 33-35 / 16 Mk 8, 27-35 / 17 Lk 9,23-26 / 18 Lk 7, 11-17 / 19 Lk 7, 31-35 / 20 Lk 7,36-50 / 21 Mt 9,9-13 / 22 Lk 8, 4-15 / 23 Mk 9,29-36 / 24 Lk 8, 16-18 / 25 Lk 8, 19-21 / 26 Lk 9, 1-6 / 27 Lk 9, 7-9 / 28 Lk 9,18-22 / 29 Jn 1, 47-51 / 30 Mk 9, 38-47

Iraileko otoitza 24an izango da