Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2019ko apirila  126. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

“Nik badakit nortaz fidatu naizen, ni etsai izan arren maitatu nauen Hartaz” dio san Paulok. San Frantzisko bera ere gainditu egiten du inolaz merezi gabeko maitasun honek; eta batetik bere burua ar eskastzat hartzera badarama, bestetik otsoaren zein sultanaren aurrean jartzeko ausardia ematen dio, Jainkoaz fidatua baitoa. 

Gogoetarako gaia

Bizitzea konfiantza izatea da 

Konfiantzadun jaiotzen gara, eta konfiantza izanez bizitzan eta onartzen gaituzten pertsonengan. Konfiantzadun hazten gara, maite gaituzten pertsonek babestuak, inguruan denek eskaintzen dizkiguten nobedade beti berrietara irekiak. Soilik horrela sartu ahal gara bizitzaren muinean. Helduak egiten goazen heinean, ikasiz goaz errealitateak ez diela gure gogo eta ilusioei erantzuten. Ezagutzen dugu porrota; pertsona batzuek huts ematen digute; guk geuk ere ez dugu espero genuen neurria ematen. Horrek guztiak porrota eragiten digu, sufriarazi egiten digu eta neurriak hartuz bizitzen irakatsi. Bizitzako kolpeek, funtsean, mesfidati bihurtzen gaituzte.

Bizitzako halako une batzuetan atzeraka gatoz denetik, eta sar daiteke gure baitan dena eszeptizismoz tindatzen duen halako "errealismo" bat; funtsean ezerk ezer balioko ez balu bezala. Are gehiago; has daiteke guregan agertzen halako mingostasun bat, bizi dugun guztia txartuz eta pertsonekiko ditugun harremanak nahasiz. Beste garai batzuetan eragiten ziguten motibaziorik beroenak (senarra/emaztea, seme-alabak, solidaritate-proiektuak, Jainkoarekiko harremana...) desitxuratu eta desagertu egiten dira. Agian ez dugu esaten, baina badakigu zaurituak gaudela bihotzaren muinean.

Bizitzako ibilaldi horretan, hain zuzen, eskaintzen zaigu aukera, eskatuko zitzaigula inoiz pentsatuko ez genuen konfiantza-ekintzarik erradikalena egiteko. Bihotzaren sakon sakonean hau dugu borroka: ea bizitza kontrolpean daukagun horretan itxia dagoen, ala espero ez genuenera irekita dagoen. Ez da ekintza heroiko bat, apaltasunezkoa baizik, bere maitasuna inoiz ez bezala eskaintzen digun Norbaiten proposamen maitetsuari geure burua irekitzekoa. Berori konfiantza-ekintza txikietan ematen da, baina bizitzan eta Jainkoarekiko harremanean dugun sendotasun erradikala adierazten dutenetan. Konfiantza jada ez da eskarmenturik ez izatearen fruitu, fedeak elikatutako errealismorik sakonenaren fruitu baizik. Azken batean, konfiantzarik ez izatea ez bizitzea da, eta bizitza benetan konfiantza izatea da.

Ebanjelioko pasartea: Mk 5,24-34

Bazen emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen: «Nork ukitu dit jantzia?» Bere ikasleek erantzun zioten: «Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?». Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar -ondo baitzekien zer gertatu zitzaion-, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

Frantziskotar espiritualtasuna

«Garai honetan beste gizon zintzo bat sartu zen Elkartean, eta honekin zortzi izatera heldu ziren. Orduan, Frantzisko dohatsuak guztiak bere inguruan bildu zituen eta luze mintzatu zitzaien Jainkoaren erreinuaz, munduaren mespretxuaz, nork bere nahia ukatzeaz eta gorputza menperatzeaz. Gero, binako lau taldetan banatu zituen eta esan zien: “Zoazte binaka, ene maiteok, munduko alde ezberdinetara eta hots egin gizakiei bakea eta bihotz-berritzea bekatuen barkamenerako; izan atsekabean eroapen handiko, eta seguru egon, beteko baitu Jaunak bere erabaki eta agintzaria. Apaltasunez erantzun galdetzen dizuetenei, bedeinkatu erasotzen dizuetenak, eta eman eskerrak, irainka eta gezurrez gaizki esaka erabiltzen zaituztenei, gauza horien ordain baitugu prestatua betiko erreinua”.

Haiek, obedientzia santuaren mandatua alai eta pozik hartzen zuten bitartean, lurreraino ahuspeztu ziren apalki San Frantziskoren aurrean. Honek, haietako bakoitza besarkatuz, gozotasunez eta debozioz esaten zion: “Utz Jaunaren gain zure kezka guztia eta berak eutsiko dizu”. Frantziskok hitz hauek esan ohi zituen, anaiei mandaturen bat ezartzen zien bakoitzean» (1 Zel 29).

Otoitza

Jauna,

zuk nahi bezala behar zait gertatu,

eta zuk nahi bezala nahi dut bidea egin;

lagun iezadazu, soilik, zure nahia ulertzen.

Jauna,

zuk nahi duzunean, orduan da unea,

eta zuk nahi duzunean, prest nago,

gaur eta beti guztian.

Jauna,

zuk nahi duzuna, hori onartzen dut,

eta zuk nahi duzuna, irabazia da niretzat,

aski da ni zurea izatearekin.

Jauna,

zuk nahi duzulako, horregatik da on,

eta zuk nahi duzulako, horregatik dut adore,

nire bihotzak zure eskuetan hartzen du atseden.

Beato Rupert Meyer

Gutuneko azken hitzak

“Fedea Jainkoarekin topaketa bat da.” (S. Benetti)

2019ko apirileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate apirileko erreferentzia guztiak:

1 Jn 4, 43-54 / 2 Jn 5,1-3,5-16 / 3 Jn 5,17-30 / 4 Jn 5, 31-47 / 5 Jn 7,1-2.10.25-30 / 6 Jn 7, 40-53 / 7 Jn 8, 1-11 / 8 Jn 8,12-20 / 9 Jn 8, 21-30 / 10 Jn 8, 31-42 / 11 Jn 8,51-59 / 12 Jn 10,31-42 / 13 Jn 11,45-57 / 14 Lc 23, 1-49 / 15 Jn 12,1-11 / 16 Jn 13,21-33.36-38 / 17 Mt 26, 14-25 / 18 Jn 13, 1-15 / 19 Jn 18,1-19,42 / 20 Lc 24,1-12 / 21 Jn 20, 1-9 / 22 Mt 28,8-15 / 23 Jn 20,11-18 / 24 Lc 24,13-35 / 25 Lc 24,35-48 / 26 Jn 21, 1-14 / 27 Mc 16, 9-15 / 28 Jn 20, 19-31 / 29 Mt 11,25-30 / 30 Jn 3,5a.7b-15



Apirileko otoitzaldia 25ean izango da.