Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2019ko martxoa  125. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Jesusek behin eta berriz bilatzen zituen Jainko Aitarekin bakarka egoteko edo jarduteko txokoak eta tarteak. San Frantziskok ere bere anaiei eskatuko die beste eginkizun eta kezka guztien gainetik zaindu dezatela harreman hori.

Gogoetarako gaia

Gure Aita

Zerbaitek ukitzekotan, Jainkoarekin duen harreman pertsonalak ukitzen du Frantziskoren bihotza. Jainkoa maitatua ez den maitasuna da, digun maitasunagatik den-dena, imajinaezina dena ere, eman duena. Jainkoak hainbesteraino maite gaitu, non ez dion axola izan bere Semeak, maitasun hutsagatik, guregatik hil behar izatea.

Maitasunaren harreman-klabe horretatik, hain zuzen, bizi du Frantziskok Jaungoikoa. Eta, horregatik, maitemindutako arima da berea, Jainkoaren maitasun huts doako horretan murgildua sentitzen baita.

Frantziskok Jesusi begiratzen dio, eta Harengan ikusten du ispilatuta maitasun hori. Jesusengan, Jaungoikoaren maitasuna haragitzen duen gizona ikusten du, azken tokian jartzen dena, txikiena, txiroena. Jesusengan, zoriontasunak haragi propioan bizi izan dituen Hura ikusten du, bere burua guri hankak garbitzeraino jaitsi duena, bere bizia "hiltzera daramaten bildots otzanaren antzera" eman arte maite izan gaituena.

Jainkoaren maitasun horretan murgilduta sentitu da Frantzisko, eta horregatik txikia izan nahi izan du Jesus bezala, azkenengoa Jesus bezala, maitasun sutsukoa Jesus bezala, bake-gizona Jesus bezala, guztion anaia Jesus bezala.

Eta horregatik, gogoko du otoitzean Jainkoari aita deitzea, Jesusek egiten zuen bezala, Haren besoetan konfiantza osoz sentituz, Haren handitasuna aldarrikatuz –Zu zara ona, Zu zara indartsua, Zu zara santua…–, Haren presentzia mundu honetan gauzatzea irrikatuz –“maitasuna ez da maitatua” zen bere intziria– eta Haren eskuetan bere egunean egunekoa eta bizitza jarriz.

Bere izatearen sakonenetik sortzen zaio otoitza etengabe, maitatua sentitzen delako, eta maitasun horrek bizitza aldatu diola badakielako.

Ebanjelioko pasartea: Mt 6,9-15

Zuek, egizue otoitz honela: Gure Aita zerukoa, agertu santu zeure izena, etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala. Emaguzu gaur egun honetako ogia, eta barkatu gure erruen zorra, guk ere geure zordunei barkatu diegunez gero; ez utzi gu tentaldian erortzen, eta gorde gaitzazu gaiztoarengandik. Izan ere, besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko Aitak; baina besteei barkatzen ez badizkiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko zeuen hutsegiteak zeruko Aitak.

Frantziskotar espiritualtasuna

GURE AITA txit santua, gure egile, erosle, kontsolatzaile eta salbatzailea.

ZERUETAN ZARENA: aingeru eta santuengan, beraiek argituz, ezagutzeko, zu, Jauna, argia baitzara; beraiek sutuz, maitatzeko, zu, Jauna, maitasuna baitzara; beraiengan biziz eta beraiek betez, zoriontsu egiteko, zu, Jauna, on gorena baitzara, betiko ona: zuregandik dator on oro, ez da onik zu gabe.

SANTU IZAN BEDI ZURE IZENA: argi bedi guregan zure ezagupena, jakin dezagun zeinen zabal diren zure mesedeak, zeinen luze zure agintzariak, zeinen goren zure maiestatea, zeinen sakon zure erabakiak.

ETOR BEDI ZURE ERREINUA: izan zaitez errege guregan graziaren bidez, eta egizu irits gaitezela zure erreinura; han zu agerian ikus zaitzakete, zu oso-osorik maita, zurekin zoriontsu bizi, zutaz beti-betiko goza.

EGUNEROKO OGIA, zeure Seme maite Jesu Kristo gure Jauna, EMAGUZU GAUR, gogora, uler eta benera ditzagun hark guretzat izan zuen maitasuna eta gure onerako esan, egin eta jasan zituenak. (GAiAz 1-4.6).

Otoitza

Gure Aita,
zeruetan zarena,
santu izan bedi zure Izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezala lurrean ere.
Emaguzu gaur egun honetako ogia,
barkatu gure zorrak,
guk ere geure zordunei
barkatzen diegunez gero;
eta ez gu tentaldira eraman
baina atera gaitzazu gaitzetik.

Gutuneko azken hitzak

“Jainkoa duenak ez du ezer falta, Bera aski baita.” (Santa Teresa)

2019ko martxoko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate martxoko erreferentzia guztiak:

1 Mk 10,1-12 / 2 Mk 10,13-16 / 3 Lk 6, 39-45 / 4 Mk 10, 17-27 / 5 Mk 10, 28-31 / 6 Mt 6,1-6.16-18 / 7 Lk 9,22-25 / 8 Mt 9,14-15 / 9 Lk 5, 27-32 / 10 Lk 4, 1-13 / 11 Mt 25,31-46 / 12 Mt 6, 7-15 / 13 Lk 11, 29-32 / 14 Mt 7,7-12 / 15 Mt 5, 20-26 / 16 Mt 5, 43-48 / 17 Lk 9,28b-36 / 18 Lk 6,36-38 / 19 Mt 1,16.18-21.24a / 20 Mt 20, 17-28 / 21 Lk 16, 19-31 / 22 Mt 21, 33-43.45-46 / 23 Lk 15, 1-3.11-32 / 24 Lk 13,1-9 / 25 Lk 1,26-38 / 26 Mt 18,21-35 / 27 Mt 5,17-19 / 28 Lk 11, 14-23 / 29 Mk 12 28-34 / 30 Lk 18,9-14 / 31 Lk 15, 1-3.11-32


Martxoan elkarrekin ospatuko dugun otoitza 28an izango da 19:30tan