Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2019ko otsaila  124. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Esker oneko izatea ez da edozer gauza. Espiritualtasunaren muinetako bat ukitzen ari gara. Esker oneko izateak gizakioi geure tamaina ematen digu: guztia emana dugu, guztia dohainik jasoa. Eta horrexek egiten gaitu handi: “Nor da gizakia, Jainkoa hartaz arduratzeko?”

Gogoetarako gaia

Eskerrik asko, anai-arrebok

Esaten da afektibo dena dela efektibo. Halaxe da, bihotza hunkitzen digun hura garrantzitsu bihurtzen zaigu bizitzan. Eta ingurune guztien artean, giza harremanek dute aparteko lekua. Badira pertsona batzuk, jaio ginenetik geure bizitzan beti presente izan ditugunak: gurasoak, senideak, familia… Horiei esker gara. Ez da beti erraza izan, inor ez baita perfektua, eta zauririk handienak gertukoenek eginak izan ohi baitira. Baina helduak izatera etortzean, haiekin bizitutako guztia geure historiaren partetzat hartzen baldin badakigu, eman digutena eskertzea sortzen zaigu.

Beste pertsona batzuekin, aldiz, bizitzan zehar egin dugu topo. Horietako batzuk gure harremanen ingurunean mantentzen dira, beste batzuk desagertuak dira, harreman estu baten ondoren agian. Harreman horietan guztietan, esku hartu dugu harremanaren sorrera eta garapenean. Opari bat izan dira eta dira, zeren eta harreman horiekin eta horietan joan baikara pertsona gisa garatzen. Eduki izango ditugu hanka-sartzeak eta bat ez etortzeak, noski, baina horrela joan ahal izan dugu nor garen ikasiz eta akuilagarri gertatu zaizkigu pertsona mailan haziz joateko. Motibo handiak ditugu beraiei eskerrak emateko.

Beste batzuetan, laguntza eta lankidetza eskatu diguten pertsonak izan ditugu, eta gureak ez ziren giza lurraldetan sartu gaituzte. Baina bihotza zabaldu diguten giza dimentsio eta egoeratara eraman gaituzte, gure baitatik eta kontrolatzen genituen geure munduetatik ateraraziz. Horrela, agian gogaitarazi, durduzatu eta are asaldatu bagaituzte ere, akuilu gertatu zaizkigu gizatasun handiagora iristeko. Hauek bedeinkazio izan ditugu bizitzan, eta pozteko eta eskerrak emateko arrazoi.

Eta horiez gain Jainkoa daukagu, bere buruaz hitzez edo hitzik gabe bizitzan mintzatzen jardun zaizkigun pertsonak jarri dizkiguna, beroriek izan direlarik gure mundu pertsonal itxian zirrikitua ireki dutenak, Hark munduan duen presentziaren misteriora gu zabaltzeko. Mila esker beroriengatik.

Bibliako pasartea: 1 Ts 1,2-7

Eskerrak ematen dizkiogu beti Jainkoari zuek guztiongatik, gure otoitzetan gogoan zaituztegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzagu etengabe zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun saiatua eta Jesu Kristo gure Jaunarengan duzuen itxaropen iraunkorra. Eta zuek gure eta Jaunaren ereduari jarraitu zenioten, atsekabe askoren artean izanik ere, Espiritu Santuaren pozez onartu baitzenuten Jainkoaren mezua. Horrela, eredu gertatu zarete Mazedonia eta Akaiako sinestedun guztientzat.

Frantziskotar espiritualtasuna

Batzuetan gizon txit santu honen gogoa Jainkoagana harrigarriro eramana zen eta pozez jauzika jartzen zen bere semeen egintzen usain gozoa iristen zitzaionean. Behin Espainiako kleriko jainkozale batek Frantzisko santua ikusteko eta harekin solasean jarduteko zoria izan zuen. Eta hango anaiei buruz kontatu zizkion berriek bereziki poztu zuten santua.

Bere semeen egintzen usain gozoaz blai, Frantzisko santua ez zen bere baitan kabitzen pozaren pozez. Bat-batean altxatu eta Jauna goresten hasi zen, eta anaien egintza onak entzutea bere harrobide bakar balitz bezala, barru-barrutik egin zuen oihu: «Eskerrak ematen dizkizut, pobreak gidatzen eta santu egiten dituzun Jauna, nire anaien berri hauekin pozez bete nauzulako. Bedeinka itzazu, arren, anaia haiek bedeinkapen zabalez, eta santu egin itzazu dohain bereziz etsenplu onen bidez beren profesio erlijiosoa usain gozoko bihurtzen dutenak» (ik. 2 Zel 178).

Anaiak, Jaungoikoaren dohaintzat hartuak, Frantziskoren bizitza ebanjelikoaren funtsezko parte dira. Haiekin ikasi zuen Jesukristori jarraitzen, ebanjelioa bere bizimodu egiten, anaiarteaz gozatzen eta zailtasunei aurre egiten. Haiekin ikasi zuen, esker onez, anaia izaten eta Jaunari pozez zerbitzatzen.

Otoitza

Aita ona, eskerrik asko anai-arreben
dohainagatik.
Zure txeraren seinale dira.
Lagun niri haiek Zuk maite dituzun
bezala maitatzen.
Jesus, lehen anaia, erregutu Aitari haien alde.
Gorde gaitzazu elkarturik.
Ez utzi gutako inor fedearen altxorra galtzen.
Gorde gu gorroto, axolagabekeria
eta egoismoaren arriskutik.
Lagun guri senidetasuna,
zuk betirako zeruan hobetuko duzun
senidetasuna mundu honetan eraikitzen.
Maria, gure Ama, gorde zeure seme-alabak beti senidetasunean elkartuak. Amen.

Gutuneko azken hitzak

“Lur azpiko sustraiek ez dute saririk eskatzen adarrei fruitu emanarazteagatik” (R. Tagore)

2019ko otsaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate otsaileko erreferentzia guztiak:

1 Mk 4, 26-34 / 2 Lk 2, 22-40 / 3 Lk 4,21-30 / 4 Mk 5,1-20 / 5 Mk 5,21-43 / 6 Mk 6,1-6 / 7 Mk 6, 7-13 / 8 Mk 6,14-29 / 9 Mk 6, 30-34 / 10 Lk 5,1-11 / 11 Mk 6, 53-56 / 12 Mk 7, 1-13 / 13 Mk 7, 14 23 / 14 Lk 10, 1-9 / 15 Mk 7,31-37 / 16 Mk 8, 1-10 / 17 Lk 6,17.20-26 / 18 Mk 8, 11-13 / 19 Mk 8,14-21 / 20 Mk 8, 22-26 / 21 Mk 8,27-33 / 22 Mt 16,13-19 / 23 Mk 9, 2-13 / 24 Lk 6, 27-38 / 25 Mk 9, 14-29 / 26 Mk 9, 30-37 / 27 Mk 9, 38-40 / 28 Mk 9, 41-50 /


Otsailean elkarrekin ospatuko dugun otoitza 28an izango da 19:30tan