Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko abendua  122. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Frantziskok bere aitari uko egin zion zeuetan dagoen Aitarekin aurkitu zelako. Klarak ezkontzeari uko egin zion Senarra aurkitu zuelako, giza-semeen artetik ederrena.

Eta nik, aurkitu dut norbait, beste guztiari uko egitera eraman nauenik?

Gogoetarako gaia

Nork bere buruaz uko egiteko ariketak

Pentsatzen dugu norbait nork bere buruari uko egitea aholkatzen, zoriona lortzeko bide gisa? Ez luke, gure ongizate-mundu honetan, jarraitzaile asko izango. Hala ere gure bizitza uko-egiteez betea dago. Gehienetan uko horiek geure ahalmen mugatuek eragindako patutzat bizi ditugu, beste erremediorik ez daukagulako. Nork bere zentzu onean egiten dio uko ezeri, zerbait baliotsuagoa lortzeko ez bada? Jatekoa murrizten dut, gorputza lirain mantentzeko, erretzeari uzten diot bizitza osasuntsuagoa izateko, ez dut ahal dudan diru guztia xahutzen, etorkizuna segurtatzeko ... Eta hala ere bizitzak kendu eta jarri egiten dizkigu osasuna, ahalmena, lekuak, ondasunak ...

Ukoak bizi ditzakegu halabeharretik edo libertatetik. Dudarik gabe, une mingarria da neukan zerbait (osasuna, sasoia, trebeziak, maila soziala, abaguneak ...) galtzea eta jada gabe gelditzea. Baina egia da, orobat, bizi ditzakedala beroriek libertatetik; ez soilik beste erremediorik ez daukadalako, baizik eta prozesu baten buruan galera onartzen dudalako. Bestela esanda, nozitu dut galera, baina ni ez naiz bertan behera etorri galdu dudanarekin. Galeraren arazoa landu ahalko dut, galdutakotik at bizitzan mantentzen nauten funtsak apalki bilatzen baditut. Lan hauek neketsuak dira beti hasieran, baina lagundu egiten digute galdu duguna geneukanean baino libertate gehiagoz orain bizitzen.

Are gehiago. Egin nezake gauzen, lekuen, ametsen ... uko-ariketa aktiboren bat, hain zuzen jabe gisa bizi ditudalako, jakinik ez didatela jada balio edo ezinezkoak edo agian ez komenigarriak ditudala. Agian doluzko prozesu txiki bat egin beharko dut, baina horrela neure libertatea praktikatuko dut neronen aurrean. Neure bizitzan beste fase batera iraganez joango naiz, orain arte neurekin egon diren errealitate horiek gabe.
Bizitza berak eta Jainkoak bizitzan zehar, uko- eta desjabetze-bideetatik eramango gaitu. Beroriek bizi ditzakegu halabeharrak eraginda, baina baita maitezko askatasun-bidetik ere, baliotsuena daukadana ez denean, maite dudana eta maite nauena baizik

Ebanjelioko pasartea: Mt, 19, 27-30

Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: “Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?” Jesusek erantzun: “Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan eseriko denean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta niregatik etxeak, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, ehun halako jasoko du eta betiko bizia izango ondare. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo”.

Frantziskotar espiritualtasuna

Bernardo eta Pedro anaiek, beren ondasunak saldu eta dirua pobreei banatu ondoren, Jainkoaren gizon Frantzisko dohatsuaren janzkera bera hartu zuten eta harekin elkartu ziren. Etxe-bizitzarik ez zeukatenez, Portziunkulako Andre Maria zeritzan eliza pobretxo eta ia abandonatu bat aurkitu zuten. Han etxetxo bat eraiki zuten, bertan elkarrekin bizitzeko. Zortzi egun geroago, hiri bereko gizaseme bat etorri zitzaien, Egidio izenekoa, fedez eta debozioz beteriko gizona, Jaunarengandik dohain ugari hartu zuena. Belaunikaturik, begirune eta jaiera handiz eskatu zion Frantzisko dohatsuari bere elkartean har zezala. Hura ikusi eta hari entzutean, biziki poztu zen Frantzisko eta oso pozik eta gogo onez hartu zuen elkartean. Eta lau lagunek neurrigabeko alaitasuna eta espirituzko poz izugarria izan zuten ... Altxorrik baliotsuena eskuratu balute bezala, alaitasun handiz beteta zebiltzan (PerAn 14-15).

Frantzisko eta bere lehen lagunentzat altxorrik baliotsuena da ondasunak saldu eta behartsuei ematea, beraientzat estalpe bakartzat elizatxo bat hartuz, eta etxebizitza bakartzat Jesusen jarraipenean elkarrekin bizitzea. Orduan esan daiteke: “Jauna, Zu zara gure ondasun asebetekoa”.

Otoitza

Zuk deitzen nauzu, Jauna. Zuk, Jauna, esaten didazu:
Zatoz eta jarraitu niri, zatoz eta jarraitu niri.
Jauna, zurekin joango naiz. Jauna zurekin joango naiz.

Itsasertzean utziko ditut neure sareak,
Zurekin hartuko dut goldea, Jauna;
neure lekua gordeko dut zure bidean,
zure hitza ereingo neure herrian,
eta erneko da eta hazi.

Utzi egingo ditut neure ogasun eta ondasunak,
senideei emango diet neure denbora eta jorana.

Nire eginetatik jakingo dute Zu bizirik zaudela;
neure ahaleginez elkartasun eta senidetasunezko
bide berriak irekiko ditut.

Zuk deitzen nauzu, Jauna. Zuk, Jauna, esaten didazu:
Zatoz eta jarraitu niri, zatoz eta jarraitu niri.

Jauna, zurekin joango naiz. Jauna zurekin joango naiz.

Gutuneko azken hitzak

"Maitasuna den lekuan, ezinbestekoa da uko egitea”(Chrystian Costa da Rosa)

2018ko abenduko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abenduko erreferentzia guztiak:

1 Lk 21, 34-36 / 2 Lk 21, 25-28.34-36 / 3 Mt 8,5-11 / 4 Lk 10, 21-24 / 5 Mt 15, 29-37 / 6 Mt 7, 21.24-27 / 7 Mt 9, 27-31 / 8 Lk 1, 26-38 / 9 Lk 3, 1-6 / 10 Lk 5,17-26 / 11 Mt 18, 12-14 / 12 Mt 11, 28-30 / 13 Mt 11, 11-15 / 14 Mt 11, 16-19 / 15 Mt 17, 10-13 / 16 Lk 3,10-18 / 17 Mt 1,1-17 / 18 Mt 1, 18-24 / 19 Lk 1, 5-25 / 20 Lk 1, 26-38 / 21 Lk 1, 39-45 / 22 Lk 1, 46-56 / 23 Lk 1, 39-45 / 24 Lk 1, 67-79 / 25 Jn 1, 1-18 / 26 Mt 10, 17-22 / 27Jn 20,2-8 / 28 Mt 2,13-18 / 29 Lk 2, 22-35 / 30 Lk 2, 41-52 / 31 Lk 1,1-18


Abenduko otoitzaldia 27an izango da.