Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko azaroa  121. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Frantziskori anaia batek galdetzen dionean zergatik zuri Jainkoak horrenbeste dohain, berak erantzuna argi dauka: Jainkoak ez duelako bera baino bekatari handiagorik aurkitu.

Gure bekatuaren erdian geugan kiribilduak geratu ordez Jainkoaren maitasun errukitsuari atea irekitzen diogunean inoiz amestu gabeko bizira irekitzen gara.
Bada bizirik bekatuaren ondoren? Bai, Jainko beraren bizia.

Gogoetarako gaia

Bekatu egin ondoren ere konfiantza eduki

San Paulok esaten zuen: “Nahi dudan ongia ez dut egiten, eta nahi ez dudan gaizkia egiten dut”. Guk ere maiz izan dugu esperientzia bera. Inoiz erradikaltasun sakonez. Sentitzen dugu huts egin dugula, edo kalte egin diegula gehien maite ditugunei edo txikienei. Konstatatzen dugu, maitatzen ez jakiteaz gain edo oso baldarki egiteaz gain, gauza garela gaizkia egiteko.

Zenbat aldiz jo dugun Jainkoarengana, bizitzaren zakua zama eramanezinez beteta. Harengana jotzen dugu, premia sentitzen baitugu Hark sostengu eta bizia eman diezagun, onartu eta barka gaitzan, erori garen zulotik atera gaitzan.

Premia sentitzen dugu egin-gaiztakeriatik at begiratuak izateko, geure baitan bilduak ez geratzeko, erru-sentimenduari bueltak emanez ez gelditzeko. Baina horretarako beharrezko dugu Jainkoak liberatuak izatea gureak baino esku indartsuagoz, guk ezin baitugu bakarrik.

Eta sentitzen gara otoitz egitera Jauretxera igo zen zergalariaren antzeko, azken txokoan bularra joz eta errukia eskatuz Jainkoari; eta sentitzen gara maisuari oinak malkoz busti zizkion emakume bekatariaren antzeko. Geure hauskortasuna bizirik sentitzen dugu eta Hari eskutik heltzeko premia dugu. Ardi galduen antzeko sentitzen gara, eta artzainari eskatzen diogu atera dadila gure bila, horrela geure hauskortasunean bizirik eta maitatuak senti gaitezen.

Jesusen ahotsa entzuteko beharra dugu honako hau esaten: “Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik”.

Ebanjelioko pasartea: Lk 5, 27-32

Ondoren, atera zen Jesus handik eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen, zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion: “Jarraitu niri”. Lebik, dena utzirik, zutitu eta jarraitu egin zion. Lebik bazkari ederra eman zion Jesusi bere etxean; Jesusekin eta honen ikasleekin batera jende asko zegoen mahaian, zergalari eta beste. Fariseu eta beraien lege-maisuak marmarrean ari zitzaizkien ikasleei, esanez: “Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?” Jesusek erantzun zien: “Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen”.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Anaiaren batzuek, etsaiak zirikaturik, bekatu larria egingo balute -absoluzio eske Ministro probintzialengana bakarrik jo behar dela anaien artean erabakia dagoen horietako bekatua, alegia-, anaia horiek behartuak beude haiengana jotzera lehenbailehen, luzatu gabe. Eta ministroek ezar biezaiete penitentzia errukiz, apaiz badira; apaiz ez badira, berriz, Ordenako beste apaizei ezarraraz diezaietela, Jainkoaren arabera gehien komeni dela irudituko zaien moduan. Eta inoren bekatuagatik haserretu eta asaldatzetik gorde behar dute, haserreak eta asaldurak karitatea eragozten baitie beraiei eta besteei” (2 Er 7,1-3).

“Anaiaren batzuek bekatu larria egingo balute …” Eta anaiek, eta guztiok, behin eta ehunka bider egingo dugu bekatu, geure bihotz gogorragatik eta etsaiaren zirikaldiagatik. Behin eta ehunka aldiz izango dugu Jainkoaren errukira jotzeko premia, eta anaien ontasun eta karitatearen bila ibili beharko dugu. Frantziskok eskatzen digu, ez gaitezela erruki eta karitatearen bidetik aldendu; Jesusengandik ikasi du hori dela sendatzen eta liberatzen duen bidea.

Otoitza

Zoriontsua Jainkoak hobena kendu
eta bekatua barkatu diona!
Zoriontsua Jaunak errurik
egozten ez diona.

Isilik egon nintzen bitartean,
jota nuen gorputza, egun osoan aieneka.
Gau eta egun gainean nuen
zure esku gogorra,
indarrak makaltzen ari zitzaizkidan,
udako sargoritan bezala.

Orduan, aitortu nizun bekatua,
ez nizun gorde errua.
Hobenak zuri aitortzea erabaki nuen, Jauna,
eta barkatu zenizkidan erru eta bekatuak.

Otoitz egin biezazu, beraz,
fededunak, larri denean:
uholde handia izanik ere,
ez du harrapatuko.

Zu niretzat babesleku: arriskutik gordetzen nauzu,
askapen-kantaz inguratzen.

(32. (31) salmoa)

Gutuneko azken hitzak

"Gizakia hazi egiten da belaunikatzen denean" (Alessandro Manzoni)

2018ko azaroko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate azaroko erreferentzia guztiak:

1 Mt 5, 1-12 / 2 Mt 25, 31-46 / 3 Lk 14, 1-6 / 4 Mk 12, 28-34 / 5 Lk 14, 12-14 / 6 Lk 14, 15-24 / 7 Lk 14, 25-33 / 8 Mt 5,13-16 / 9 Lk 16, 1-8 / 10 Lk 16,9-15 / 11 Mk 12,38-44 / 12 Lk 17, 1-6 / 13 Lk 17, 7-10 / 14 Lk 17, 11-19 / 15 Lk 17, 20-25 / 16 Lk 17,26-37 / 17 Mt 25, 31-40 / 18 Mk 13, 24-32 / 19 Lk 18, 35-43 / 20 Lk 19, 1-10 / 21 Lk 19, 11-28 / 22 Lk 19, 41-44 / 23 Lk 19, 45-48 / 24 Lk 20, 27-40 / 25 Jn 18, 33-37 / 26 Lk 21, 1-4 / 27 Lk 21, 5-11 / 28 Lk 21, 12-19 / 29 Lk 21, 20-28 / 30 Lk 21, 29-33


Azaroko Otoitza hilaren 29an izango da.