Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko iraila  119. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Espiritualitatea lantzeak dakarren arriskurik nabarmenetakoa norberaren zilborrari begira geratzearena da, geugan kiribilduak geratzea geugandik atera ordez. Eta horretarako onena gutaz hustea dugu eta Jainkoa behartsuengan, sufrituengan, zapalduengan... bilatzea. Onena samariar on bihurtzea gure historian erabat murgildu den Jainko zaurituarekin aurkitzeko.

Gogoetarako gaia

Jabetzaz hustu

Bitxia da mendebaleko gure kultura honetan jabetzarekiko bizi dugun jarrera. Ia gauza guztiek dute jaberen bat: lurrek, gauzek, inbentuek, ideiek... Gehiago oraindik: pertsonak ere jabetzan hartzen dira. Norbaiten jabetza-gai bihurtu dugu mundua. Pentsatzeko eta bizitzeko modu honek salerosketa-gai bihurtu du dena.
Horrerako bidean, bizitza benetan gizatiarrerako hainbat ikusmolde eta bizimodu garrantzitsu galdu dugu: gauza komunak, ondasun eta zerbitzuak elkarrekin jartzea, bizitza elkartasuna... Dena jabetzan eduki nahi horrek murriztu egiten digu gizatasuna, lehiakorrago eta ororen salerosle bihurtzen gaitu, sagaratuena dena ere salerospen-gai eginez. Eta gure bizitza kaltetuta gelditzen da sakonean, gauzatu eta hondatu egiten baitugu sekula inorena izan ez dena: bizitza eta bizitzak duen guztia.

Horren guztiaren aurrean ari dira ahotsak agertzen gonbita eginez jabetzaz hustutzera, doantasunetik gehiago begiratzera eta begiratuak izatera, dena dohain gisa onartzera. Garen eta bizi dugun alderik harrigarriena ez da lorpena, erregalia da, bizitzeko beharrezkoenak lehen lekuan: airea, natura, geure planeta... Baina bizitzako erregalirik onenak, izatea zor diegun pertsonak dira. Zentzu honetan, berreskuratzen ari gara sentiberatasun bat jabetzan baino gehiago solidaritatean oinarrituriko bizitza baten alde. Hor daude hazkunde txikiagoaren aldeko taldeak, bizitza xume eta neurritsuaren aldekoak, hobeto bizitzeko xedez (“gutxiagorekin gehiago bizi zara”), etab. Ez da proposatzen aingeru-bizitza, lanik gabe jatea, hartu gabe ematea... ez. Mendebaleko gure kulturari hain erantsia doakion jabego-irrikari galga jarriz bizitzen hastea da gauza; beste modu gizatiarrago batzuei, eta planeta eta gizadi honen errealitateari egokituagoei, lekua ematea.

Ebanjelioa da bizitzaren doakotasunaren aldarrikapenik handiena. Bizitzak norberaren ahalegina eskatzen du, baina ez da jabego pribatu bihurtzen. Dohainik gehien eman duena, bereaz hustuena, Jainkoa bera da, dena Jesusengan eman diguna. Eta gehien biziarazten gaituena Jainkoa da, “eguzkia onen eta gaiztoen gainera aterarazten duena...”.

Bibliako pasartea: 1 Tm 6,6-11

“Bai, irabazi handia du erlijioak, baina bakoitza duenarekin konformatuz gero; ez dugu ezer ekarri mundu honetara eta ezin izango dugu ezer atera ere. Beraz, zer jan eta zer jantzi edukiz gero, aski dugu. Aberats izan nahi dutenak tentaldiaren sarean eta gizakia hondatzen eta galtzen duten grina zoro eta kaltegarri askotan erortzen dira. Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia; diruaren irrikagatik sinesmenetik aldendu eta atsekabe asko bereganatu du zenbaitek. Zuk, ordea, Jainkoaren gizon horrek, ihes egizu hauetatik guztietatik, eta saia zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinesmenean, maitasunean, eroapenean eta otzantasunean”.

Frantziskotar espiritualtasuna

Hau guztia ikusi eta entzunik, Asisko bi gizaseme, Jainkoaren graziaren ukituak eraginda, Frantziskori aurkeztu zitzaizkion apalki. Haietako bat anai Bernardo izan zen eta anai Pedro bestea. Xaloki esan zioten Frantziskori: «Hemendik aurrera zurekin bizi nahi dugu eta zuk egiten duzuna egin. Esaguzu, bada, gure ondasunekin zer egin behar dugun». Haien etorreraz eta asmoaz pozez beterik, Frantziskok erantzun zien bihotz onez: «Ea, goazen Jaunari aholkua eskatzera».
Asisko eliza batera joan ziren, bertan sartu eta, belauniko jarririk, otoitz egin zuten apaltasunez ... Otoitza bukatzean, bertan zegoen apaizari esan zioten: «Jauna, erakuts iezaguzu Jesu Kristo gure Jaunaren Ebanjelioa».

Apaizak liburua zabaldu zienean, beraiek ez baitzekiten oraindik liburua erabiltzen, honako pasarte hau aurkitu zuten berehala: Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun. ... Beste behin liburua ireki eta hau atera zitzaien: Ez hartu deus ere biderako. Gauza hauek entzutean, biziki poztu ziren eta esan zuten: «Hona nahi genuena, hona bilatzen ari ginena!» Orduan Frantzisko dohatsuak esan zien: «Hauxe izango da gure Erregela».

Otoitza

Hain pobrea izanik, ematen dudana soilik daukat
eta soilik eman dezaket daukadana: hau da, nire izate osoa.
Hemen eta orain hau, lehenari heldu gabe eta geroa aurreratu gabe, bizitzea
une txiki honen pobrezian bizitzea da, non ematen dudana bakarrik dudan.
Ez dago ezer neureagorik, besteari eskaintzeko gai naizena baino.

Eta soilik eskain dezaket esperimentatzen dudana, naizena: Jainkoak nire bidez besteari oparitu nahi diona.
Nire gorputza da nire orain eta hemen honen presentzia.
Hori da nire libertatea: nire gorputza besteen topaketara eta zerbitzura daraman energia.
Eguna ez da egina izan aberastasunak neuretzat pilatzeko, nire aberastasun bakarra, nire bizitza hemen eta orain, partekatzeko libertatea edukitzeko baizik.

Gutuneko azken hitzak

“Hustea guztia uztea da Jainkoa besarkatzeko” (Santa Teresa)

2018ko iraileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate iraileko erreferentzia guztiak:

1 Mt 25, 14-30 / 2 Mk 7,1-8.14s.21-23 / 3 Lk 4, 16-30 / 4 Lk 4,31-37 / 5 Lk 4, 38-44 / 6 Lk 5, 1-11 / 7 Lk 5,33-39 / 8 Mt 1,18-23 / 9 Mk 7,31-37 / 10 Lk 6,6-11 / 11 Lk 6, 12-19 / 12 Lk 6, 20-26 / 13 Lk 6, 27-38 / 14 Jn 3, 13-17 / 15 Lk 2, 33-35 / 16 Mk 8, 27-35 / 17 Lk 9,23-26 / 18 Lk 7, 11-17 / 19 Lk 7, 31-35 / 20 Lk 7,36-50 / 21 Mt 9,9-13 / 22 Lk 8, 4-15 / 23 Mk 9,29-36 / 24 Lk 8, 16-18 / 25 Lk 8, 19-21 / 26 Lk 9, 1-6 / 27 Lk 9, 7-9 / 28 Lk 9,18-22 / 29 Jn 1, 47-51 / 30 Mk 9, 38-47


Iraileko otoitza 27an izango da