Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko abuztua  118. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Bigarren printzipioan barnera begiratzen saiatzen gara. Baina barnera begiratzeko era edo modu ezberdinak daude. Jainkoaren begiradapetik begiratzera gonbidatuak gara, Jainkoak begiraturik, bere begiradaz eta bere begiradak ikusten duenaz txunditurik bizitzera.

Gogoetarako gaia

Nor gara?

Geure buruari etengabe egiten diogun galdera da hori: “Nor naiz ni? Eta ez zaigu erraza egiten erantzuna. Hainbeste alde dauzkagu, hainbeste angelu, haietatik ikusiak izateko, eta ez zaigu batere erraza gertatzen osotasuna ematen duen begirada bat, edo osatzen gaituzten pieza guztiak doitzen gida gaitzakeena.

Baina ahalegin txiki bat egingo dugu ispiluaren aurrean jartzeko, baina Jainkoaren ispiluaren aurrean hain zuzen. Jainkoaren begien aurrean garena gara. Beraz, Jainkoak ikusten gaituen bezalakoak. Eta ahalegin hori egiteko Pedroz baliatuko gara.

Pedrori “maite nauzu?” galdetzen dionean, Jesus ez da Pedroren ezertaz ezjakin. Pedrok begira diezaioke bere buruari ispiluan eta esan: “gaitasun handiko gizona naiz, familia duen aita, arrantzalea eta lider izateko gauza. Pieza bateko gizasemea naiz, dena karta batera jokatzen duena. Gizon fededuna naiz, Jesusengan sinestu eta dena utziz Hari jarraitu diodana”. Eta hori egia da, ia-ia behintzat. Hau ere gehitu lezake: “harroputz bat naiz, faltsua, saldua. Handikeriak tentatu nau, Jesusen ondoan lehen postua hartu nahi izanez; nire lagunekin borrokan ibili naiz, eta munduan gehien maitatu dudan gizona saldu dut”. Eta hori ere egia da. Baina ez egia osoa eta gutxiagorik ere.

Izan ere Pedroren egia zera da: Jesusek aukeratua izan dela, Jesusek estimatua eta akuilatua, Jesusek haserre egin diola, Jesusek begiratua izan dela hura ukatu duenean, Jesusek deitua izan dela Hari bere maitasuna eta eginkizuna aitortzera.

Jesus da Pedroren egia. Jesusi begiratu beharrean bere buruari begiratu dion bakoitzean, murgildu egin da, edo harrokeriaz bete. Eta Jesus da Pedroren egia, Jesusek maite izan duelako bekatuan bertan ere. Jesusek bizitza haren alde emateraino maite izan duelako. Eta horrekin alderatuta, zer balio dute gorago egin dugun analisiak?

Geure buruari Jainkoaren maitasunaren argitan begiratzen diogunean bakarrik, dakigu nor garen.

Ebanjelioko pasartea: Lk 5, 4-10

Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion: “Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako”. Simonek erantzun zion: “Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea”. Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden. Beste ontziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi ontziak ia-ia hondoratzeraino bete zituzten. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez: “Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta”. Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Simon eta beronekin zirenak, baita haren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: “Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara”.

Frantziskotar espiritualtasuna

Hirutasun gorenaren eta Batasun santuaren, Aita eta Seme eta Espiritu Santuaren, izenean. Amen. Anaia agurgarri eta maite-maite guztioi..., eta anaia xalo eta esaneko guztiei, lehen eta azken etorriei, anai Frantzisko, gizon kaskar eta galkor, zuen morroitxo txiki-txiki honek, osasuna opa dizuet guztioi berrerosi eta bere odol txit preziatuaz garbitu gintuenagan; adora ezazue begirune osoz lurrera makurturik, haren izena: Jesu Kristo Jauna, Goi-goikoaren Seme deritzana. Bedeinkatua bera beti! (OrG 1-4).

Frantziskok bere burua “gizon kaskar eta galkortzat” dauka, “ezjakin eta eskolagabetzat”, “zuen morroitxo txiki-txikitzat Jainko Jaunagan”, “gizon ezereztzat”, “Jainkoaren zerbitzaririk txikientzat”. Baina bere burua, batez ere, bedeinkatutzat dauka, Jainkoak maite eta sostengatzen duen txikitxotzat. Bera txiki eta xumeen artekoa da, Erreinuko sekretuak ezagutzera ematen zaien horietakoa. Anaiak, “bere odol txit preziatuaz berrerosi eta garbitu gintuenagan” agurtzen ditu, horrela ikusten dituelako haiek eta bere burua: berrerosiak, azkeneraino maitatuak, baliotsuak, Gorengoaren Semeak haien alde bere burua eman zuelako. “Gizakia Jainkoaren aurrean zenbat den, hainbestexe da eta ez gehiago” (Ahol 19,1).

Otoitza

Munduan dagoen hainbeste jenderen artean,
Jainkoak ikusten dizu aurpegia eta ezagutzen sentimenduak ...
entzuten du eta bereizten zure ahotsa, urratsak eta eztula ...
sumatzen du urrundik zure usain gozoa ...
hartzen zaitu txeraz eskutik ...
eta deitzen zure izenez ...

Nire izenez deitzen nauzu, Jauna.
Ez nauzu, ez, guztiak bezala deitzen
denak zaku batean bezala.
Naizena izanik deitzen nauzu,
nire mugak eta talentuak ezagutuz,
nire zalantza eta segurtasunen berri jakinez.
Nire izenez deitzen nauzu, nire historiaz;
ezagunak dituzu nire zauriak, eta ahalmenak.
Zuk dakizu zein den nire ametsa,
eta zein den nire horizontean jartzen duzun helmuga.
Zuk dakizu noiz naizen erortzen, noiz zaitudan saltzen,
noiz bilatzen, noiz arbuiatzen.
Eta beti, beti, nauzu nire izenez deitzen.

Nire izenez deitzen nauzu,
zure adiskide izan nadin,
eta beti Zurekin egon.
Nire izenez deitzen nauzu,
ni mundura bidaltzera,
zeure hitza eta maitasuna komunikatzera
eta zeure senidetasun-ametsa,
zeure ahalmenaz, errealitate egitera.

Gutuneko azken hitzak

““Ni naiz bizia ematen duen ogia; niregana datorrena ez da sekula gose izango”. (Nazareteko Jesus)

2018ko abuztuko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abuztuko erreferentzia guztiak:

1 Mt 13, 44-46 / 2 Lk 1,26-33 / 3 Mt 13, 54-58 / 4 Mt 14, 1-12 / 5 Jn 6,24-35 / 6 Mk 9,1-10 / 7 Mt 14, 22-36 / 8 Mt 15, 21-28 / 9 Mt 16, 13-23 / 10 Mt 16, 24-28 / 11 Jn 15, 4-10 / 12 Jn 6, 41-52 / 13 Mt 17, 21-26 / 14 Mt 18, 1-5.10-14 / 15 Lk 1,39-56 / 16 Mt 18, 21-19,1 / 17 Mk 3,31-35 / 18 Mt 19, 13-15 / 19 Jn 6, 51-59 / 20 Mt 19, 16-22 / 21 Mt 19, 23-30 / 22 Mt 20,1-16 / 23 Mt 22, 1-14 / 24 Mt 22,34-40 / 25 Mt 23,1-12 / 26 Jn 6, 61-70 / 27 Mt 23,13-22 / 28 Mt 23, 23-26 / 29 Mk 6, 17-29 / 30 Mt 24, 42-51 / 31 Mt 25, 1-13 /


Abuztuko otoitzaldia 30an izango da.