Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko uztaila  117. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Lehenengo printzipio honetan Jainkoak begiratzen gaituen begiradaz begiratzen ikasi dugu, Berak errealitatea begiratzen duen begiradaz ikusten. Eta horretarako, ikasleek Jesusi irakats iezaguzu otoitz egiten eskatu zioten bezala, gu “Jauna, irakats iezaguzu maitatzen” eskatu beharrean gaude.

Gogoetarako gaia

Jainkoa sorkarietan sumatzeko

Toni Catalá jesuitak gogoeta batean esaten digu, errealitateari, inguruneari, pertsonei... zuzentzen diegun begirada juzgugilea dela normalki, nahiz eta guk begirada erlijiosoa dela uste izan. Eta Simon fariseuaren adibidea ematen digu. Jesus Simon fariseuaren etxean izanik, hiriko emakume bekataria bertan sartzean, biek ala biek emakume berari begiratzen diote, baina ez dute errealitate bera ikusten. Fariseuak portaera “moralak” ikusten ditu, Jesusek Biziaren Jainkoaren sorkari bat, lur joa. Jesusen begirada ez da erlijiosoa, ebanjelioaren araberakoa baizik. Eta konturatzen gara, Jesusen eta Simonen begiradek praktika ezberdinei ematen diela bide.

Gogoeta horren hari beretik, Francesco Carnelutti jurista italiarraren aipu hau daukagu: “Nire begien aurretik pasa dira hiltzaileak, bortxatzaileak, guraso-hiltzaileak, lapurrak, eta nahas-mahas uzten gaituen jendalde hori, maiz animali huts izatera etorria. Eta ikusi nuen kristauen Jainkoa bat egiten zela haiekin, salbuespen eta bazterketarik egin gabe. Ez zen soilik preso politikoen aristokraziarekin bat egiten, edo bidegabeki kondenatuekin, baizik eta delinkuente arruntarekin. Eta orduan ulertu nuen inongo fantasia erlijiosok ez zezakeela horrelako Jainkorik asmatu. Soilik gizadi ilun eta desesperatu horren kreatzailea bera identifikatu zitekeen jendalde horrekin”.

Jainkoak bizilekua sorkarietan duela ikustea, eta Hura haietan sumatzea, ez doa kreatura horien portaeraren arabera (hori egitea da “normala” eta “naturala”); Jainkoa sorkarietan sumatzea egin dezakegu bakarrik, bihotza eta begirada aldatzea Errukiorrari uzten diogunean.

Bestearen duintasun erradikalaz, beste hori Jainkoarena delako, konbentzituta gaudenean bakarrik, natura Haren eskuek egina dela sumatzen dugunean bakarrik, garbitzen zaigu begirada, eta hasten gara dena “begi berriez” ikusten.

Ebanjelioko pasartea: Lk 13, 10-16

Behin batean, larunbatez, sinagoga batean irakasten ari zen Jesus. Bazen han, hemezortzi urte hartan espiritu baten menpe gaixo zegoen emakume bat: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu. Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakumea, geldi zaitez libre zeure gaitzetik». Eskuak ezarri zizkion eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi. Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatez sendatu zuelako haserre, jendeari esan zion:

«Astean sei egun daude lanerako. Zatozte egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean». Jaunak erantzun zion: «Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez ere idia nahiz astoa ukuilutik askatu eta ura edatera eramaten? Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?»

Frantziskotar espiritualtasuna

Aldi hartan, bidelapur batzuk etortzen ziren noizik behin anaiek Borgo San Sepolcroren gainaldean zuten eremitoriora, anaiei ogia eskatzera. Lapur horiek probintziako oihanetan gordeta bizi ziren, baina noiz behinka haietatik irten eta galtzada eta bideetan ostu egiten zieten bidariei. Toki hartako anaia batzuek zera zioten: «Ez da bidezkoa halakoei limosna ematea, batik bat lapurrak direlako eta jendeari kalte asko eta larriak egiten dizkiotelako». Beste batzuek, berriz, apalki eta beharrak eraginda eskatzen zutela eta, eman egiten zieten batzuetan; hori bai, onbideratzeko gonbitea eginez.

Gauzak honela, Frantzisko dohatsua heldu zen leku hartara, eta anaiek galdetu zioten ea lapurrei ogirik eman behar zieten ala ez. Frantzisko dohatsuak erantzun zien: «... Zoazte eta lortu ogi eta ardo ona eta eraman iezazkiezue bizi diren basora, honela oihu eginez: “Anaia lapurrak, zatozte gugana; anaiak gaituzue eta ogi ona eta ardo ona dakarzkizuegu”. Haiek berehalaxe etorriko dira. Zuek, orduan, zabaldu zapia lurrean, ipini gainean ogia eta ardoa, eta zerbitza itzazue apal eta alai, jaten duten bitartean. Otordu ostean, esan haiei Jaunaren hitzak. Azkenik, lehen eskari bat egingo diezue...: hitzeman diezazuetela ez dutela inor joko, ez kalte pertsonalik egingo. Eta lapurrek eskari hori berehala aginduko dizuete, zuek erakutsitako apaltasun eta maitasunagatik.

Otoitza

Zuk ez duzu kreazioari aurka eginez
maitatua izan nahi,
kreazioaren bidez aintzatua baizik;
emaguzu gaur eta egunero:

Erreala dena artatzea
bere aberastasun eta aniztasunean.

Kemen apala, erabaki eta ekimenari heltzeko,
asmatzea, eta are gutxiago arrakasta, bermatua eduki gabe.

Pazientzia epe luzera ernetzen denerako,
lasterragotzea geure esku ez dagoen hartarako.

Berradiskidetuak bizitzea geure gorputzarekin,
aurreikusi ezina, zaurgarria, adeitsua zaigunean.

Lana bere poz eta nekearekin,
eta sufrimena lanik egin ezin dutenengatik.

Zabalik egotea defentsarik gabe
besteen presentziaren aurrean,
barru-barruan bisitatzen gaituztenean,
uzten badiegu barrura sartzen duten aniztasun aldaezinarekin.

Horrela bakarrik ulertuko dugu zure gizon egitea.
Horrela bakarrik bizi gaitezke enkarnaturik.

Gutuneko azken hitzak

“Soilik bihotzarekin ikus daiteke ongi; funtsezkoa begientzat ikusezina da.” (Saint Exupéry)

2018ko uztaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate uztaileko erreferentzia guztiak:

1 Mk 5, 21-43 / 2 Mt 8, 18-22 / 3 Mt 8, 23-27 / 4 Mt 8, 28-34 / 5 Mt 9, 1-8 / 6 Mt 9, 9-13 / 7 Mt 9,14-17 / 8 Mk 6,1-6 / 9 Mt 9,18-26 / 10 Mt 9, 27-29 / 11 Mt 10,1-7 / 12 Mt 10,7-15 / 13 Mt 10, 16-23 / 14 Mt 10, 24-33 / 15 Mk 6, 7-13 / 16 Mt 10,34-11,1 / 17 Mt 11, 20-24 / 18 Mt 11, 25-27 / 19 Mt 11,28-30 / 20 Mt 12, 1-8 / 21Lk 9, 1-6 / 22 Mk 6,30-34 / 23 Mt 12, 38-42 / 24 Mt 12, 46-50 / 25 Mt 20, 20-28 / 26 Mt 13, 10-17 / 27 Mt 13, 18-23 / 28 Mt 13, 24-30 / 29 Jn 6,1-15 / 30 Mt 13,31-35 / 31 Lk 9, 18-26


Uztaileko Otoitza hilaren 26an izango da