Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko ekaina  116. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

San Frantziskok anaien arteko harremanak nolakoak izan behar duten zehazterakoan amaren irudia erabiltzen du sarritan, bai ardura duenak nola jokatu adierazterakoan, bai eremitorioetako bizitzan anaien lanak bereizterakoan: astero bat ama izango da besteen ardura hartuz.

Jainkoaz ari denean ere bere ardura eta zaintza amaren irudipean datozkio, eta beragandik ikastera bultzatzen gaitu.

 Gogoetarako gaia

Agintea zerbitzu moduan

Norbaitek karguren bat hartzeko unean maiz entzun ohi izan dugu adierazpen hau: “Kargu hau komunitateari zerbitzu egiteko hartzen dut”. Eta gero sarritan ikusten dugu norberaren interesei egiten zaiela zerbitzu, agerian edo disimuluz. Garai honetan ez zaigu erraz egiten agintea zerbitzu moduan ulertzea. Gertatzez, berriz, edozein giza multzotan dago norbait formalki edo informalki besteen gain jarria dagoena. Nola bete egiteko hori komunitatearen zerbitzurako?

Agintea ez da zerbait finkoa, harreman-modu bat baizik, zerbait dinamikoa, etengabe mugimenduan eta jardunean ari dena, bai kargua duenaren aldetik bai menpeko denaren aldetik. Egia da, baita ere, aginteak ingurumari bakoitzean forma ezberdinak hartu dituela. Dena den, badaude alderdi inportante batzuk “autoritatearen zerbitzua” delako hori egiazkoa izan dadin.

Horietako bat zera da, agintea ez daukala jabetzan berorren erabiltzaileak. Aginteaz jabetzeko tentazioa handia da. Anaidian, senideen artean, agintea ez da lortu egiten, hartu baizik; horregatik ez da jabetza, kontzesio baizik. Behin behinekoa da soilik, iragankorra. Anai-arreben artean agintea izatearen beste alderdi bat zera da: senitarteko pertsonak direla aginte-jardun arduratsu horren hartzaile. Horrela, begirada ez da jartzen sisteman, ordena kolektiboan, erakundearen logikan, etab., senitartea osatzen dugun pertsonengan baizik. Aginpidea ez da jaun eta jabe izatea, baizik eta aldi baterako zerbitzu-modu bat, epe batek erabakitako senide izateko modu bat.

Intuizio hauek galtzen badira, aginpidea senitartean erabiltzea beste zerbait izatera etor daiteke: agintekeria, kaosa, indarren oreka hutsa, etab. eta galduan aterako direnak txikiak izango dira lehenik, eta azken batean denak. Inork ez bezalako aginpidea zuen Jesusek, baina bere bizia denen alde emanez erabili zuen.

Bibliako pasartea: 1P 5, 1-4

Zuen arteko arduradunei nik, beraiek bezala arduradun eta Kristoren sufrimenduen testigu eta gero agertuko den aintzaren partaide naizen honek, arren eskatzen diet: larra ezazue Jainkoak zuen esku jarri duen artaldea; zaindu, ez gogoz kontra, gogo onez baizik, Jainkoak nahi bezala; ez irabazi zikinari begira, bihotz-zabaltasunez baizik; ez zaintzeko egokitu zaizkizuenen gain agintea ezarriz, artaldearentzat eredu izanez baizik. Horrela, artzain nagusia agertzean, inoiz zimelduko ez den aintzazko koroa jasoko duzue.

Frantziskotar espiritualtasuna

Jaunaren izenean! Beste anaien ministro eta morroi jarriak dauden anaiek, beren eskumeneko probintzia eta bizilekuetan koka bitzate anaiak, eta sarri bisita eta espiritualki aholka eta adore bitzate. Eta gainerako nire anaia bedeinkatu guztiek haiei obedi biezaiete arretaz, arimaren salbamenari dagozkion eta gure bizimoduaren aurka ez dauden gauzetan.

Eta joka bezate elkarrekin Jaunak dioen bezala: Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei; eta: Ez egin inori zeuretzat nahi ez duzunik. Eta ministro eta morroiek gogora ekar bezate Jaunak dioena: Ez naiz etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik…
Bestalde, anaiek ez bezate izan botererik eta aginterik, eta are gutxiago beren artean. Izan ere, honela dio Jaunak Ebanjelioan: Herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriok, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Ez du horrela izan behar anaien artean. Hauen artean handien izan nahi duena izan bedi guztion zerbitzari eta morroi; eta beraien artean nagusiena egin bedi txikienaren pareko.

Otoitza

Zure aginpidea, Jauna,
hutsean zerbitzatzea da,
agur egite beti maitetsua,
adi egotea datorrenari, ez datorrenari.
Zure aginpidea, Jauna,
zure mintzoaren gertutasunean dago,
zure hitzen argitasun eta xalotasunean,
tratu goxo eta senidetsuan ,
begiratzeko, txeratzeko eta maitatzeko
duzun begirunean.
Zure aginpidea, Jauna,
zure bihotzean, zure keinutan, dago,
zure mirarizko egiteetan,
zure itxaropenezko hitzetan.
Zu zeu beheratzean dago,
zu gutako bat egitean,
Zu gure bizitzarekin
azkeneraino konprometitzean,
Zu Aitaren agintzariei leial izatean.
Zure aginpidea, Jauna,
ez dago legeetan,
ez eta aginduetan ere,
ez besteek baino ozenkiago oihu egitean,
ez besteek baino indartsuago eta egiatiago
izatearen irudia ematean …
Zure aginpidea, maitasunean
uste osoa izatea da,
hain zuzen  profeta-, lekuko- eta
senide-maitasunean.
Eskerrak, Jauna,
erakutsi didazulako, aginpideak
ez duela zerikusirik boterearekin,
zorionarekin baizik, eta hau ezin du
norberak beretzat gorde,
partekatu baizik nonahi.
Eskerrak, Jauna.

Gutuneko azken hitzak

“Agindu nahi duenak zubi izan behar du.” (Galestar Esaera zaharra)

2018ko ekaineko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate ekaineko erreferentzia guztiak:

1 Mk 11, 11-26 / 2 Mk 11, 27-33 / 3 Mk 14, 12-26 / 4 Mk 12, 1-12 / 5 Mk 12,13-17 / 6 Mk 12,18-27 / 7 Mk 12, 28-34 / 8 Jn 19,31-37 / 9 Lk 2,41-51 / 10 Mk 3,20-35 / 11 Mt 5,1-12 / 12 Mt 5, 13-16 / 13 Mk 16, 15-20 / 14 Mt 5,20-26 / 15 Mt 5, 27-32 / 16 Mt 5, 33-37 / 17 Mk 4,26-34 / 18 Mt 5,38-42 / 19 Mt 5, 43-48 / 20 Mt 6,1-6.16-18 / 21 Mt 6, 7-15 / 22 Mt 6,19-23 / 23 Mt 6, 24-34 / 24 Mk 4,35-40 / 25 Mt 7,1-5 / 26 Mt 7, 6.12-14 / 27 Mt 7,15-20 / 28 Mt 7,21-29 / 29 Mt 16,13-19 / 30 Mt 8, 5-17


Ekainean elkarrekin ospatuko dugun otoitza 28an izango da 19:30tan