Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko maiatza  115. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Frantzisko Aita Santuak dio eguneroko bizitzan Jainkoaren arnasa aurkitu beharra daukagula. Horretarako gure begirada errealitatera zuzendu beharra daukagu, Jainkoa haragiztatu den mundu honetan aurkitu ahal izateko. Jainkoak gure historia honetan presente darrai. “Hauetako bati egina niri egin zenidaten...”. San Joanek dioen bezala, lagun hurkoa maitatuz soilik jakingo dugu Jainkoa maitatzen dugun.

 Gogoetarako gaia

Justiziaren bila

Asisko Frantziskoz mintzo garenean, erraz uztartzen dugu hura bakearekin, senidetasunarekin, pobreziarekin, ekologiarekin ... Baina horiez gain bada beste alderdi bat, haren idazki eta biografietan ez agertu arren, beste guztientzat ezinbestezko dena: justizia. Munduan egoteko eta besteen bizitzarekin, batez ere gutxien mesedetuekin, solidario izateko dugun modua, bakea eta berradiskidetzearen bilaketak markatzen du. Frantziskotar espiritualitateak bere ADNan darama marka hori.

Baina jakitun gara, bakea eta berradiskidetzea ez direla soilik borondate onaren eta asmo onen fruitu. Horiez gain, beroriei laguntzen dieten baldintzak zaintzearen emaitza dira. Bake eta berradiskidetzerako justizia da baldintza nahitaezko bat; pertsonei duintasun gutxienekoa aitortzen zaien baldintza, alegia, izatera eta garatzera deituak dauden hura izan daitezen eta egin dezaten. Injustiziazko egoeran, giza eskubide gutxienekoak ematen ez direnean, bake eta berradiskidetze hori bideragarritasunik gabea da, edo oso zaila behintzat. Bake eta berradiskidetzeak ez ditu aurrez pertsona inozo eta zentzugabeak eskatzen, bakearen eta harmoniaren izenean injustiziazko egoerei uko egiten ez dietenak. Hor ez du honako honek balio: “bakea dadin agur mari bat”.

Horregatik frantziskotar espiritualitatea ez dago justiziaren bilaketatik banandua. Benetan, bakearen bilaketarern barruan eta indarkeriarik gabeko modutan jokatu behar du; baina azken batean bilaketan, norberarekin, Jainkoarekin, eta besteekin bizitza berradiskidetu bat izateko baldintzarik hoberenen bilaketan. Joan Paulo II.ak esan zuen bezala: “ez dago bakerik, justiziarik gabe, ez dago justiziarik barkamenik (berradiskidetzerik) gabe”.

Bibliako pasartea: Am 8, 4-8

Entzun hau, zuek, behartsuak zapaldu eta jende errukarria hondatzen duzuenok. Zeuen baitan diozue: «Noiz amaitu behar ote du ilberri-jaiak, laborea saltzeko? Noiz larunbatak, garia salmentan ateratzeko? Neurria txikiagotu eta prezioak handituko ditugu, okerreko pisuak erabiliz. Gari-hautsa bera ere saldu egingo dugu. Jende xehea dirutan erosiko dugu, eta behartsuak oinetako pare baten truke». Jakoben ondorengoen ohorea den Jaunak zin dagi, ez dituela ahaztuko berorien egintza gaiztoak. Horrekin guztiarekin, lurra bera ere ez ote da dardaratuko?

Frantziskotar espiritualtasuna

“Frantziskok pobre guztiengan Kristoren irudia ikusten zuen. Haiekin topo egitean, ez zizkien berak jasotako limosnak, beretzat beharrezko zituenak, eskuzabal ematen bakarrik, baizik eta zinez uste zuen horien benetako jabeei itzuli baino ez zuela egiten.

Behin batez, Sienatik bueltan zetorrela, behartsu bat aurkitu zuen bidean. Frantziskok, gaixo zegoela-eta mantu txiki bat zeraman abituaren gainean. Gizon haren miseria begi errukitsuz ikusirik, lagunari esan zion: «Beharrezko da mantua behartsu honi itzultzea, berea baita. Izan ere, guk maileguz hartu dugu, gu baino pobreagoren bat aurkitu arte». Baina laguna, aita errukitsuaren egoera larria ikusiz, ezezkoan zegoen tinko, ezin zuela inori lagundu eta bere buruaz ahaztu. Frantziskok, ordea: «Ziur nago Limosna-Emaile handiak benetako lapurtzat hartuko nindukeela, aldean daramadan mantua nik baino behar handiagoa duenari emango ez banio». Sarritan, zamak zeramatzaten pobreekin bidean topo egitean, bere sorbalda ahula eskaintzen zien pisua arintzeko” (LeLu 8,5).

Otoitza

Jauna, eskerrak ematen dizkizugu
bakearen alde lan egiten duten gizakiengatik
eta mundu zoriontsuagoa eraikitzen dutenengatik.
Hala ere,
sarriro telebistan sufritzen ikusten ditugu
haur, andre eta gizasemeak.
Goseak daude,
guduak zaurituak,
beren etxeetan ehizatuak,
lehergailu eta fusilek zuloz beteak.
Ikusten ditugu, halaber, inoiz
gizon eta emakumeak
sufritzen dutenen alde sakrifikatzen
eta haien zamak arintzen.
Gaizkiaren aurka borrokan dabiltza,
irribarre egiten diete beldur dutenei eta ahulei,
adorea eta itxaropena ematen.
Jauna, benetan maitatzen denean,
sufrimena arinagoa da eramateko,
bidegabekeriek atzera egiten dute,
liskarrak itzaliz doaz.
Irakats iezaguzu maitatzen, borroka eta irribarre egiten
guregana bakea eta adiskidetzea
hel daitezen,
itxaropenak lorea eman dezan
denen eta bakoitzaren bihotzean.

Gutuneko azken hitzak

“Zorionekoa, zerbait egiterakoan, bere gogapen eta desira baztertuz gauzak bere izate eta zuzentasunean begiratzen dituena.” (Gurutzeko San Joan)

2018ko maiatzeko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate maiatzeko erreferentzia guztiak:

1 Jn 14, 27-31a / 2 Jn 15, 1-8 / 3 Jn 15, 9-11 / 4 Jn 15, 12-17 / 5 Jn 15, 18-21 / 6 Jn 15, 9-17 / 7 Jn 15, 26-16, 4a / 8 Jn 16, 5-11 / 9 Jn 16,12-15 / 10 Jn 16,16-20 / 11 Jn 16, 20-22 / 12 Jn 16, 23-28 / 13 Mk, 16, 15-20 / 14 Jn 16, 29-33 / 15.Jn 17, 1-11a / 16 Jn 17, 11b-19 / 17 Jn 17,20-26 / 18 Jn 21,15-19 / 19 Jn 21, 20-25 / 20 Jn 20,19-23 / 21 Mk 9, 14-29 / 22 Mk 9, 30-37 / 23 Mk 9, 38-40 / 24 Lk 22,14-20 / 25 Mk 10, 1-12 / 26 Mk 10, 13-16 / 27 Mt 28,16-20 / 28 Mk 10, 17-27 / 29 Mk 10, 28-31 / 30 Mk 10, 32-45 / 31 Lk 1, 39-56


Maiatzeko otoitza 31an izango da