Hona hemen zer partekatu nahi dugun zuekin: uste bat —gizakiak bere alderdi espirituala berreskuratu beharra dauka—, eta intuizio bat —espiritualtasun frantziskotarrak Ebanjelioaren funtsezkoenaren ituizio gisa, ekarririk egin dezake nora ezean gabiltzan sasoi honetan


Garai zailak dira hauek, paradoxa handikoak: duela hamarkada batzuk pentsaezinak zitzaizkigun aukerak, erosotasunak eta aurrerapen teknologikoak ditugu, batetik; bestetik, ordea, nora ezean bizi gara: krisi ekonomikoak, politikoak, sozialak, ekologikoak; pobrezia, bazterketa, indarkeria, bizitzaren zentzurik eza… Gosez eta egarriz hiltzen ari da munduko biztanleen erdia, beste erdiak sobran duena aski lukeen arren elikatzeko.

Badirudi gure gizarteak balio indibidualistenetan eta materialenetan (teknika, kontsumoa, boterea, kontrola, segurtasuna, arrakasta, dirua...) bilatzen duela zoriontasuna. Bigarren mailan, urrun, geratzen dira, aldiz, beste zenbait balio,, ez-materialak: espiritualtasuna, kultura, etika, natura, maitasuna, elkartasuna... Hala, bada, bere horretan irauten ez ezik hazten ere ari da nora eza, norberarena zein gizarte osoarena.

Gizon-emakume denok, edo gehienok, dugu halako ez-konformidade existentzial bat, bizitzari zentzua aurkitu beharrari lotua. Eskarmentuak diosku ezinegon hori ez dutela isilarazten balio materialek; balio espiritualekin tratatu behar da, izan ere. Iguripen edo itxaropen okerra da uste izatea norberaren edo gizartearen barne-zoriontasuna bizitzaren alderdi materialari dagoela loturik bakarri, daukagun, pilatzen dugun edo kontrolatzen dugun horri alegia.

Ez dezagun gutxietsi balio materialen garrantzia, baina jar ditzagun dagokien lekuan. Izan ere, bitartekotzat hartu beharrean helburutzat hartuz gero, gizatasuna kentzen diete gure bizitzari eta elkarbizitzari, gizon-emakumeon eta gizartearen zerbitzura egon beharrean, balio absolutu bihurtzen dira eta euren mende jartzen gaituzte, nora eza eta nortasun-galera eragiten digute. Balio humanistak behar dituzte euskarritzat balio materialek, eta gure sentsibilitate sakonenarekin, espiritualenarekin, jorratu behar ditugu.

Badakigu hausnarketa hau ez datorrela bat egungo munduaren noranzkoarekin. Ez dio axola. Kontrapuntua, kontrapisua jarri nahi diogu egoera horri. Argi azaldu nahi dugu bere alderdi espirituala berreskuratu beharra daukala gizakiak. Eta garbi adierazi nahi dugun intuizio bat dakarkizuegu: gure ustez,  espiritualtasun frantziskotarrak, Ebanjelioaren funtsezkoenaren ituizio gisa, ekarririk  egin dezake nora ezean gabiltzan sasoi honetan.

Ideia horien inguruan batzartu gara zenbait herritar laiko eta fraide frantziskotar, Arantzazutik Asis Sarea bultzatzeko asmoz. Ez da erakunde edo talde berri bat; hemen ez dago bileretara etorri beharrik, eztabaidetan parte hartu beharrik, kuotarik ordaindu beharrik. Aski dugu posta arrunteko edo posta elektronikoko helbide bat elkarrekin harremanetan jarduteko. Printzipio bakan batzuk oinarri harturik bilaketa espiritual bat partekatzea, norbera dagoen lekuan dagoela eta dabilenean dabilela, horixe da gure xedea.

Neurri batean edo bestean beren bilatze-bide pertsonalaren edo eguneroko fedearen bizipenean laguntza gisa espiritualtasun frantziskotarraren balioaren intuizioa dutenekin bide zabala eta plurala jorratu nahi dugu. Norberak erabaki behar du nondik ekin bideari, noraino iritsi nahi duen, zer abiaduratan ibili nahi duen, betiere norberaren bizitzako unearen arabera. Bere eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarraren balioa, Ebanjelioaren funtsezkoenaren intuizio gisa, ezagutu edo partekatu nahi dutenentzat da Asis Sarea. Dokumentu honen xedea da azaltzea zertan datzan Asis Sarearen proposamena, eta iradokitzen duen esperientzian parte hartzeko gonbidapena.