Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2022ko maiatza  163. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Justiziaren eta errukiaren arteko tentsioa bizi dugu solidarioak izateko orduan. Txintxokerian erortzen diren zintzoak izan gaitezke, edo justizia eskatzen duten bihozgabeak gara, lagundu nahi diegun pertsonak ahaztuta.

Gogoetarako gaia

Justizia eta errukia

Kristau-fedeak, frantziskotar espiritualitatea barne, dakarren elkartasunak mundua sakontasun handiagoz begiratzera garamatza. Asisko Frantziskok bere baitan bizi izan zuen Jainkoak berarekin izaniko erruki handia. Hala dio bere idazkietan. Esperientzia horrek besteekiko harremanean errukiorra izatera bultzatu zuen, batez ere txiki eta behartsuenekin. Guk ere, Jainkoak digun errukiaz jabetuz gero, besteei sakonago begiratuko diegu; eta begirada honek norabide bikoitza izango du.

Alde batetik, begirada hori errukitsuagoa izango da. Hau da, hainbat eta hainbat pertsonaren hauskortasunaz arduratuko gara. Besteen sufrimenduak hunkitu egingo gaitu. Inoren sufrimenduak gu ukitzeko gaitasun hori pixkanaka bereganatzen da, ez kolpe batean. Normalena da errealitate horietatik ihes egin nahi izatea, ez begiratzea, horrelakorik ikusi nahi ez izatea, enbarazu egin ez diezadan. Gure gizarteak sufritzen ari direnengandik aldentzeko joera du. Begirada errukiorrak, aldiz, onartzaileagoak egiten gaitu, enpatiarako gai.

Bestalde, justizia-zentzua ere zorrotzagoa egiten da, gure gizartean naturaltzat jotzen diren eta pertsona askorentzat sufrimendu eta bizimodu desegokiak sortzen dituzten bidegabekerien aurrean. Jainkoak gutako bakoitzarekiko duen errukiak begiak ireki egiten dizkigu mundua ez dagoela ondo ikus ahal izateko, asko dagoela aldatzeko eta hobetzeko. Gure munduan itxuraldatzen diren bidegabekeriak eta gaitzak salatzera bultzatzen gaitu.

Bi dimentsio horietan sakontzea ezinbestekoa da frantziskotar espiritualtasunean eutsi eta aurrera egiteko. Munduari eta bertan bizi diren pertsonei buruzko begiradan sakontze horretatik, errukiaren eta justiziaren aldeko urratsak eman ahal izango ditugu. Errukirik gabe justizia hotz bihurtzen da, eta justiziarik gabeko errukia sentimendu hutsean geratzen da, sufritzen ari direnentzako ondorio onuragarririk gabe.

Biblia pasartea: Am 8,4-8

Entzun hau, zuek, behartsuak zapaldu eta jende errukarria hondatzen duzuenok. Zeuen baitan diozue: «Noiz amaitu behar ote du ilberri-jaiak, laborea saltzeko? Noiz larunbatak, garia salmentan ateratzeko? Neurria txikiagotu eta prezioak handituko ditugu, okerreko pisuak erabiliz. Gari-hautsa bera ere saldu egingo dugu. Jende xehea dirutan erosiko dugu, eta behartsuak oinetako pare baten truke». Jakoben ondorengoen ohorea den Jaunak zin dagi, ez dituela ahaztuko berorien egintza gaiztoak. Horrekin guztiarekin, lurra bera ere ez ote da dardaratuko? Bizilagunek ez ote dute dolurik egingo? Lur osoa Nilo ibaia bezala haziko da, Egiptoko ibaiaren antzera puztu eta hustuko da.

Frantziskotar espiritualtasuna

Pobreen aitak, Frantzisko pobreak, gauza guztietan pobreen kideko eginak, ezin zuen jasan norbait bera baino pobreagoa ikustea, ez ospe hutsalaren gosez, bihotzeko gupidaz baizik. Tunika zarpail eta latz batekin pozik zen arren, hau ere askotan behartsuren batekin banatu nahi zuen.

Pobre guztiz aberats honek, gupidazko sentimenduak eraginda, hotzaldi gogorretan mantua edo larruzko jantziak eskatzen zizkien maileguz munduko aberatsei, behartsuei lagundu ahal izateko. Eta haiek debozioagatik aita dohatsuak eskatu baino gogotsuago ematen zizkiotenean, esaten zien: «Baldintza batekin onartuko dizkizuet: berriro jasotzeko itxaropenari uko egiten badiozue». Ondoren, alai eta pozik, bidean aurkitzen zuen lehenengo behartsua janzten zuen hartutako jantziarekin.

Jasanezina egiten zitzaion behartsuren bat iraintzen ikustea edo Jainkoaren sorkariren bat madarikatzen entzutea. Hala esaten zuen: «Behartsua madarikatzen duenak, mundu honetan behartsu egin zen Kristo iraintzen du, pobrea haren nobleziaren irudi baita». (1Zel 76)

Otoitza

Errukia barneko zerbait da niretzat,
sentitzen dudan txoko hartan dago,
Berak bakarrik bere eskua eta arnasa pausatu zuen txokoa.
Errukia maitatzea da, maite-suz maitatzea,
nori? Denei.

Eta nolakoa da beti iristen den maitasun hori?
Harkaitzetik irteten den ura bezalakoa da
eta ibaira iristen da, dena haz dadin,
eta horrela sortzen da bizitza,
ura ezerk ez baitu geldiarazten.

Errukia, ematea, dohaina
lurrak uzta ematen duen bezala,
hodeiak ura,
eguzkia bere izpiak eta zerua bere koloreak, bere izarrak.

Errukia, irribarrea,
haurrarena bezalakoa amak musu ematean,
maitasuna aurkitzen duen gaztearena bezalakoa,
bakeaz eta harmoniaz gozatzen duten
gizon-emakumearena bezalakoa,
lurra delako lekua,
bihotza pozez betetzen den lekua.

Errukia, haizeak bere amaierara daramanan hura bera
pozik bidaiatzen du arrastoak utzi zituelako
egindako bidean,
eta itsasoak zeharkatuko dituzte beren oroitzapenarekin,
bela berriak zabalduz
eta baita denak igotzen dituzten bideak ere.

Errukia: bizi ezazu!, horixe nahi dut zuretzat,
niretzat, lurrean bizi garen guztiontzat.

Mª Blanca Arranz
Errukiaren ahizpa

Gutuneko azken hitzak

Gizarte aske batek ezin badie behartsu askori lagundu, ezingo ditu gutxi batzuk besterik ez diren aberatsak salbatu. (John F. Kennedy)

2022ko maiatzeko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:

1. Jn 21, 1-19  / 2. Jn 6, 22-29  / 3. Jn 14,6-14  / 4. Jn 6, 35-40  / 5. Jn 6,44-51  / 6. Jn 6,52-59  / 7. Jn 6, 60-69  / 8. Jn 10, 27-30  / 9. Jn 10, 1-10  / 10. Jn 10,22-30  / 11. Jn 12, 44-50  / 12. Jn 13, 16-20  / 13. Jn 14, 1-6  / 14. Jn 15,9-17  / 15. Jn 13,31-35  / 16. Jn 14,21-26 / 17. Jn 14,27-31a / 18. Jn 15, 1-8  / 19. Jn 15, 9-11  / 20. Jn 15,12-17 / 21. Jn 15, 18-21 / 22. Jn 14,23-29 / 23. Jn 15, 26-16, 4a  / 24. Jn 16,5-11 / 25.. Jn 16,12-15  / 26. Jn 16,16-20  / 27. Jn 16, 20-23a  / 28. Jn 16, 23b-28  / 29. Lk 24, 46-53  / 30. Jn 16, 29-33  / 31. Lk 1,39-56

Maiatzeko otoitza hilaren 26an izango da.