Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko urria  156. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Isiltasunak asko esaten du. Aipa dezakete zertaz ezin den hitz egin. Era berean, hitz horrek oihartzun handiena hartzen duen eremua ere izan daiteke. Isiltasunak hitzei eta esaten dituenei buruz hitz egiten du, edo ez du esaten.

Gogoetarako gaia

Isiluneak

Anaiartean, bikotean, familian isiluneak gertatzen direnean, zerbait ondo ez doanaren susmoa sortzen da. Elkarrizketarik ez dagoen otordu horiek, elkarri ezer esateko ez dauden otordu horiek, hotz eta hutsaren inpresioa uzten dute. Norbait giro lasaia sortu nahian eguneko zerbait komentatuz edo iraganeko zerbait gogoratuz saiatzen bada, eta elkarrizketan inork ez jarraitzean isiltasuna nagusitzen bada, nabarmenago geratzen da giro nahastu edo gaixotua. Hori da irudipena, behintzat. Isilune horiek beldurra, urruntasuna eta arbuioa adieraz ditzakete.

Elkarrizketa atsegina eta animatua den egoerak ere gertatzen dira. Baina gaiak beti oso maila azalekoak dira, edo beti hirugarren pertsonaz hitz egiten da, edo bertan daudenak ezertan inplikatzen ez dituzten gaiez. Baina hori beti hala gertatzen bada eta inoiz ez badira agertzen gai pertsonalagoak, nabarmen geratzen da taldekideen eta bikotearen arteko komunikazio- eta tratu-zailtasunak daudela. Giroa lasaia bada ere, argi dago harremana funtsik gabea dela eta ez dagoela benetako komunikaziorik. Berriketa hutsa besterik ez izanik, harreman-gabezia nabarmenagoak adierazten ditu aberastasunak baino.

Isiluneak ere gertatzen dira, komunio sakon bat adierazten dutenak. Harreman landuak dira, historia bizitua dutenak; elkar ezagutza dago eta ez da hitzen premiarik sentitzen. Denbora luzeko harreman batean, ziur garai zailak egongo zirela, baina oraingo isilune hauek lasaiak, sosegatuak eta sakonak dira; elkartasuna erakusten dute. Isilune horiek ederrak dira, hitzei dentsitate handiagoa ematen dietelako, nahiz eta hitz gutxi izan. Isiltasun horiek egia ematen diote harremanari, errespetua, sakontasuna eta intimitatea adierazten dutelako. Altxorra da.

Anaiarteak, familiak, bikoteak, hitzak behar ditu, baita isiltasunak ere.

Bibliako pasartea: Ef 4,25-31

Bazter ezazue, beraz, gezurra eta esan egia nork bere lagun hurkoari, guztiok elkarren atal baikara. Haserretzen bazarete ere, ez heldu bekatu egiteraino; zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun. Ez eman inolako aukerarik deabruari. Lapur denak ez dezala aurrerantzean ostu, saia dadila baizik bere eskuz lan egiten, beharrean dagoenari zer eman edukitzeko. Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, zerbait esan behar baduzue, ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila. Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horrekin markatu baitzaituzte Jainkoak zigiluz bezala, askapen-egunean zuek bereizteko.

Frantziskotar espiritualtasuna

Erlijioso-bizitza eremitorioan eraman nahi duten anaiak izan bitez hiru, edo gehienez lau. Horietako bi izan bitez amak, eta eduki bitzate bi seme, edo gutxienez bat. Ama diren biek egin bezate Martaren bizimodua, eta seme biek Mariaren bizimodua. Barruti bat eduki bezate, eta bertan bakoitzak bere gelatxoa, otoitzerako eta lotarako.

Eguneroko konpletak esan bitzate beti eguzkia sartu orduko; eta saia bitez isiltasuna mantentzen. Erreza bitzate liturgi orduak eta jaiki bitez maitinetarako. Eta ardura bitez batez ere Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz. Ordu egokian erreza bezate Prima, eta Tertziaren ondoren eten bezate isiltasuna eta zilegi bekie hitz egitea eta beren amengana joatea. Eta nahi dutenean, amei limosna eska diezaiekete Jainko Jaunaren maitasunagatik, behartsu txikien antzera. Gero Sexta eta Nona erreza bitzate; eta erreza bitzate Bezperak dagokien orduan.

Ez diezaiotela inori utz bizi diren barrutian sartzen, eta ez dezala inork bertan jan. Ama diren anaiak saia bitez pertsona guztiengandik urrun egoten eta, beren ministroarekiko obedientziaz, babes bitzate semeak jendearengandik, inork ere beraiekin hitz egin ez dezan.

(RegEr 1-8)

Otoitza

https://www.feadulta.com/images/Musica/Que_me_hable.mp3

Zaratak gortzen nauenean
eta bizitza, berak nahi gabe,
bidegurutze eta desbideratzera
naraman labirintoa denean.

Zerua iluntzen denean
eta airea bera ere lodi bihurtzen,
ezin dudala sentitzen dudanean,
ahal izanik ere, jada nahi ez dudanean.

Zure isiltasunak hitz egin diezadala
eta barrutik aurki nazala.
Nire arimak hegaldia altxa dezala
pisuak atzean utzita.
Zure eskuak estali nazala
eta zure hatsak bildu.
Zure maitasunak eutsi nazala
eta eraman Zuk nahi duzun lekura.

Argiak zeharkatzen nauenean
nire itsutasunak argituz
eta koloreak nire irria betetzen duenean
mila bandera partekatuz

Lasai noanean
eta Biziak bildurik sumatzen naizenean
Zuk ni dastatzen nauzunean
zure zaporeak betetzen nauenean

Zure isiltasunak hitz egin diezadala
eta barrutik aurki nazala.
Nire arimak hegaldia altxa dezala
pisuak atzean utzita.
Zure eskuak estali nazala
Eta zure isiltasunak hitz egin diezadala
eta barrutik aurki nazala.
Nire arimak hegaldia altxa dezala
pisuak atzean utzita.
Zure eskuak estali nazala

(Salomé Arrecibita)

Gutuneko azken hitzak

«Polita da gauza ederrei buruz hitz egitea, eta are politagoa isilean begiratzea». Dejan Stojanovic (serbiako poeta)

2021ko urriko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate iraileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 10,13-16 / 2. Lk 10,17-24 / 3 Mk 10,2-16 / 4 Lk 10,25-37 / 5 Mt 7,7-11 / 6 Lk 11,1-4 / 7 Lk 11,5-13 / 8 Lk 11,15-26 / 9 Lk 11,27-28 / 10 Mk 10,17-30 / 11 Lk 11,29-32 / 12. Lk 11,27-28 / 13 Lk 11,42-46 / 14 Lk 11,47-54 / 15 Mt 11,25-30 / 16 Lk 12,8-12 / 17 Mk 10,35-45 / 18 Lk 10,1-9 / 19 Lk 12,35-38 / 20 Lk 12,39-48 / 21 Lk 12,49-53 / 22 Lk 12,54-59 / 23 Lk 13,1-9 / 24 Mk 10,46-52 / 25 Lk 13,10-17 / 26. Lk 13,18-21 / 27. Lk 13,22-30 / 28. Lk 6,12-19 / 29. Lk 14,1-6 / 30. Lk 14,1.7-11 / 31. Mk 12,28b-34

Urriko otoitza hilaren 28ean izango da.