Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko iraila  155. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Elkartasunaren gaia premian bizi denari laguntzea hutsa baino askoz gehiago da. Denok bizi garen sistema osoa inplikatua geratzen da. Horrela, besteei laguntzean geure buruari laguntzen diogu.

Gogoetarako gaia

Lagundu gu salbatzen

Pandemiaren lehen garaietan, askok uste genuen elkartasuna hedatuagoa bihurtuko zela gure gizartean. Horren zantzuak egon ziren, baina orain badirudi "salba bedi ahal duena"-rekin jarraitzen dugula. Indibidualismoaren erresuma honetan bada imajinario kolektibo bat nagusi dena: bakoitzak bere patua lantzen du. Hori gertatzen da ekonomian, kulturan, herrialdeen arteko harremanetan. Horrela, pobreziaren, indarkeriaren eta bazterketaren arazoa ez litzateke hainbeste egitura jakin baten ondorio izango, ondorio indibiduala baino. Gizartea ez da pertsona horien egoeraren erantzule; beraiek bilatu dute. "Adi egon balira, gehiago saiatu izan balira, beste lagun batzuk aukeratu izan balituzte, etab."

Hau horrela izanik, ez dago besteen zorteaz kezkatu beharrik. Gehienez ere, borondate onarekin, behartsuei arreta eman ahal izango zaie goitik behera, modu paternalistan. Beraz, lasai geratzen da bizitzan ongi doakionaren kontzientzia, eta gaizki doakionarena errudun geratzen da. Bizitzaren biktima asko, biktima izateaz gain, errudun sentitzen dira eta bere patuaren erantzule. Erantzukizun barneratua da hau.

Hala ere, errealitatea konplexuagoa da, pertsonen egoeran beste faktore batzuek ere parte hartzen dutelako, eta uste baino askoz ere modu erabakigarriagoan. Faktore batzuek gizagabea bihurtzen dute "salba bedi ahal duena"-ren logika hura. Horregatik, elkartasuna, lehenik eta behin, premia duen pertsonari pertsona gisa duen duintasuna aitortzea da. Era berean, gizarteak funtzionatzeko modu bidegabeak dituela ulertu behar da eta salatu: pertsona batzuk baztertuak eta bortxatuak diren bitartean, beste batzuek beren posizio abantailatsuari etekina ateratzen diote. Eta elkartasuna, nola ez, baliabideekin laguntzea ere bada, bizitzan gaizki doazenak bizimodu duinago batera aldatzeko protagonista bihur daitezen, haiei lagunduz, sustatuz eta beren bizitzak gidatzeko askatasuna emanez.

Bibliako pasartea: Eg 2,42-47

Denak apostoluen irakaspenak entzuteari eta elkarte-bizitzari emanak bizi ziren, ogi-zatitzea eta otoitza elkarrekin egiten zituztelarik. Mundu guztia izuturik zegoen, apostoluek egiten zuten hainbat egintza harrigarri eta mirarirengatik. Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten: beren lur eta ondasunak saldurik, guztien artean banatzen zuten dirua, nork zer behar zuen. Egunero bildu ohi ziren tenpluan, baina ogia etxeetan zatitzen zuten, otorduak elkarrekin pozik eta bihotz xaloz eginez. Jainkoa goresten zuten, eta herri osoaren estimazioa zuten. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen zizkion elkarteari salbatzen zirenak.

Frantziskotar espiritualtasuna

Berak errebelazioz ikasia irakasten zuen Frantziskok, hots, Elkarte santuan sartzeko eman beharreko lehen pausoa Ebanjelioko hura betetzea zela: Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei. Beraz, berentzat ezer gorde gabe, gauza guztiez desjabetzen zirenak bakarrik hartzen zituen Ordenan, bai Ebanjelioak esana betetzeko, eta bai gordetako ondasunak eskandalu-bide gerta ez zitezen.

Anconako Markako batek Ordenan har zezala eskatu zion eta pobreen egiazko patriarkak erantzun zion: «Kristoren pobreekin elkartu nahi baduzu, banatu zeure ondasunak munduko behartsuen artean». Hori entzutean, joan zen gizona eta, haragiaren maitasunak eraginik, ahaideen artean banatu zituen ondasunak, pobreei ezer eman gabe. Egindakoa kontatu ziotenean, Frantziskok gogor egin zion agiraka, esanez: «Zoaz zeure bidetik, anaia eulia, ez baitzara oraindik zeure etxetik eta ahaideetatik irten. Ondasunak zeure odolekoei eman dizkiezu eta pobreei kendu; ez zara pobre santuekin bizitzeko duin. (Le Lu 7,3)

Otoitza

Ez nekatu nitaz,
Nik ere tarteka
ez badut neure burua jasaten ere.
Ez etsi,
Zugandik urrundu egiten banaiz ere,
baztertu egiten bazaitut zu,
galdu egiten banaiz ni.
Ez atzera egin,
leloa bainaiz ni
eta Zu tematia.
Ez nauzu bazter batean uzten
zure maitasunak indar gehiago baitu
ni bazterrean uzteko arrazoiak baino.

Izan pazientzia nirekin,
etsipenean erortzen ez zaren hori;
nitaz sinestean
begiak irekitzen baitizkidazu
eta hegoak zabaltzen.

José María Rodríguez Olaizola, sj

Gutuneko azken hitzak

«Nire haserrea ez da bidegabekeriagatik, askok hura mozorrotzeko egiten duten ahaleginagatik baizik». Isabel Cendal, erizaina (XVIII.g)

2021ko iraileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate iraileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 4,38-44 / 2. Lk 5,1-11 / 3 Lk 5,33-39 / 4 Lk 6,1-5 / 5 Mk 7,31-37 / 6 Lk 6,6-11 / 7 Lk 6,12-19 / 8 Mt 1,1-16.18-23 / 9 Lk 6,27-38 / 10 Lk 6,39-42 / 11 Lk 6,43-49 / 12. Mk 8,27-35 / 13 Lk 7,1-10 / 14 Jn 3,13-17 / 15 Lk 7,31-35 / 16 Lk 7,36-50 / 17 Lk 8,1-3 / 18 Lk 8,4-15 / 19 Mk 9,30-37 / 20 Lk 8,16-18 / 21 Mt 9,9-13 / 22 Lk 9,1-6 / 23 Lk 9,7-9 / 24 Lk 9,18-22 / 25 Lk 9,43b-45 / 26 Mk 9,38-43.45.47-48 / 27 Lk 9,46-50 / 28 Lk 9,51-56 / 29 Jn 1,47-51 / 30 Lk 10,1-12

Iraileko otoitza hilaren 30ean izango da.