Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2021ko uztaila  153. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Hainbat aldetatik aldarrikatzen da espiritualtasunaren garrantzia. Hala ere, otoitza batere agerikoa ez den garaiak bizi ditugu. Gure otoitza berrikusteko unea da, Jainkoarekiko harreman-bide garrantzitsua.

Gogoetarako gaia

Otoitzaren funtsa

Esan ohi dugu otoitza garrantzitsua dela fedea bizitzeko, Jainkoarekiko harreman pertsonalari eusteko. Eta horrela da, benetan. Baina otoitzean urteak daramatzagun arren, ondo datorkigu noizean behin otoitza berari errepaso bat ematea. Gure inguruan fedeari buruz nagusi diren zalantzek, errutinek eta lehortasun-garaiek argaltzera eta ahultzera daramatzate Jainkoaren aurrean otoitz egiteko denbora hartzera bultzatu gintuzten lehen motibazio haiek.

Pablok Colosasko kristauei zuzendutako gutun batean esaten die: "Otoitzean iraun". Horretarako, uste osoa izan behar dugu ez gaudela bakarrik ahalegin horretan. Gure bihotzean xuxurlatzen, inspiratzen, gure alde ari den Izpirituak adoratzen gaitu. Gugandik sortutako otoitza egitea baino gehiago, agian lagunduko liguke pentsatzea Jainkoaren aurrean jarrita Izpirituari uzten diogula gure baitan esan dezan. Gure bihotzak barruan daramana hitz egin, esan, askatu dezan onesten dugu. Eta hau guztia Haren aurrean jartzen dugu. Ez naiz ni otoitzaren, Jainkoarekiko harremanaren iturri, baizik eta Jainkoa bera da gure izate osoa blaitzen duena.

Zein pozgarria den haren presentzia sentitzen dugunean, harreman horretan hitzak eta hitzak ateratzen direnean, edo esandakoaren eta bizitakoaren arteko koherentzia dagoenean. Benetan eskertzekoa da. Hala ere, nire otoitzaren egia ez da gauza horietatik neurtzen, nire bihotzak Jainkoarekiko duen irekitasun mailagatik baizik; sentitu edo ez sentitu, hitzak izan edo ez izan, koherentziaz bizi ala ez. Bere presentziak nire otoitzaren egia egiaztatzen du.

Otoitza, horregatik, fedearen ondorioa ez ezik, fedearen eta harremanean hazteko eskola ere bada; Jainkoaren argitan benetan bizitzen irakasten digu.

Bibliako pasartea: Er 8,26-28

Era berean, Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde. Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak, bere aurre-erabakiz deitu dituenen onerako, alegia.

Frantziskotar espiritualtasuna

Eta eskerrak ematen dizkizugu, zeure Semearen bitartez egin gintuzun bezalaxe, bera, egiazko Jainko eta egiazko gizona, izan zenigun maitasun santuaz, Ander Maria beti Birjina ospetsu eta txit dohatsuagandik jaioarazi zenuelako, eta gu, gatibuok, haren gurutze eta odol eta heriotzaz berrerosi nahi gaituzulako.

Eta eskerrak ematen dizkizugu, zure Seme hau berau bere maiestatezko aintzaz beterik etorriko delako, bihotz-berritu ez diren eta zu ezagutu ez zaituzten madarikatuak betiko sutara jaurtitzera, eta ezagutu eta adoratu eta bihotz-berriturik zerbitzatu zaituzten guztiei esatera: Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok, hartzazue munduaren hasieratik zuentzat prestatua dagoen erreinua.

Eta gu guztiok, errukarri eta bekatariok, ez baikara zu aipatzeko duin, arren erregutzen dugu, Jesu Kristo gure Jaunak, atsegin izan zenuen zeure Seme maiteak, guztiagatik eskerrak eman diezazkizula Espiritu Santu Laguntzailearekin batera, zeuri eta berari atsegin zaizuen bezala: bera aski baituzu beti edozertarako eta beraren bitartez hainbat mesede egin baitzenigun. Aleluia!

(1Er 23,3-5)

Otoitza

Jauna, hobeto ezagutzen nauzu
nik neure burua ezagutzen dudana baino.
Zure Espirituak blaitu egiten ditu
nire bizitzako une guztiak.
Eskerrik asko nire gainera isurtzen ari zaren
zure graziagatik eta zure maitasunagatik.
Eskerrik asko Zu nire bizitzan sartzen uzteko
egiten didazun zure gonbidapen etengabe eta leunagatik.
Barkatu zure gonbidapenari uko egin diodan aldiengatik,
eta zure maitasunetik urrun ibili naizelako.
Lagundu datorren egun honetan
zure presentzia nire bizitzan ezagun dezadan,
Zuri irekia egon nadin.
Zuk niregan egin dezazula,
Zure aintzarako.

(Loiolako San Inazio)

Gutuneko azken hitzak

«Otoitzak ez du Jainkoa aldatzen, baina bai otoitzean ari dena». Soren Kierkegaard.

2021ko uztaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate uztaileko erreferentzia guztiak:

1 Mt 9,1-8 / 2. Mt 9,9-13 / 3 Jn 20,24-29 / 4 Mk 6,1-6 / 5 Mt 9,18-26 / 6 Mt 9,32-38 / 7 Mt 10,1-7 / 8 Mt 10,7-15 / 9 Mt 10,16-23 / 10 Mt 10,24-33 / 11 Mk 6,7-13 / 12. Mt 10,34-11,1 / 13 Mt 11,20-24 / 14 Mt 11,25-27 / 15 Mt 11,28-30 / 16 Mt 12,1-8 / 17 Mt 12,14-21 / 18 Mk 6,30-34 / 19 Mt 12,38-42 / 20 Mt 12,46-50 / 21 Mt 13,1-9 / 22 Jn 20,1.11-18 / 23 Jn 15,1-8 / 24 Mt 13,24-30 / 25 Mt 20,20-28 / 26. Mt 13,31-35 / 27. Mt 13,36-43 / 28. Mt 13,44-46 / 29. Jn 11,19-27 / 30. Mt 13,54-58 / 31. Mt 14,1-12

Uzyaileko otoitza hilaren 29an izango da.