Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko abendua  146. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Zenbat energia inbertitu dugun eta inbertitzen jarraituko jakinduria lortzeko. Ezagutzaren bilaketak ondo islatu dezake zer izan den gizateriaren historia, norberaren eta unibertsoaren errealitatearen ulermena lortu nahian. Baina muga eta zailtasun berberak izaten ditugu beti. Jakinduria ez da lortzen, jaso egiten da.

Gogoetarako gaia

Apaltasuna, jakinduria berria

Pertsona batzuek harritu egiten gaituzte beren oroimen handiagatik, gai direlako informazio asko pilatzeko jakintza-arlo askotan: zientzia, kultura, historia... Entziklopedia ibiltariak bezalakoak dira. Telebista lehiaketa bat ikustea besterik ez dago. Asko dakitela esaten dugu. Badira beste pertsona batzuk, aurrekoek bezainbeste ez dakiten arren, besteak mugitzen dituzten giza mekanismoak atzemateko erraztasuna dutenak; azkarrak dira ondokoari zer gustatzen zaion eta zer ez zaion gustatzen antzematen, zein motibaziok mugitzen duen, nola sentitzen den, zer behar duen... Ez da erraza engainura eramatea, ondo igartzen bai gaituzte.

Baina jakintsua den norbaiti buruz ari garenean, ez gara datuak eta jakintzak metatzeaz ari, ezta pertsonen ezagutzaz ere, baizik eta geure buruarengandik eta besteengandik espero ezin dezakeguna hautematen hasten garenean lortzen den giza gaitasunaz. Gure giza izaerak eman dezakeena eta eman ez dezakeena bere neurrian kalibratzeko usaimena bezalakoa da. Ez da ahalegin intelektual baten emaitza hutsa, ezta harremanetarako trebetasunena ere, baizik eta esperientzia pertsonalean lortutako argitasun hori, gure egian kokatzen gaituena. Jakinduria horrek ez gaitu besteen gainetik edo azpitik jartzen, baizik eta gure lekuan jartzen gaitu errealitatearen erdian. Apaltasuna eskatzen duen jakinduria mota bat da. Egoera horretara iristen ari den gizon-emakumea pertsona jakintsua dela esaten dugu.

Eta bada beste jakinduria bat, aurrekoaren antzekoa, Jainkoaren aurrean lortzen dena. Izaki dela dakien pertsona da. Lorpen moduko bat edo lortzen den zerbait baino gehiago, errebelazio moduko zerbait da, opari bat. Jainkoaren presentziaren aurkikuntzaren aurrean, norbera, aldi berean, naturaren miraririk handiena bezala ikusten da jasotzen duen maitasunagatik, eta kreaturarik txikiena bezala, dena opari baita, dohain, inolako meriturik gabekoa.

Bibliako pasartea: 1Kor 2,1-5

Horregatik, senideok, nik ere, Jainkoaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean, ez nizuen hitz egin giza jakinduriazko hizkera landua erabiliz. Izan ere, zuen artean ez nuen ezer jakin nahi izan, Jesu Kristo, eta berau gurutziltzatua izan ezik. Horregatik, ahul eta beldurrez dar-dar aurkeztu nintzen zuen aurrean. Nire hitza eta predikua ez ziren giza jakinduriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baizik, horrela, zuen sinesmena Jainkoaren indarrean oinarri zedin eta ez giza jakindurian.

Frantziskotar espiritualtasuna

Frantzisko dohatsua Portziunkulako Santa Marian eginiko Kapitulu jeneralean, Lastairen Kapitulua deiturikoan, zegoen. Bertan bost mila anaia bildu ziren, horietako asko eta asko jakintsu eta ikasiak. Hauek kapituluan zegoen jaun Kardinalari –hau gero Gregorio IX.a Aita santua izango zen– esan zioten konbentzi zezala anaia Frantzisko jakintsuen aholkuei jarraitzera eta haien gidaritza onartzera. Eta Benedikto, Agustin eta Bernardo santuen erregelak aipatzen zituzten, hauek zehazki irakasten baitute nola bizi.

Entzun zuen Frantziskok Kardinalaren oharpena, eta, hau eskutik hartuta, kapituluan bildurik zeuden anaiengana eraman zuen eta honela hitz egin zien anaiei: «Ai anaiok, ene anaiok, Jaunak apaltasunean eta xalotasunean bizitzera deitu ninduen. Ez iezadazue beste erregelarik aipa, ez San Agustinena, ez San Benediktorena eta ez San Bernardorena. Jaunak adierazi zidan, ni mundu honetan zoro berri bat izatea nahi zuela, eta jakintza honen bidetik eraman nahi izan gintuen, ez bestetatik. Zeuen zientzia eta jakintzaren bidez nahastuko zaituzte Jainkoak. Nik Jaunaren borreroengan dut konfiantza, horien bitartez zigortuko zaituztela Jainkoak, alegia, eta orduan, nahitaez, lotsa-lotsa eginda itzuliko zarete zeuen lehengo egoerara».

Kardinala erabat txunditurik geratu zen eta ez zuen ezer erantzun, eta anaia guztiak beldurrak hartu zituen. (PerLe 18).

Otoitza

Ezkutuan zauden jakinduria
gehiago ahal izatearen zalantzazko sare
eta harrokeriaren amildegi leunen artean.
Des-jabetze hutsaren bidean gora egiteak
apalkuntza azkarra eskatzen du, erabatekoa,
bestelakorik gabeko betetasunerantz amildua;
ondasun materialen gabeziak sortutako zorabioagatik
kostatako maldan behera,
bere errai hutsala ezkutatzen duten parapetorik gabea.
Gorantz jotzeko
komeni da gero eta beherago joatea,
induljentziaz blaitutako euriarekin kontaktu zuzenean;
komeni da ibiltzea pribilejioen zama arinik gabe
bere harrokeriazko arma eta
ateak blokeatzen dizkiguten segurtasunetik aske.
Aldapan gora beheratuz!,
ur korronte freskoa,
eutsi nahian ihes egiten diguna,
erori behar duena,
bere iturri isila
berriro urratzeko itxaropenarekin,
leunki leunki gainezka egin behar duena
itsasoan desagertu arte.

(Toño Martínez).

Gutuneko azken hitzak

Ezagutza eta jakituria ez dira inoiz nahastu behar. Lehenengoak bizimodua ateratzeko balio digu; jakituriak bizitzen laguntzen digu. (Sorcha Carey)

2020ko abenduko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abenduko erreferentzia guztiak:

1 Lk 10, 21-24 / 2 Mt 15, 29-37 / 3 Mt 7, 21.24-27 / 4 Mt 9, 27-31 / 5 Mt 9,35-10,1.5-8 / 6 Mk 1, 1-8 / 7 Lk 5,17-26 / 8 Lk 1, 26-38 / 9 Mt 11, 28-30 / 10 Mt 11, 11-15 / 11 Mt 11, 16-19 / 12 Mt 17, 10-13 / 13 Jn 1,6-8.19-28 / 14 Mt 21,23-27 / 15 Mt 21,28-32 / 16 Lk 7, 19-23 / 17 Mt 1, 1-17 / 18 Mt 1, 18-24 / 19 Lk 1, 5-25 / 20 Lk 1, 26-38 / 21 Lk 1, 39-45 / 22 Lk 1, 46-56 / 23 Lk 1, 57-66 / 24 Lk 1, 67-79 / 25 Jn 1, 1-18 / 26 Mt 10, 17-22 / 27 Lk 2, 22-40 / 28 Mt 2,13-18 / 29 Lk 2, 22-35 / 30 Lk 2, 36-40 / 31 Jn 1,1-18

Azaroko Otoitza hilaren 17ean izango da.