Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko urria  144. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Urrian gaude, frantziskotar hilabetea, gure santuaren jaiarekin eta Asisko Espirituaren ospakizunarekin. Bertan, bakearen alde otoitz egiteko erlijioen mundu mailako topaketa gogoratzen da. Desberdinen arteko topaketaren hilabetea da.

San Frantziskok eta Santa Klarak lagun gaitzatela Jainkoarekin eta elkarrekin bat eginik senide desberdinen artean bizitzen.

Gogoetarako gaia

Anai-arreba desberdinak

Gero eta gizarte pluralagoan bizi gara. Aniztasuna kulturan, jatorrian, erlijioan, ideologian bizi da. Eliz komunitate berean, fedea eta elizako kide izateko eta bizitzeko modu desberdinak daude. Desberdinekin bizitzera deituak gaude, eta denok anai-arrebak garela esaten dugu. Erraza da pentsatzea eta esatea denok berdinak garela duintasunari dagokionez, baina elkarbizitza zaila da eguneroko errealitatean.

Horregatik, borondate onenarekin, berdintzen gaituzten minimo komunak aurkitzen saiatzen gara, eta horien gainean eraikitzen ditugu elkarbizitzarako moduak: antzeko beharrak ditugu, bizimodu duina nahi dugu, espazio publiko berberak erabiltzen ditugu, eskola berberak ditugu, etab. Baina horrek guztiak ez du desegiten, adibidez, norberaren fede-identitatearen kontzientzia. Nola bizi behar da gizarte-berdintasunean fede desberdineko izanik?

Ikasketa luze baina emankorra da anai-arreba desberdinekin bizitzea. Beharrezkoa da gure egien horizontea ideologikotik harantzago zabaltzea, gure pentsamoldeak eskaintzen duenetik harantzago; beharrezkoa da begirada gure itxaropenetatik, iritsi nahi ditugun zehaztasunetatik gorago jasotzea; beharrezkoa da zerumuga gure maitasunetatik, gure bihotzean bizi diren aurpegietatik harantzago zabaltzea.

Horrela, gure anai-arreba izatea zirkulu ezagun eta kontrolatuaz haraindi zabalduko da. Horretara gonbidatzen gaitu Jesusek etsaiak, jazartzen gaituztenak, gu baino gutxiago direnak... maite behar ditugula hitz egiten duenean. Maitatu gure gisakoa ez dena, desberdina dena. Anaia izatea, arreba izatea amaitu ezineko abentura bat da, baina hezur-haragizko pertsonetan gauzatzen dena. Jesusen Erreinuaren zeinu zehatza da gure artean gaur egun.

Bibliako pasartea: 1Kor 12,14-20

Gorputza, izan ere, ez du atal bakarrak osatzen, askok baizik. Oinak «Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. Eta belarriak «Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. Gorputz guztia begi balitz, non entzumena? Eta dena belarri balitz, non usaimena? Baina Jainkoak bere tokia jarri zion atal bakoitzari gorputzean, berak nahi bezala. Denak atal bat balira, zer-nolakoa izango litzateke gorputz hori? Baina ez, atalak asko dira; gorputza, ordea, bat bakarra.

Frantziskotar espiritualtasuna

Esaten zuen, anaia txiki onak ondoren aipatzen diren anaia santuen biziera eta ezaugarriak beregan bildu behar zituela: alegia anai Bernardoren fedea, neurri betean izan baitzuen hark fedea pobretasunaren maitasunarekin batera; anai Leonen xalotasuna eta garbitasuna, biziki garbia izan baitzen benetan; anai Aingeruren kortesia, Ordenara sartu zen lehen zalduna izan baitzen, eta gizalegez eta onberatasunez jantzia; anai Maseoren itxura atsegina eta naturaltasuna, bere hizketa eder eta debotoarekin batera; anai Egidiok bete-betean izan zuen kontenplazioaren bidez altxaturiko espiritua; anai Rufinoren etengabeko otoitz bertutetsua, etengabe otoitzean ari baitzen: lotan edo zerbait egiten ere, haren gogoa beti Jaunarekin zegoen; anai Juniperoren pazientzia, pazientziaren neurri betera iritsi baitzen, beti begien aurrean zeukan bere kaskartasuna sakon-sakonetik ezagutuz eta gurutze-bidetik Kristo imitatzeko desira handiaz lorturikoa; Lodiko anai Joanen gorputzeko eta espirituko indarra, bere garaiko gizon guztien gainetik baitzen indartsua; anai Rogerioren karitatea, bere bizitza eta jardun guztia maitasun-garretan eman baitzuen; anai Luzidoren ardura nekaezina, hilabete batean ere ez baitzuen leku berean egon nahi izaten: lekuren bat gogoko egiten hasten zitzaioneko, ihes egiten zuen handik, esanez: “Mundu honetan ez daukagu egoitzarik, zeruan baizik”. (PerIsp 85)

Otoitza

Jauna, ikus dezadala.
...zure aurpegia ikus dezadala
izkina bakoitzean.
... desederatua barrez ikus dezadala,
barre alai eta berpiztuaz.
Ilusioa pizten ikus dezadala
egunen batean amets egitea eta sinestea
ahaztu egin zitzaionaren begi itzalietan.
Ikus ditzadala,
ezkutuak baina nekaezinak badira ere,
maitasun, bake eta etorkizunezko mirariak
eraikitzen dituzten besoak.
Aukera eta deia ikus ditzadala
batzuetan lanbroa besterik ez dagoen lekuan.
Ikus dezadala
nola berreskuratutako duintasunak
munduko infernuak ixten dituen.
Bestean Ikus dezadala senidea,
ispiluan, apostolu bat
eta ikus zaitzadala Zu nire barnean.
Ez dudalako itsu ibili nahi,
zure aurrean galdurik,
ezerezak distraitua...
nire urratsak erratuz
Zu gabeko lekuetarantz.
Jauna, ikus dezadala...
Zure aurpegia ikus dezadala kantoi bakoitzean.

José María Rodríguez Olaizola, jl.

Gutuneko azken hitzak

Bizikidetza etengabeko ulermen- eta eskuzabaltasun-lan gaitza da, eta ez dago amore ematerik. (Enrique Rojas)

2020ko urriko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urriko erreferentzia guztiak:

01 Lk 10, 1-12 / 02 Lk 10, 13-16 / 03 Lk 10, 17-24 / 04 Mt 21, 33-43 / 05 Mt 7, 7-11 / 06 Lk 1o, 38-42 / 07 Lk 11, 1-4 / 08 Lk 11,5-13 / 09 Lk 11,15-26 / 10 Lk 11, 27-28 / 11 Mt 22, 1-14 / 12 Lk 11, 27-28 / 13 Lk 11, 37-41 / 14 Lk 11,42-46 / 15 Mt 11,25-30 / 16 Lk 12, 1-7 / 17 Lk 12, 8-12 / 18 Mt 22, 15-21 / 19 Lk 12, 13-21 / 20 Lk 12, 35-38 / 21 Lk 12, 39-48 / 22 Lk 12, 49-53 / 23 Lk 12, 54-59 / 24 Lk 13, 1-9 / 25 Mt 22, 34-40 / 26 Lk 13, 10-17 / 27 Lk 13, 18-21 / 28 Lk 6, 12-19 / 29 Lk 13, 31-35 / 30 Lk 14, 1-6 / 31 Lk 14, 1.7-11

Urrian elkarrekin ospatuko dugun otoitza 24ean izango da 19:30tan