Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko abuztua  142. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

"Gizon batzuek egun batez borroka egiten dute eta onak dira.
Beste batzuek urtebete daramate borrokan, eta hobeak dira.
Badira urte luzez borrokatzen direnak, eta oso onak dira.
Baina badira bizitza osoan borrokatzen direnak: horiek dira ezinbestekoak. " (Bertolt Brecht).

Gogoetarako gaia

Bizitza sostengatua

Atentzioa ematen digute ausartak diren pertsonek, beren bizitza eta besteen bizitza markatu duten erabakiak hartu dituzten pertsonek, errealitatea nabarmen hobera aldatuz. Miresgarriak dira bizitza, ongizatea, dirua edo dena delakoa arriskuan jarri dutenak GKEetan, behartsuen aldeko kanpaina arriskutsuetan, mundu justuago baten aldeko borroketan... Bidegabekerien aurka aurrerapauso bat emateko gai izan direnek ere harridura sortzen digute, lotura pertsonal eta kolektiboekin hautsi baitute. Zalantzarik gabe, horrelako pertsonak behar ditugu gure lozorroetatik, gure betiko ohituretatik esnatzeko, gure kontzientzia eta bizitza gizatiarrena pizteko.

Badira, halaber, inolako heroismorik gabe, bizitzari modu iraunkorrean eusten dioten pertsonak: gaixoren bat zaintzen denbora eta indar luzeak ematen dituzten pertsonak, trataera konplikatuko senideekin elkarbizitza zaila jasaten dutenak, familia aurrera ateratzeagatik lan ez-gizakoi bati eusten diotenak... Inork ez daki zer nolako sufrimendua, atsekabea eta frustrazioa bizitzea tokatzen zaien, gainerakoek ez baitute ikusten egoera hori, eta ez dute ikusi nahi.

Baina egoera horiek pertsona hauengandik determinazio, diziplina- eta ukamen-maila handia eskatzen dute. Horrelako egoera batek, pertsona bere bizitza zentzugabekoa eta porrot hutsa dela pentsatzera eraman dezake. Baina baita konfiantza sakontzera ere eraman dezake, arrakastarik eta garaipen bikainik gabeko bizitzan konfiantza izatera, badakielako bizitzan egiaz zerk balio duen eta horri eusten dio. Pertsona horiek eusten diote bizitzari. Pertsona horiek gizatasuna maila gorenean bizi dute, bizitzari kalitatea ematen baitiote, ez bakarrik une batean, bizitza osoan baizik.

Hasieran Jainkoak mundua sortu zuela diogu. Esan behar dugu, halaber, Jainkoak bere maitasun sostengatzailearekin eusten diola bizitzari. Pertsona horiek horren zeinu bizidunak dira.

Ebanjelioko pasartea: Mk 12,41-44

Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean eseria zegoen, jendeak kutxetara dirua nola botatzen zuen begira. Aberats askok ugari ematen zuen. Etorri zen emakume alargun behartsu bat, eta bi sos bota zituen, huskeria bat. Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du kutxara. Izan ere, beste guztiek sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

Frantziskotar espiritualtasuna

Bihotz-berritzen hasi zen unetik, Jainkoaren laguntzaz, Frantziskok gizon zuhurraren antzera, harkaitz gainean eraiki zituen bere burua eta etxea, hau da, Ordena: alegia, Jainkoaren Semearen apaltasun eta pobretasun txit gorenaren gainean:

Apaltasunik handienaren gainean: horregatik, Ordenaren hasieran, anaien kopurua ugaltzen hasi ondoren, anaiak legendunen etxeetan egotea nahi izan zuen haiek zerbitzatzen. Eta garai hartan Ordenan sartzea eskatzen zutenei, noble nahiz xume, beste gauzen artean esaten zitzaien, legendunak zerbitzatu behar zituztela eta haien etxeetan bizi.

Pobretasunik handienaren gainean: Erregelan esaten da, hain zuzen, anaiak bizi daitezela erromes eta arrotz bezala beren etxeetan, eta ez dezatela zerupean ezer eduki nahi, pobretasun santua besterik... Frantziskok apaltasun eta pobretasunik handienaren gainean oinarritu zuen bere burua; izan ere, arbuiatua izatea aukeratu eta nahi izan zuen, Elizaren barnean ez ezik, baita anaien artean ere. (PerLeg 9).

Otoitza

Jaunak nire bizitzari eusten dio.
Altxa eta besarkatu egiten nau,
nire bihotza bigundu
eta nire arima zabaltzen dit.

Nirekin bidelagun dut
bila dabilkit eta aurkitzen nau.
Nire urruntzeak errespetatuz
nire itzulera irrikatzen dago.

Nire egonaldietan kideko
nire saminak laztantzen dizkit,
begietara so
barnez berrituz.

Eskua luzatzen dit,
nire abestia entzun.
Bizia ematen dio nire arnasari
eta nire negarra xukatu.

Bedeinkatu eta gidatu egiten nau
bere pozez betetzen nau.
Jaunak eusten dit.
Nire bizitzari eusten dio
bizi ahal dezadan.
Nire bizitzari eusten dio
Partekatu ahal dezadan.

(Salomé Arricibita)

Gutuneko azken hitzak

“Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du.” (Nazareteko Jesus)

2020ko abuztuko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abuztuko erreferentzia guztiak:

1 Mt 14, 1-12 / 2 Mt 14, 13-21 / 3 Mt 14, 22-36 / 4 Mt 15, 1-2.10-14 / 5 Mt 15, 21-28 / 6 Mt 17,1-9 / 7 Mt 16, 24-28 / 8 Mt 17,14,20 / 9 Mt 14, 22-33 / 10 Jn 12, 24-26 / 11 Lk 12, 32-48 / 12 Mt 18, 15-20 / 13 Mt 18, 21-19,1 / 14 Mt 19, 3-12 / 15 Lk 1,39-56 / 16 Mt 15,21-28 / 17 Mt 19, 16-22 / 18 Mt 19, 23-30 / 19 Mt 20,1-16 / 20 Mt 22, 1-14 / 21 Mt 22,34-40 / 22 Mt 23, 1-12 / 23 Mt 16,13-20 / 24 Jn 1, 45-51 / 25 Mt 23, 23-26 / 26 Mt 23,27-32 / 27 Mt 24,42-51 / 28 Mt 25, 1-13 / 29 Mk 6,17-29 / 30 Mt 16,21-27 / 31 Lk 6, 4,16-30 

Abuztuko Otoitza hilaren 27ean izango da