Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko uztaila  141. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Pandemiaren garai honetan gure konfiantza iturriak ukituak gertatu dira. Ordua da gure begirada Jaunarengana itzul dezagun. On egingo digu.
Bizitzako gertaerek lekuz kanpo, zeri heldu jakin ezinik, edo zaurituta uzten gaituztenean, gure irtenbidea Jainkoarekin dugun harremanera itzultzea da, eta Berak jartzen gaitu geure lekuan.

Gogoetarako gaia

Jainkoaren eskuetan

Esamolde oso erabilia dugu honako hau egoera desberdinetan, sarri, giza mailan ezin dugula ezer gehiago egin esateko (gaixotasuna, heriotza, azterketak, etab.); beste batzuetan zoria adierazteko, menderatu ezin duguna adierazteko ("Jainkoak nahi duena izan dadila"), baina erabiltzen dugu baita Jainkoarekiko harremanak sortzen digun sakoneko konfiantza hura adierazteko ere.

Jainkoa ez denean pentsamendu huts bat, harreman pertsonala baizik, Jainkoa ez denean balio edo apustu baten inguruan sortu dugun ideologia bat, baizik eta egunero berari entzuteko, eskertzeko, obeditzeko, goraipatzeko... prest aurkitzen gaituen norbait, orduan berez sortzen zaigu barrutik bere eskuetan egotearen sentsazioa, sortzen zaigu Jainkoa gure bizitzetan gure jardunean, zaintzen, animatzen, bizia ematen ari denaren konfiantza. Ez genuke jakingo azaltzen nola, baina hori ezin dugu ukatu, agerikoa zaigulako. Dena sostengatzen duen oinarrizko konfiantza bat bezalakoa da.

Batzuetan, konfiantza hori hoztu egiten zaigu... egoera ezberdinen ondorioz: ardurarik ezagatik, harremana uzten joan garelako, bihotza urrundu diguten errutinetan erori garelako, edo dena zalantzan jartzen diguten bizitzako kolpeak izan ditugulako: gaixotasuna, maite dugun pertsonaren baten heriotza, eliz eskandaluak, ingurune sekular baten zalantzak... Une horietan konfiantzaren sustraietara itzuli behar dugu, Jainkoarekiko harreman pertsonalera.

Horretan laguntzen digu Jainkoarekin bizi izandakoaren memoria afektiboak, gure erlazio-historiaren oroimenak. Konfidantza-salmoek ere laguntzen digute. Eta, batez ere, Espiritu Santua eskatzeak. Jainkoari Espiritu Santua eskatzeak une hori bizi ahal izateko, Harekiko konfiantza iluntzen digun zirkunstantzia hori: "Gertatua gertatu, Zurekin gerta dakidala, Jauna".

Ebanjelioko pasartea: Mt 6, 25-30

«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere? Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook?.

Frantziskotar espiritualtasuna

Frantzisko dohatsuak, Salbatzailearen graziari esker anaien kopurua eta merezimenduak gehitzen ari zirela ikusita, esan zien: “Anaiok, ikusten dut Jaunak elkarte handi bat egin nahi duela gurekin. Goazen, beraz, Erromako gure Eliza Amarengana eta jakinaraz diezaiogun Aita santuari Jainkoak gure alde egin duena, haren borondatez eta aginduz burutu dezagun hasi duguna”. Beste anaiek gogo onez hartu zuten aitak proposatu ziena, eta, hamabi anaiak berekin harturik, Erromarako bideari ekin zioten.

Pozez beterik zihoazen, eta Jaunak prestatzen zien ostatua eta jatekoa behar zuten garaian.

Erromara heldu zirenean, aldi hartan Erroman bizi zen Asis hiriko gotzaina aurkitu zuten. Gotzaina, San Pauloko Joan zeritzan kardinal baten ezaguna zen...

Biharamunean, Joan kardinalak Aita santuarengana eraman zuen Frantzisko dohatsua, eta honek bere asmoa osorik agertu zion Aita santuari.

Aita santuak erantzun zion orduan: “Gogorregia eta latzegia da zuen bizimoldea, elkarte bat sortu nahi duzuelarik, mundu honetan ez duzue ezer eduki nahi eta. Nondik aterako duzue bizitzeko behar duzuena?” Frantzisko dohatsuak erantzun zion: “Jauna, Jesu Kristo nire Jaunarengan dut konfiantza. Zeruan bizia eta aintza agindu digunak ez dizkigu lurrean bere garaian ukatuko gorputzarentzat behar ditugunak”. (cf. PA 31-34).

Otoitza

Jauna, zoriontsua naiz
aukeratu nauzulako.
Sentitzen dut zure maitasuna
"Nirea zara" esaten didazunean (Is. 43)
Zure maitasunak biltzen nau
amaren altzoan bizi nintzenetik.
Nire autoestimua hazi egiten da
maite nauzula jakitean eta
inork ezingo didala
Zure maitasuna kendu.
Zuk atera nauzu
arrisku ugarietatik eta
ni salbatzen jarraituko duzu...
Bazterketa edo larritasuna
senti dezadanean, gogora iezadazu
Zuretzat baliotsua naizela.
Bai zoragarria jakitea Zuretzat
zeinen baliotsua naizen
eta maite nauzula!
Zuretzat sortu nauzu,
hezi ninduzun eta gidatu
aintza eman diezazudan.
Nola, goretsiko zaitut Jauna,
zure maitasun handiagatik?
Nire anai-arreba guztiei azalduz
ez dezatela beldurrik izan,
denok oso baliotsuak baikara zuretzat.
Amen!

Gutuneko azken hitzak

“Jauna dut artzain. Ez naiz ezeren beharrean.” (23. Salmoa)

2020ko uztaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate uztaileko erreferentzia guztiak:

1 Mt 8, 28-34 / 2 Mt 9, 1-8 / 3 Jn 20, 24-29 / 4 Mt 9,14-17 / 5 Mt 11, 25-30 / 6 Mt 9,18-26 / 7 Mt 9, 27-29 / 8 Mt 10,1-7 / 9 Mt 10, 7-15 / 10 Mt 10, 16-23 / 11 Mt 19,27-29 / 12 Mt 13,1-23 / 13 Mt 10, 34-11,1 / 14 Mt 11, 20-24 / 15 Mt 11, 25-27 / 16 Mt 11,28-30 / 17Mt 12, 1-8 / 18 Mt 12, 14-21 / 19 Mt 13,24-43 / 20 Mt 12,38-42 / 21 Mt 12, 46-50 / 22 Jn 20,1-2.11-18 / 23 Jn 15,1-8 / 24 Mt 13, 18-23 / 25 Mt 20, 20-28 / 26 Mt 13, 44-52 / 27 Mt 13, 31-35 / 28 Mt 13, 36-43 / 29 Jn 11, 19-27 / 30 Mt 13,47-53 / 31 Mt 13, 54-58 

Uztaileko Otoitza hilaren 30ean izango da