Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko ekaina  140. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Etxeko bizitzara mugatuta egon garen garai honetan, harremanen garrantziaz jabetu gara, bai bakardadea jasaten lagundu digulako, bai eguneroko bizikidetza landu behar izan dugulako, bai lotzen gaituzten loturak finkatu ahal izan ditugulako, Dohaina eta zeregina, esker ona eta erantzukizuna, atsedena eta ardura.

 

Gogoetarako gaia

Senidea: dohaina eta eginkizuna

"Zeinen ederra den senideak elkarturik bizitzea", dio 133. salmoak. Eta halaxe da. Bizitzaren, fedearen bidean laguntzea eta lagundua izatea bizitzako esperientziarik aberatsenetakoa da. Proiektu komun batean beste pertsona batzuekin batera ibiltzeak, zereginean elkarrekin lan egiteak, edozein izanik ere, babestuta eta animatuta sentiarazten gaitu; hau da, gehiago sentitzen gara. Gure giza izaeraren bokazioetako bat da: anai-arrebak izatea. Arreba, anaia, dohain ordainezina da.

Aurrekoarekin batera, elkarteko bide guztietan sortzen diren zailtasunak ere ikus daitezke. Desberdinak gara, izaera desberdinak ditugu, historia pertsonalak, gauzak modu desberdinetan hautematen ditugu. Horrek guztiak heldutasuna eskatzen digu ezberdintasunak jasaten jakiteko. Denboran zehar, mila arrazoirengatiko bizikidetza-gatazkak ere agertzen dira. Gainera, gatazka horiek saihestezinak dira, saihesten ahalegintzen bagara ere. Ez da erraza behar bezala bideratzen jakitea. Gure berekoikeriak ere kontuan hartu behar dira, gure baldarkeriak, senidetasunarentzat oztopo diren ustekabeko trabak. Anaia, ahizpa lan nekeza da.

Dohainaren zatia bakarrik bizi badugu, anai-arrebak izatearen alderdi pozgarriei bakarrik erreparatzen badiegu, engainatu egiten gara errealitatearen beste zatia onartzen ez dugulako. Aitzitik, soilik errealitatearen zailtasuna eta lana ikusten baditugu, ezinezkoa egiten zaigu errealitatea bizitzea eta amore ematen dugu. Senidetasuna bizi ahal izateko irtenbidea ere ez da dohainaren eta zereginaren arteko batezbestekoaren emaitza. Elkarte bezala bizitzeko oinarria Jainkoarengan dago. Harengandik jasotzen dugu zinez senidetasunaren dohain eta eginkizun hori.

Bibliako pasartea: Er 12,20-24

Zuen maitasuna izan bedi itxurakeriarik gabea; gorrotatu gaizkia eta itsatsi ongiari. Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz. Izan saiatuak eta ez nagi; izan gogoz kartsu, Jauna zerbitzatzeko beti prest. Bizi zaitezte itxaropenean alai; izan eroapen handiko ezbeharrean eta iraupentsu otoitzean. Lagundu fededunei beren beharretan; eman gogoz ostatu arrotzari. Bedeinka itzazue erasotzen dizuetenak, bedeinkatu eta ez madarikatu. Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin. Bizi zaitezte elkar ongi hartuz; ez izan handinahi, apalen mailako baizik; ez jo zeuen buruak jakintsutzat. Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde. Saia zaitezte gizon-emakume guztiei ongi egiten. Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin.

Frantziskotar espiritualtasuna

Zintzo jarduten zuten egunero otoitzean eta beren eskuez lan egiten…; barru-barruko maitasunez maite zuten elkar, eta batak besteari zerbitzu egiten zion, eta amak bere semea bezala zaintzen zuten elkar. Hain sutsua zen haien arteko maitasuna, erraza iruditzen baitzitzaien bizia ematea, ez Kristoren maitasunagatik bakarrik, baita beste anaikideen gorputz-arimetako salbamenagatik ere.

Hain oinarrituak eta finkatuak zeuden apaltasunean eta elkar maitasunean, batak bestea ohoratzen zuten, aita eta jaun balitz bezala; eta beren kargu edo dohainengatik besteak baino gorago zeudenak, besteak baino apalagoak eta behekoagoak ziruditen. Beren buruak zorrotz epaitzen zituzten, eta batak bestea nahigabetzetik ardura handiz begiratzen ziren.

Inoiz batak besteari min egin ziezaiokeen hitzen bat esaten bazion, bihotz-zimikoak ez zion bakean uzten, harik eta bere hutsegitea aitortu eta, mindutako anaiak barkatzea lortzen zuen arte… Horrela, gogor saiatzen ziren gorroto eta gaiztakeria oro berengandik uxatzen, eta akatsik gabe elkar maitasuna beti gordetzen. Arreta handia hartzen zuten grina gaizto bakoitzaren ordez kontrako bertutea jartzen, Jesu Kristoren graziak aurrea hartu eta laguntzen zielarik. (HL 41-43)

Otoitza

Jauna:
Zu gure mundura iritsi
eta gure bihotzeko
atea gizaki guztiei
irekitzera gonbidatzen gaituzu.

Zuk esana diguzu
Zu zeu zarela datorrena
norbaitek deitzen duenean
gure atean.

Hauxe da zure hitza:
"Hara, ate ondoan nago ate joka.
Norbaitek nire ahotsa entzuten badu
eta atea ireki,
sartuko naiz eta berarekin afalduko dut.
Eta berak nirekin ".

Jauna:
Jakin dezagula zure ahotsa entzuten,
gure senideengandik
iristen zaigun ahots hori.
Ireki dezagula atea.
Zu hartzeko,
eta Zugan gizaki guztiak.

Gutuneko azken hitzak

“Agindu berri bat ematen dizuet: maita ezazue elkar” (Nazareteko Jesus)

2020ko ekaineko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate ekaineko erreferentzia guztiak:

1 Mk 12,1-12 / 2 Mk 12,13-17 / 3 Mk 12,18-27 / 4 Mt 26, 36-42 / 5 Mk 12, 35-37 / 6 Mk 12, 38-44 / 7 Jn 3,16-18 / 8 Mt 5,1-12 / 9 Mt 5, 13-16 / 10 Mt 5, 17-19 / 11 Jn 17,1-2.9.14-26 / 12 Mt 5, 27-32 / 13 Mt 5, 33-37 / 14 Jn 6,51-58 / 15 Mt 5,38-42 / 16 Mt 5, 43-48 / 17 Mt 6,1-6.16-18 / 18 Mt 6, 7-15 / 19 Mt 11,25-30 / 20 Lk 2, 41-51 / 21 Mt 10, 26-33 / 22 Mt 7, 1-5 / 23 Mt 7, 6.12-14 / 24 Lk 1, 57-66.80 / 25 Mt 7,21-29 / 26 Mt 8, 1-4 / 27 Mt 8, 5-17 / 28 Mt 10, 37-42 / 29 Mt 16,13-19 / 30 Mt 8,23-27 

Ekainean elkarrekin ospatuko dugun otoitza 25ean izango da 19:30tan