Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2020ko maiatza  139. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Aldi honetan denbora gutxian asko ikasi beharrean aurkitzen ari gara: elkarrekin bizitzen, bakarrik egoten, atera gabe etxean egoten… eta baita elizara joan gabe gure fedea bizitzen. Itxaropena lantzen ikasi beharrean aurkitu gara. Eta ikasi dugu baita bizitza barnetik doala.

Gogoetarako gaia

Koronabirusaren garaian elkartasuna bizi

Koronabirusaren epidemiak inoiz pentsatuko ez genituen zirkunstantziak biziarazten dizkigu. Behartuta gaude gure etxeetan gelditzera, debekatuta daukagu fisikoki harremanetan jartzea. Ezin ditugu gaixoak bisitatu, ez eta azken agurra eman maitatuak edo hurbilekoak hiltzen bazaizkigu. Ezin gara mezetara joan, ezta tertulia edo familia-festa bat izan ere. Isolatzera behartu gaitu, urruntzera, eta, kasu askotan, beldurrez eta mesfidantzaz bizitzera.

Egoera horretan, nola bizi dezakegu elkartasuna? Konturatzen gara besteak behar ditugula, familiakoak direla, lagunak edo fededunak izan. Baina nola parteka dezakegu, nola bizi dezakegu hurbiltasuna distantziatik, edo nola lagun diezaiokegu elkarri?.

Agian, sinpletasuna bizitzeko eta praktikatzeko unea da; hau da, eskura daukagunaz baliatzekoa.

  • Etxeko harremanak zaintzea. Senitartekoren batekin edo batzuekin bizitzen ari bagara, saia gaitezen aldi hau gure aldetik onena jartzen giro ona sortzeko, laguntzeko, aktibo egoteko.
  • Telefonoa. WhatsAppera gero eta gehiago ohitu gara: mezu laburrak eta emotikono asko. Zoriontzeko edo eskerrak emateko, gogoratzeko edo informatzeko. Baina garai honetan ezin gara idatzizko mezuekin konformatu. Hartu telefonoa, markatu zenbakia eta hitz egin axola zaizkigun pertsonekin. Gauza pertsonalak partekatu nahi ditugunean, idatzizko mezuak ez daitezela oztopo izan. Hitz egin dezagun.
  • Bideo-deiak. Telefono mugikorraren bidez edo beste bitarteko batzuen bidez (tabletak edo ordenagailuak), aukera asko ditugu gure maiteekin edo gure bihotzean izen bat dutenekin harremanetan jartzeko. Aprobetxa dezagun aldi hau pertsonekin benetan egoteko.
  • Elkartasuna. Etxean gaude, baina ez gaude bakarrik. Jende asko beste batzuen alde ari da lanean. Txalotu ditzagun, animatu ditzagun. Jende asko gaizki pasatzen ari da. Solidarizatu gaitezen boluntarioekin, ekarpen ekonomikoak eginez, giza hurbiltasuna agertuz.
  • Eta mundu guztiarekin saia gaitezen bizitzaren mezulari izaten.

Ebanjelioko pasartea: Jn 20, 19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei». Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet». Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Frantziskotar espiritualtasuna

Jaunaren, Aita, Seme eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

Kristau guztiei: erlijioso, kleriko eta laiko, gizon eta emakume; mundu osoan bizi diren guztiei, anaia Frantzisko, berorien morroi eta menpekoak:
nire adeitasun eta begirunea, zeruko egiazko bakea eta zinezko maitasuna Jaunarengan.

Guztien morroi naizenez gero, behartua nago guztiak zerbitzatzera eta nire Jaunaren usain gozoko hitzak ematera. Beraz, neure artean jabetuz, gorputzeko gaixotasun eta ahuleziagatik ezin zaituztedala bakoitza pertsonalki bisitatu, erabaki dut honako gutun honen eta mezularien bidez zuei adieraztea Aitaren Hitza den Jesu Kristo gure Jaunaren hitzak eta Espiritu Santuaren hitzak, espiritu eta bizi direnak.

Eta hitz hauek onartzen, ulertzen eta besteei jarraibidetzat bidaltzen dizkieten gizon-emakume guztiak, azkeneraino betetzen irauten badute, bedeinka ditzala Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen. (2FG 1-3.88)

Otoitza

Oh Maria,
Zu beti dizdizari gure bidean
salbazio eta itxaropen seinale gisa.
Konfiantza dugu zugan, gaixoen Osasuna,
Gurutzearen ondoan
Jesusen minarekin lotu zinen,
zure fedea irmo mantenduz.
Zu, herriaren salbazioa,
badakizu zer behar dugun
eta ziur gaude hornituko gaituzula,
Galileako Kanan bezala
poza eta festa itzul daitezen
probaldi honen ondoren.
Lagunduiguzu, Jainko Maitasunaren Ama,
Aitaren nahiarekin bat egiten
eta Jesusek esaten diguna egiten
gure oinazeak bere gain hartu baititu
eta gure minez kargatu da
Gurutzearen bidez
gu berpiztearen pozera eramateko. Amen..

Frantzisko Aita santua

Gutuneko azken hitzak

“Ez da axolagabekeriaren garaia. Mundu osoak elkarturik egon behar du.” (Frantzisko Aita Santua Koronabirusaren aurrean)

2020ko maiatzeko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate maiatzeko erreferentzia guztiak:

1 Jn 6,52-59 / 2 Jn 6, 60-69 / 3 Jn 10,1-10 / 4 Jn 10, 11-18 / 5 Jn 10,22-30 / 6 Jn 12, 44-50 / 7 Jn 13, 16-20 / 8 Jn 14, 1-6 / 9 Jn 14,7-14 / 10 Jn 14,1-12 / 11 Jn 14, 21-26 / 12 Jn 14, 27-31a / 13 Jn 15, 1-8 / 14 Jn 15, 9-11 / 15 Jn 15, 12-17 / 16 Jn 15, 18-21 / 17 Jn 14, 15-21 / 18 Jn 15, 26-16, 4a / 19 Jn 16, 5-11 / 20 Jn 16,12-15 / 21 Jn 16,16-20 / 22 Jn 16, 20-23 / 23 Jn 16, 23-28 / 24 Mt 28,16-20 / 25 Jn 16, 29-33 / 26.Jn 17, 1-11a / 27 Jn 17, 11b-19 / 28 Jn 17,20-26 / 29 Jn 21,15-19 / 30 Jn 21, 20-25 / 31 Jn 20,19-23 

Maiatzeko Otoitza hilaren 28an izango da