Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2019ko urtarrila  123. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Frantziskok ez zuen nahi izan bere anaiak pobreen zerbitzari izatea, baizik pobre bizitzea. Pobreekin pobre, beraiekin biziz, beraiena biziz... Horixe bera egin baitu Jainkoak gurekin! 

Gogoetarako gaia

Lagun hurreko egiten naiz

Gauza bitxiak gertatzen dira solidaritatea dela eta. Ez digu lanik ematen ekintza solidario bat egiteak ezagutzen ez ditugun pertsonekin, urrutikoekin, harremanetan ez gaudenekin eta, susma daitekeenez, jarriko ez garenekin. Erreza da solidario izatea, berori sinadura digital huts batean zehazten denean. Baina solidario izatea korapilatsuagoa gertatzen zaigu gertutik ezagutzen dugunarekin, historia jakinekoarekin, bizitzeko, harremanetarako, pentsatzeko... modu zehatza duenarekin, eta gerora gure denbora eta arreta beharko duenarekin. Beharrezko dut, lehenik, ni neu harekin hurreko egitea, lagun hurko.

Ez naiz norbaiten lagun hurreko egiten soilik mesede bat egin diodalako, nik bezala pentsatzen duelako, herrikide garelako edo etsai bera daukagulako. Hitz batean: ez naiz norbaitekin solidario egiten sinpatiko egiten zaidalako. Pertsona batekin solidario egiten naiz haren tokian jartzeko gauza naizelako eta, horrela, haren sufrimena sumatuz, haren alde jokatzen dudalako. Bestearengana hurbiltzen nauten alderdiak (kultura, pentsaera, jaioterria... etab) lagungarri izango ditut solidaritatea egiten hobeto asmatzeko, baina ez dira nire jardun solidarioaren iturburu.

Lagun hurreko bihurtzeak prozesua eskatzen du gauza askotan: zenbat eta gehiago ezagutzen dudan gehiago jabetuko naiz haren egoeraz; zenbat eta gehiago hurbildu hobeto ezagutu ahalko dut; zenbat eta gehiago nabilen haren inguruan gehiago ikasi ahalko dut harengandik...; horrela, konturatuz joango naiz zer ekarpen egin diezaiokedan neure errealitatetik, ahalbide eta mugaz betea dagoenetik. Baina batez ere, harekin enpatian jarri ahalko naiz eta harekin sufritzen. Azkenengo hau da solidaritatea sostengatzen duena: bestearengan sumatzen dudan sufrimena da mugitzen eta motibatzen nauena.

Irteera liburuak dioenez, honela esan zion Jainkoak Moisesi: “Ongi ikusia dut zure herriaren atsekabea Egipton eta entzuna haien oihua zapaltzaileen zigorpean; bai, ohartu naiz haien oinazeaz. Haiek Egiptiarren eskuetatik libratzera etorri naiz”. Jainkoa solidario egiten da bere herriarekin, hurreko, hurko, egiten delako.

Bibliako pasartea: Flp 2,5-11

Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak. Kristo Jesusek, jainkozko izaerako izanik, ez zion gogor eutsi nahi izan jainkozko bere mailari; bestela baizik, hustu egin zen bere handi-izateaz eta esklabo-izaera hartu zuen, gizakien antzeko eginez. Gizaki huts bezala agertuz, apaldu egin zuen bere burua, heriotzaraino menpeko eginez, gurutzean hiltzeraino. Horregatik, denen gainetik goratu zuen Jainkoak eta izen guztietan bikainena eman zion, Jesusen izenaren omenez, zeruan, lurrean eta lur azpian, guztien belaunak makur daitezen, eta mihi orok aitor dezan Jesu Kristo dela Jauna, Jainko Aitaren aintzarako.

Frantziskotar espiritualtasuna

«Gero, apaltasun ororen maitale santua, legendunengana joan eta beraiekin bizi izan zen, Jainkoarengatik guztiei bere zerbitzu arduratsua eskainiz: haragi ustelak garbitzen zizkien eta zauri zornetsuak sendatzen, Frantzisko berak Testamentuan esaten duen bezala: “Bekatutan nengoela, oso samina gertatzen zitzaidan legendunak ikustea. Baina Jaunak berak eraman ninduen haien artera, eta errukiz tratatu nituen”. Izan ere, berak aitortu bezala, bere hutsalkeri garaian hain samina egiten zitzaion legendunak ikustea, non haien bizilekuak bi miliara ere ikustean, sudurrak estaltzen baitzituen eskuekin.

Baina Goi-goikoaren graziaz eta indarrez gauza santu eta mesedegarriak pentsatzen hasi zenean, oraindik sekular jantzita zebilela, legendun batekin egin zuen topo egun batean; bere buruari indar eginez, hurbildu eta musu eman zion. Ordutik aurrera, bere burua gero eta gehiago mespretxatzen hasi zen, harik eta Salbatzailearen errukiari esker bere burua erabat garaitzea lortu zuen arte. Beste behartsuei ere laguntzen zien, ezer ez zutenei errukizko eskua luzatuz eta atsekabetuei bihotzeko gupida eskainiz» (1Zel 17).

Otoitza

Itzul nire begiak hurkoarengana,
ikus ahal dezadala haietako bakoitza
zuk ikusten nauzun bezala,
berezko duintasunarekin,
denborarekin ihes doazen itxurak, gorabeherak,
giza mailak eta lurtar status oro
transzenditzen duenarekin.

Itzul nire belarriak hurkoarengana,
entzun ahal dezadala haien intziria
zuk nirea bezala
erruki eta xeraz, sufrimenaren erdian
hurbilago egiten nautenaz.

Itzul nire adimena hurkoarengana,
ulertu ahal ditzadala
zuk ulertzen nauzun bezala
borroka eginez zentzua eta osotasuna aurkitzeko
zatitua dagoen munduan,
eta zure argia aurkitzeko mundu ilun honetan...

Itzul nire oinak hurkoarengana,
hurbil ahal nadila haiengana
banantzen gaituzten arrakaletan zehar
maizegi zabalagoak egiten ditugunak
familia, leinu, kredo, arraza,
are beste norbanako izatea direla-eta
ditugun irudipenengatik.

Itzul nire eskuak hurkoarengana,
zerbitza ahal ditzadala zuk ni bezala
ukitu batez, puru egin, sendatu, elikatu eta
lasaitu egiten duen ukitu batez.

Itzul nire bihotza hurkoarengana,
maita ahal ditzadala zuk ni bezala
modu sendo, amultsu, beti errukitsuan,
pazientziaz, neure poza haienenean ikusiz.

Jainko amultsu,
itzul nire bizitza hurkoarengana,
bizi ahal nadila solidaritatean haiekin,
eta ondorioz zurekin, betiko ...

Gutuneko azken hitzak

“Bere kideen sufrimena arindu duen inork ez du ez kale egin mundu honetan”. (Charles Dickens)

2019ko urtarrileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urtarrileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 2, 16-21 / 2 Jn 1, 19-28 / 3.Jn 1, 29-34 / 4 Jn 1, 35-42 / 5 Jn 1, 43-51 / 6 Mt 2,1-12 / 7 Mt 4,12-17.23-25 / 8 Mk 6, 34-44 / 9 Mk 6, 45-52 / 10 Lk 4, 14-22 / 11 Lk 5, 12-16 / 12 Jn 3, 22-30 / 13 Lk 3,15-16.21-22 / 14 Mk 1, 14-20 / 15 Mk 1, 21-28 / 16 Mk 1, 29-39 / 17 Mk 1, 40-45 / 18 Mk 2, 1-12 / 19 Mk 2, 13-17 / 20 Jn 2,1-11 / 21 Mk 2, 18-22 / 22 Mk 2, 23-28 / 23 Mk 3, 1-6 / 24 Mk 3, 7-12 / 25 Mk 16, 15-18 / 26 Mk 3, 20-21 / 27 Lk 1,1-4;4,14-21 / 28 Mk 3,22-30 / 29 Mk 3, 31-35 / 30 Mk 4, 1-20 / 31 Mk 4, 21-25 


Urtarrileko otoitza 26an izango da.