2017ko iraila  107. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Hirugarren printzipio honetan Jainkoagandik jaso dugun begirada luzatu nahi dugu ingurura, ingurukoengana. Badakigu gure begiradak kalitatea bilatzen duela, “Zero akats”, “labela”. Jainkoak ordea akastunak bilatzen ditu, baztertuak, ezereztuak, bekatariak. Horiek dakite merezi gabe maitatuak izatea zer den. Non bilatuko dugu Jainkoa? Nork emango digu bere berri?

Gogoetarako gaia

Galtzera arriskatuz

Bizi dugun kulturan beldur handia ematen du galtzeak, galduz ateratzeak: denbora, dirua, ospea, ondasunak .... Erabakiak hartzerakoan, beti aurreikusten dugu zer dugun irabazten eta zer galtzen: ekonomia-aurrekontu bat egitean, egitekoren batean denbora inbertitzean, harreman pertsonaletan ....

Solidaritate eginez bizitzeko geure nahian ere, argigarri egiten zaigu kalkulatzea, zer lortu nahi dugun geuretzat eta besteentzat, zer jartzen dugun horretarako geuretik, zer inbertitzen dugun, zer gastatzen. Solidaritaterako erakundeek beraiek ere gero eta zehaztasun gehiago exijitzen dute, inbertitzen dituzten ahaleginak eta aurreikusten dituzten emaitzak elkarrekin moldatzeko orduan. Izan ere, ondasunak mugatuak dira, eta ezin dugu ibili bizitza firin-faran eralgitzen.

Esan dugunarekin batera, kontziente izan behar dugu gal dezakegula geure aldetik jokoan jartzen dugun guztia, ez baita segurua nahi genukeena lortzea. Badakigu besteen alde apustu egiteak, geuretik emateak, ez duela arrakasta ziurtatzen; hau da, ezertako balio ez izateko arriskua duela.

Solidaritatearen arloan galduan ateratzeko arriskua hartzeak gorago eta barrurago begiratzera garamatza, eragiten diguten motibazioetan. Galduan ateratzeko arriskuak balioa ematen dio buelta segurtatu gabe (lorpena, arrakasta, morala behinik ere) geure baitatik ateratzeari. Gauzen eta pertsonen balioa, geure kontroletik eta ikusten eta ukitzen dugunetik kanpo jokatzen ditugun alorrean gabiltza. Geure burua ere eranztera eragiten digu, nahi izandakoa lortzetik kanpo. Alde batetik, badirudi galtzeko arriskuak balioa kentzen diola emana bizitzeari, porrota, kiebra, etor daitekeelako; baina sakontasuna eta benetakotasuna ere ematen dio buru-emate horri. Dena, solidaritatea nondik egiten dugunaren menpe gelditzen da.

Jesus erabateko solidaritatez, ikusten eta kontrolatzen zuena baino haratago, bizitu zen emana. Frantzisko Haren miraz gelditu zen eta horrek bizitza osoan egin zion eragina.

Ebanjelioko pasartea: Lk 6, 31-36

Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei. Maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer eskerron zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak. Eta ongi egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue ongi, zer eskerron zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer eskerron zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, beste hainbeste hartzekotan. Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera eskertxarreko eta gaiztoentzat. Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala.

Frantziskotar espiritualtasuna

Hauxe da anaia hauen Erregela eta bizimodua: obedientzian, berenik gabe eta kastitatean bizitzea, eta Jesukristo gure Jaunaren irakaspen eta oinatzei jarraitzea, berak baitio: Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz eta saldu zeure ondasun guztiak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri. Eta gainera: Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat. Eta baita: Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle. Eta berriro: Niregatik aita-amak, anai-arrebak, emaztea eta seme-alabak, etxea eta lurrak uzten dituenak, ehun halako jasoko du eta betiko bizia izango ondare”.

Hau da Frantziskok hartu zuen bizimodua ebanjelioa betetzeko: Jesu Kristoren esanei eta bizimoduari jarraitzea. Guztiz kontziente da, ebanjelioaren bideak berekin daramala erantzita gelditzea, nork bere burua galtzea, dena eman eta norbera pobreei emana bizitzea, horrela Jesu Kristo bezala eta Harekin bizitzeko. Guztiz kontziente da ez dela beti konprenitua izango, bere aita Pedro Bernardonegandik hasita, baina aukera hori egiten du, besterik gabe gordailua aurkitu duelako.

Otoitza

“JAINKO ENE AITA:
uxa nigandik “idoloak”.
Ken nigandik pertsona edo gauza oro,
ez dagokion tokia duen oro:
nire bakardadea babesten duen oro,
nire ukoa goxatzen duen oro,
galdu nahi ez dudan oro ....
Nire idoloak dira, Jauna.
Traban jartzen dira zure eta nire artean.

Huts ezazu ene barrua, Aita!
Zu bakarrik zara ene Jainko,
eta sostengu bakar
ebanjelioaren aldeko nire aukeran ....
Hots, egurats gorrian bizitzean: ene baitako pobrezian,
eranzte, uko egite eta bakardade den horretan,
solidaritateari tokia egiteko.
Beste motiborik gabe bizitzeko:
SOILIK ZU ETA ZURE HERRIA!

(A. Sanchís, o.p.)

Gutuneko azken hitzak

“Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.” (Lk 19,10)

2017ko iraileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate iraileko erreferentzia guztiak:

1 Mt 25, 1-13 / 2 Mt 25, 14-30 / 3 Mt 16, 21-27 / 4 Lk 4, 16-30 / 5 Lk 4,31-37 / 6 Lk 4, 38-44 / 7 Lk 5, 1-11 / 8 Mt 1,1-16.18-23 / 9 Lk 6, 1-5 / 10 Mt 18,15-20 / 11 Lk 6,6-11 / 12 Lk 6, 12-19 / 13 Lk 6, 20-26 / 14 Jn 3, 13-17 / 15 Lk 2, 33-35 / 16 Lk 6,43-49 / 17 Mt 18, 21-35 / 18 Lk 7, 1-10 / 19 Lk 7, 11-17 / 20 Lk 7, 31-35 / 21 Mt 9,9-13 / 22 Lk 8, 1-3 / 23 Lk 8, 4-15 / 24 Mt 20, 1-16 / 25 Lk 8, 16-18 / 26 Lk 8, 19-21 / 27 Lk 9, 1-6 / 28 Lk 9, 7-9 / 29 Jn 1, 47-51 / 30 Lk 9, 43b-45


Iraileko otoitza 28an izango da.