|
Jainkoaz edo horrelako gaiez sekulan ezer entzun ez duen pertsonak berezkoa ote luke kristau fedea?
Pertsonak ez du berezkoa kristau fedea. Pertsonak berezkoa duena transzendentziara irekitzeko ahalmena da. Giza bizitza ez dago gurari eta premiak bete nahi hutsera murriztua. Pertsonarengan edertasunaren harridura jaiotzen da, pertsona gai da ongiaren aldeko apustua egiteko eta egiazkoa denaren bila bizitza osoa emateko. Kasu guzti hauetan gizakiak hautsi egiten ditu bio-psikearen, gizartearen, ideologiaren eta abarren hesiak. Zentzu honetan ireki gaitezke transzenditzen gaituenaren presentziara ere: Jainkoagana. Horregatik, Paskalek esan zuen bezala gizakia, gizakia baino gehiago da.
Baina kristau fedearen daturik bereizgarriena ez datza gu transzendentziara, Jainkora, ireki ahal izatean; aldiz, Jainkoa bera izan da gizasemeokin harremanetan jartzea erabaki duena historian. Gehiago oraindik: Jainkoa eman egin zaigu erabat Nazareteko Jesusengan, horrela gure aldeko agertuz. Hauxe aldarrikatzen du Testamendu Berri osoak eta Elizaren fedeak hasiera hasieratik. Hau ez du berezkoa pertsonak; norberak onartu ala uka dezaken gertakaria da. Pertsonaren askatasuna jartzen da jokoan, guzti honen aldeko apustua egin ala ez egin bere bizitzan erabakitzean. Kristau fedea ez da gizakiak aurrez berezkoa duen zerbaiten aurkikuntza, gertakari bat baizik pertsona horren biografian: harremanean jartzen da Jainko biziarekin.
|
|
Hirutasuna hiru dira batean. Bat da hiru agerpen ezberdinetan. Zer da Hirutasuna?
Guk kristauok, Jainkoaren Hirutasunaz hitz egitean, ez gara ari Jainkoa zer den argituko duen formula batez. Formula hau gehiago da Jainkoaren Misterioa zertxobait adierazteko modua, galdera intelektualari emandako erantzuna baino. Gertatzen dena zera da: Jainko Hirukoitzaren formula dogmatikoa kristau kulturaren barnean iritsi zaigula guri. Zera erakutsi zaigu: gure Jainkoa, bakarra izanik, aldi berean hiru pertsona jainkotiarrengan duela existentzia. Hau ezin ulertua egiten zaio gure adimenari, berau gure inguruan dabiltzan zientzia- eta filosofia-ereduek ukitua dabilelarik.
Agian, hizkera berezi hori ulertzen hasteko, beharrezkoa zaigu ikuspuntua aldatzea. Pertsonei dagozkien errealitateak kanpotik eta barrutik begira daitezke. Adibidez, harreman pertsonalen azterketa egin daiteke harreman horietatik kanpo dagoenaren begiekin; baina baita begirada “subjektiboarekin” ere, harreman horretan bertan parte hartzen duen begiekin ere. Begirada ezberdinak dira. Maitasunezko harremana ez du berdin ikusten psikologoak eta maitaleak. Normalean iruditzen zaigu, psikologoaren begirada “objektiboagoa” dela, inpartzialagoa, maitalearena baino. Baina, egiazkoagoa ote da? Bi begirada horietatik zeinek lortzen ote du giza sakontasun handiagoa?
Aurreko adibide horrek Jainkoa den Hirutasun Sainduari buruzko galdera hobekiago bideratzen laguntzen digu. Fedearen bidez, Jesusek Jainkoarekin, Aita gisa eta bien arteko Espirituagan, duen maitasun harremanaz eskaintzen dizkigun adierazpenak sumatzen hasten garenean, Hirutasunaren formula ez da jada hieroglifiko bat, fedean Misterioaren sakontasunera zabaltzen zaigun leihoa baino. Gure begirada ezin da “objektiboa” izan kasu honetan, ez baitu kanpotik begiratzen. Begirada “subjektiboa”, Jainkoarekiko harreman pertsonalaren barrutik ikusten duena bakarrik, has daiteke sumatzen zenbaterainoko harreman zabala den Jainkoa; eta horri begira dago Jainko Bakar eta Hirukoitzaren formula. |
|
Salbamena. Zergatik eta nola salbatzen gaitu? Zertatik eta zertarako salbatzen gaitu? Zertan nabari da salbatzen gaituela? Jaungoikoak salbatzen gaitu ala gu geu salbatzen gara?
Errealitateaz dugun bizi ezagutza gu geuk bizi izandakoaren arabera doa. Gehienetan pentsatzen dugu ezagutu dezakegula errealitatea berori bizitu baino lehen: esan egin zaigulako, irakurritakotik, besteen bizipenak entzutetik … Bizi izandakotik, bizi dezakegunera hurbiltzen gaituzten ondorioak ateratzen ditugu. Esperientzia gaizto batek erne jartzen gaitu bizi izandakoaren antzeko egoeren aurrean; bizipen on batek antzeko egoeretara hurbiltzera animatzen gaitu, aurreko bizipen hori errepika daitekeen esperoan.
Jaungoikoak eskaintzen digun salbamena ez da aipatutako esperientzia horien maila berekoa. Ezin dezakegu aurreikusi zertatik edo nola edo zertarako salbatzen gaituen. Asko gustatuko litzaiguke hori jakitea, baina Jaungoikoak guregan duen eragina kontrolatzea litzateke. Honako honetan dago kakoa: Jainkoak bete-betean maite gaituela eta Jesusengan bere bizia ematen digula guk uste onez onartzean. Zertan gauzatzen da hori? Modu erabat berezia hartzen du salbazio horrek pertsona bakoitzarengan. Norberak era oso berean, guztiz pertsonalean, bizitzen du hori, bere egoera eta psikologia eta bizi historiaren … arabera.
Hala eta guztiz ere, bat datoz beren bizitzetan Jaungoikoaren presentzia sumatu dutenen testigantzak. Besteak beste:
- Pertsonei ez zaie lan egin beharra kentzen, nahiz eta Jaungoikoa bera izan salbatzen duena.
- Pertsona maitasun eta txera bidez da salbatua, Jaungoikoak hala nahi izan duelako. Salbamena doan emana da, ez inposatua. Pertsonak egin dezakeena da: onartu ala zapuztu, askatasun osoz.
- Onartzen duenean, orduan jabetzen da zenbaterainoko kontraesanean bizitu den une horretara arte.
- Poza eta esker ona sortzen du pertsonarengan. Eta bizi aldaketa sumatzen du berarengan, bihotz berritzea, heriotzatik bizirako eraldaketa …
- Horrezaz gain, guzti hori zerbaitetarako da, misio bat darama; eta misio hori gehienetan ez da norberari begira, besteen mesedetan baizik. |
|
Nik uste beste kulturekin amankomunean ditugun sustrai eta puntuak gehiago aztertu behar ditugula eta batzen gaituena konpartituz bizitzen hasi, nahasten eta banatzen gaituzten zentzurik gabeko kritiketan denbora galdu gabe.
Benetan, lan asko dago egiteko, kultura eta sineste ezberdinok batzen gaituen hori elkarrekin konpartitu ahal izatean. Guk uste baino gehiago da. Erraza da ezberdintasunak eta lehen maila batean bereizten gaituena azpimarratzea: usadio eta ohiturak, adierazteko erak, gizarte jokamoldeak …
Baina gizakiago egiten gaituzten mailetan gehiago sakonduz, ezberdintasun gutxiago topatzen dugu. Izan ere azken finean, antzekoak baitira gizaki egiten gaituzten gauzak: hartu emanak, giza pertsona izatearen duintasuna, onartuak eta maitatuak sentitzea, mehatxuek eragindako beldurrak, ezezaguna zaigunaren aurrean dugun izua, bizitzako gauza inportanteek sortarazten dizkiguten zalantzak …
Jakina da, azaleko mailetan, behintzat, asko dugula ikasteko ezberdinen arteko elkarbizitzari dagokionez. Baina, egia da, orobat, gehiago direla maila sakonagoetan batzen gaituzten gauzak aldentzen gaituztenak baino.
Guzti hori kontuan izanik, bada hirugarren maila bat ere: geure izaterik propioena eratzen duena. Maila honetan sortzen edo sustraitzen da fede erlijiosoa, eta hau ezin da murriztu giza izate komunera; fedeak, geu garenetik abiatuz, sekulan sumatuko ez genukeen dimentsioetara irekitzen gaituen berritasuna suposatzen du.
Maila horretantxe kokatzen dugu geure kristau fedearen berezitasuna. Maila horretatik bakarrik ireki gaitezke beste fedeen berezitasunetara. Egin dezakegu elkar bizitza fede horiekin, baina ez identifikatu. Existentzi maila honek aldendu ez, baina besteengana hurbiltzera garamatza elkartzen gaituen horretatik: maitasunetik, errespetutik, zerbitzutik.
|
|
ZERGATIK HAINBESTE KRITIKA ERLIJIOARI ETA ELIZARI?
Nire ustez, fanatismoak batzuetan sektario izatera garamatza, eta zerbait esateagatik, besterik gabe, kritika egitera.
Kritika ezkorrak ugaritu egin dira erlijioaren aurka orokorrean eta Elizaren kontra bereziki. Hainbat arrazoi aipatzen da horretarako. Hona hemen batzuk:
1. Presentzia handia izan dute Elizak eta erlijioak gure gizarte eta pertsonen bizitzan. Hortik, erlijio eta Elizarekin zerikusia duen guztiaren aurkako erreakzio faseak pasa beharra dator gizarte honek bizi duen sekularizazio prozesuaren barruan.
2. Estima gutxi dute erakundeek gaur egun gure gizartean. Eta Elizak izan du, eta badu oraindik ere, bere dimentsio instituzionala, handia gainera. Hau arrazoia da, Elizarekin loturiko gauza guztiek hain estimu gutxi izateko. Horretatik salbu gelditzen dira gizarte lanetan aritzen diren pertsonak; hala nola misiolariak, garapenaren aldeko lanean dabiltzanak, gizartetik baztertutakoen alde, eta abar, ari direnak. Erakunde kutsu gutxien erakusten duten eliz presentziak hain zuzen.
3. Elizak eskaini duen guztian itzal handia izan dute dogmak, moralak eta errituak. Horrek esan nahi du autoritarismo nahiko handia erabili duela bere aldetik. Bestalde, gizabanakoaren askatasunaren balioa azpimarratzen du gaurko gizarteak. Beraz, askatasunaren kontrakotzat jotzen da aurreko guztia.
4. …
Egoera honen aurrean, ondorengo muturreko bi jarreretatik bat hartzeko arriskuan aurkitzen gara fededun eta eliztarrok:
- “inguraturik gauzkaten etsaiei” aurre egingo dion defentsa gogorra, esku artean dauzkagun baliabide guztiak erabiliz. Honek dakarren arrisku latza: ghetto fundamentalista bihurtzekoa.
- edo bestela “gaurkotasunari” lotzea, giroan dabilen kulturaren zurrunbiloan geure burua desegiteko arriskuarekin, eta geure nortasuna galtzea.
Ez da batere erosoa dagokigun garai hau bizitzea. Baina sasoi egokia da, gure fedea garbitzeko eta Jesus gure Jaunaren jarraipena egiaztatzeko. |
|
Zeintzuk lirateke gazte pastoraltza eratzeko zutabeak giro sozial guztiz hauskor honetan eta egungo munduarekiko frantziskotar begiradatik abiatuz?
Hemen ez dago gazte pastoraltzaz merezi duen zehaztasunez jarduteko tarterik, ezta behar den gaitasunik ere idazten ari denaren aldetik. Hala ere, egungo mundu honetan, frantziskotar ikuspegia duen pastoraltzak gauza batzuk azpimarratuko lituzke:
- Pertsonari bere barne barneko egiatik begiratzea. Ez helburu pastoralaren, sozialen edo horrelakoen arabera, bere pertsona izatetik baizik. Jaungoikoak maite duen kreatura da. Horrek guztiak begirada apala suposatzen du, gertukoa, barnenetik egina, ez rola edo bestelako instantzietatik. Barne askatasun maila dezentea eskatzen dio pastoralgileari.
- Aparteko errespetua pertsonak bizi duen prozesuari, hark bizi dituen sasoi ezberdinak zainduz. Ez emanarazi hari bizitza behartuko dioten pausorik, ezta egin beharreko hautapenak ekiditeko etapak luzatzen utzi ere. Pertsonak daraman bideaz jabetzeko eta laguntza emateko gaitasuna eskatzen zaio agenteari.
- Ebanjelioaren, Jesusen berri onaren, eskaintza. Guri geuri aurkitzea eman zaigun altxorra da eskain dezakegun gauzarik bikainena. Agentea erne dagokio haren bizitzan eten gabe lanean ari den Espirituari. Katekista edo pastoralgile edo dena delakoa baino lehen, laguntzen ari natzaion pertsonaren senide naiz.
- Besteentzat da guztia. Gure munduko gizon-emakumeak zerbitzatzeko eskaintzen da berri ona. Mundua maitekiro begiratzen lagundu, oso zaila gertatzen bazaigu ere. Solidaritatea landu, besteen alde denbora galdu neurri batean, maitasunez emana bizi …
|
|
Zera uste dut nik: egunez egun ikusten ari garenez, alde handia dagoela erakutsi eta ikasi dugun kristau ikasbidearen eta ebanjelioko egiaren artean. Ez al lukete berdinak izan behar? Ez datoz bat behin baino gehiagotan. Zein da benetakoa, zein Jainkoaren hitza? Zein jarraitu beharko genuke?
Kristau ikasbideak erreferentzietako bat izan nahi du pertsona sinestunaren fedearentzat. Jesus Jaunarenganako fedeari laguntzea du bere helburua. Asko dira katiximak. Garai eta lurralde bakoitzean katixima ezberdinak egin izan dira, fededunen kultura, adin eta egoera ezberdinen arabera. Eliz agintariek fede bizitzarako eskaintzen duten lagungarri bat da. Estimatzekoa da kristau bidea, fede dotrinaren bilduma bat guri eskaini izatea. Baina, horrexegatik hain zuzen, erlatiboa da, bitarteko bat delako beste hainbaten artean; hala nola, Hitza, sakramentuak, sainduak, kristau elkartea, bizitzea suertatu zaigun errealitatea … Arazoa sortzen da, katixima fede bizitzarako erreferente bakarra gertatzen denean. Orduan fedea dimentsio bakar batera mugatua geratzen da.
Kristau bideak duen alderik inportanteena bere hitzaurreko azken pasartean aipatzen da:
Aurkezpen hau amaitzeko, egokia da Erromako Katiximak adierazten duen printzipio pastorala:
“Bide egokiena Apostoluak erakutsi zuena da: Doktrina eta irakaspenaren azken jomuga, amaitzen ez den maitasunean jarri behar da. Zeren eta oso egoki azal daiteke zer sinetsi behar den, zer itxaron eta zer egin; baina hauxe da batez ere azpimarratu behar dena: Gure Jaunaren maitasuna nagusitzen dela gauza guztien gainetik, horrela norberak konpreni dezan kristau bertutezko ekintza guztiek ez dutela beste jatorririk maitasuna baino, ezta beste helbururik ere maitasuna baino (Erromatar Katixima, Hitzaurrea, 10).
|
|
Pertsona “jainkozaleek” baztertzen zaituztenean edo zutaz gaizki esaka dabiltzanean, hain justu bere soziologia ez onartzeagatik, darwinismo soziala dela eta edo ez zaituztelako bere taldekide nahi, zein da eman behar den erantzun zuzena? Isiltasuna, elizatik aldentzea … Niri pertsonalki, eta infernu “konfesional” horren aurrean, IHSri helduta bizitzea geratzen zait, eta bestelako Jainkoa aurkitzea; baina hain gogorrak izan ziren lehen urte haiek …
“Beren fruituetatik antzemango diezue” dio Jesusek Ebanjelioan. Guk pertsonok, nahita nahiez, geureak diren taldeekin bat datorren nortasun soziala erakusten dugu. Kristau modura agertzen garenean, kristauei sozialki dagozkien jarrera bereziak hartzen ditugu: ohitura jakin batzuk, morala eta ideologia jakinak … Baina hori guztia askotan zera besterik ez da: portaera batzuk, morala eta ideologia jakinak … Eta hori dena Nazareteko Jesus eta bere Aita Jaungoikoaganako fedeak bultzatua dela suposatzen da. Hala ere, ez da ezer jakintzat eman behar. Eguneroko bizimoduan eta pertsonen arteko harremanetan ikusten da zerk bultzatzen duen pertsona benetan. Pertsona “jainkozalea” ez da beste bat baino kristauagoa jainkozalea izateagatik, errukitsua izateagatik baizik: “Izan zaitezte errukitsuak zeruko zuen Aita errukitsua den bezala”. Jainkozale eta kristau izateari lotutako beste hainbat portaera sozialek kristau izatearen islada beharko lukete izan, baina ez da beti horrela izaten, zoritxarrez.
Eta zein da erantzuna? Kasu bakoitzean ikusi behar da. Situazio batzuk salatzea eskatuko dute, beste batzuk isilik jasan eta pertsona horiengandik aldentzea … Egoera bakoitzak erakutsiko du zer egin. Baina, edozein delarik ere egoera, kristau banaiz, Jesusi eragin zion Espirituari utziko diot beti nire bizitza gidatzen: errukizko espirituari.
|
|
|