|
Kyrie eleison aspaldiko esaldia da, jada ia ahaztua. Gure kulturan zehar esaldi honekin musika harrigarriak konposatu dira, gizakiaren larriaz eta itxaropenaz mintza zaizkigun musikak. Kyrie eleison, “erruki zakizkit, Jauna”, eskari etengabea izan da kristau artean mendeetan zehar. Nahiz eta gaur arrotz egiten zaigun, zerikusia du Jainkoarekin harremanean den giza izatearekin.
Erruki zakizkit hori oihu bat da, eta gure txikitasunaz eta nahigabeaz mintzo da, gure sufrimenduaz eta gure bekatuaz, gure errealitateaz. Geure izatearen sakonenetik, geure mugatasun absolutuaz kontziente izatetik, sortzen da oihu hori laguntza eske: Kyrie eleison. “Erruki zakizkit, Jauna” hori Biblian zehar asko errepikatzen den eskaria da. “Erruki zakizkit” esaten diote Jesusi bidean dauden pertsonek, sufrimenduan daudenek eta Jesusengan itxaropena daukatenek: itsuek, hamar lepradunek, bere alaba sendatzea eskatzen dion emakume kanaandarrak. “Erruki zakizkit, Jauna” eskatzen dio zergalariak otoitz zintzoz, eta Jainkoak entzun egiten dio. Errukia eduki eta errukia behar izan, bekatari sentitu, gero eta arrotzagoak egiten zaizkigun hitzak dira, baina esanahi osoa izaten jarraitzen dute. Jainkoaren bila ibiltzea eta errotikako mugatasuna sentitzea gure bihotz irrikatsuaren isiltasunean aurkitzen dira, eta hor elkartzen dira erregua eta itxaropena. “Erruki zakizkit, Jauna” Jainkoari zuzendutako eskaria da. Eskatzen duenak erantzuna espero du, kontsolamendua nahi du. Kyrie eleison larri dagoenaren eta Jainkoagan konfiantza duenaren oihua da. Salmogileak honela dio: “Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz; suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz”. Geure barren barrendik Hitzarengana urreratuz, geure bihotzak atseden hartzen duen tokia aurkitzen dugu. Egarriz dugun bihotzetik entzun dezakegu, otoitzaren isiltasunean, Jainkoaren presentzia, Kristoren errukia eta gupida. |