Solidaritateak duen poza PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Osteguna, 2011(e)ko iraila(r)en 01-(e)an 00:00etan

Garai hauetan munduari begira jarriz, oso zaila dirudi hor Jainkoaren eskua ikustea. Aitzitik lehen begi kolpean nora ezean dabilen gizadia ikusten dugu, injustizia ikaragarriekin eta bertan behera uzten gaituen sufrimenduarekin. Gure lehen joera da munduari begiratzea eta hura juzgatzea, geure burua hitz handiz betetzea eta errudun handien bila hastea. Suminez sutan jarri eta bere horretan gelditzea. Edota haserretu eta injustiziak astintzen hastea, XXI. mendean ezin sinetsiak diren arazoei, adibidez goseari, konponbidea emateko boteredunek duten interes falta salatuz. Eta beharrezkoa eta profetikoa da salaketa hori, beldur eta harresizko garai hauetan.

Eta gauzak horrela, askotan ez dugu Jainkoaren salbamena inongo zirrikitutan aurkitzen, ez dugu Haren presentziarik ikusten, ez dugu errugabeen sufrimenik ulertzen, ezin dugu hori onartu, eta kontra jartzen gara Jainkoa juzgatuz. Ezin ulertuz zapuztu eta ernegatu egiten gara. Eta hautapena egin beharrean gertatzen gara, desesperantzak duen ezinaren eta esperantzak duen ezohikoaren eta ezin ulertuaren artean.
Esperantzaren esanahiari sakonkiago begiratuz, kontraesana badirudi ere, har dezakegu atseden juzgu eta ezinetik. Ebanjelioaren bihotzaren misterioan Jainkoak digun maitasunarekin aurkitzen gara, Kristok adierazten duen maitasunarekin, ematen zaigun maitasunarekin. Jainkoaren begiradatik, gure esku utzia dugu mundua.
Geure zeregina eta poza mundu hobe baten alde borrokatzean datza. Munduaren errealitateari egin diezaiokegu aurre esperantzatik. Charles de Foucauld-ek esana dugu: “Sufritu eta maitatu daitekeenean ahalmen handia dugu, indar handia, mundu honetan izan daitekeen indarrik handiena”.
Geure zailtasunak eta sufrimenduaren eta injustiziaren kontraesanak gorabehera, maitasunarena da gure borroka. Geure bizitzari sinestun gisa heltzea, mundu humanoago baten aldeko borrokari ekitea da. Ez dira desagertzen gaizkiari buruz ditugun galderak, baina besteekin batera mundua bizigarriagoa egiten saiatuz, hurbil daiteke gure begirada giza bihotzaren misteriora, Jainkoaren bihotzaren misteriora.

 

Gehitu zure iruzkina

Tu nombre:
Tu dirección de correo:
Título:
Comentario: