|
Solidaritatean agertzen da gizakiaren alderik onena, baina baita gure iruzurrik handienak ere. Gizakia gai da solidario izateko, baina baita bere buruari erruz iruzur egiteko ere. Solidaritatearen esparruan egiten dizkio gizakiak bere buruari iruzurrik handienak. Solidaritateak giza izaeraren teklarik onenak ukitzen ditu, baina aldi berean baita bikoiztasunaren “ziririk” nabarmenenak sartzen ere: banitatea, norbere irudia, protagonismoa, nartzisismoa, interes egoista, gehiago izan nahia …
Zeintzuk dira solidaritatearen motibazioak? Zeintzuk bere esperoak? Askotan toki nagusia du guregan balioztatuak izateko premiak eta geure burua on ikusi nahiak. Praktikan, soilik doakoa eta eskuzabala den solidaritaterik ez dago. Kontraesanez beteriko giza izaerak berea du borroka solidaritatearen eta interesen artean. Horretaz kontziente bagara, ikas dezakegu kontraesanezko izaera hori onartzen eta balioztatzen. Onak sentitzen garenean iruzur egiten diogu geure buruari, sentimendu horrek banandu egiten baikaitu besteengandik eta besteen gainetik sentiarazi: laguntza ematen diegunen gainetik jartzen gaitu, bai eta geure ingurukoen gainetik ere, hauek gure ustez ez baitute ezer egiten, ez eta besteen sufrimendurik ikusten ere. Baina horrela gure solidaritateak bere esanahia eta arrazoia galtzen du, eta geure gehiago izate ustean daukagu geure handitasunaren saria. Horrez gain, egiten duguna askotan ez da eskuzabaltasunezko egintza, justiziarik txikienekoa baizik. Doan eta baldintzarik gabe eman ahal izatea eta bestearen sufrimendura hurbiltzea maitasunari lotua dator, eta sufrimendua geure egiteko gai den bihotz-ontasunari. Ebanjelioan, Jainkoak ematen digu maitasunaren indarra eta iturria. Hortik, besteen sufrimendua arintzeko daukagun onarpen- eta solidaritate-ahalbidea ez da geure meritua, hartu dugun erregali handia baizik. Jainkoaren maitasun doakora hurbilduz, gauza egiten gara geure existentzia onartzeko: dagokigun guztia onar dezakegu dohain gisa, eta berori gurekin bizi direnekin partekatu. |