Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2024ko apirila  186. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Bizitza arrunta bizitza aspergarri baten isla izan daiteke, inolako bizi-pozik gabea. Era berean, errealitatetik urrun dauden ume-ametsetatik haratago, maitasun-emate iraunkor baten benetako erakusle ere izan daiteke.

Gogoetarako gaia

Bizitza arruntaren lehentasuna

Gure bizitzaren zatirik handiena bizitza arruntean inbertitzen dugu, distira berezirik ez duen horretan: eguneroko errutina, ohiko harremanak, lan-erritmoa eta atsedena... Gure ongizatearen kulturan bereziki baloratzen dira nabarmentzen diren bizitza distiratsu horiekin lotutako oporraldiak. Horregatik, bizitza arrunta, egunerokoa, ia-ia ez bizitzat hartzen da. "Hori bai bizitzea" esamoldea ez da eguneroko bizitza lauari buruzkoa, baizik eta, arrazoiren batengatik, apartekoagoa den beste bati buruzkoa: sentsazio berriak, plazer deigarria, bat ere ardura gabekoa, ohikoa ez den estiloarekin, edo gazte dinamismo-puntu batekin...

Eta hala ere, ohikoarekin haustea eskatzen diguten bizitzako une bereziak kenduta, gure biografiaren zatirik handiena bizitza arruntean garatzen da. Eta, hain zuzen ere, hor hartzen dute forma, eta hor ontzen dira gure bizitzako gauzarik garrantzitsuenak: betirako izaten diren harremanak, hartu ditugun aukerak, gure benetako ahalmenak eta mugak... Egunero bizitzea dagokigun errealitatea, bere anbibalentzia guztiekin, gure idealak, gure ametsak, gure perfekzio-nahiak baino aberatsagoa da.

Bizitza arruntean jokoan jartzen dugu benetan zer garen eta zer izan nahi dugun. Bertan gastatzen goaz eta benetan garena uzten ari gara. Horregatik, bizitza arruntean agertzen dugu gu benetan nor garen; hor gara egiazkoak. Begirada hori ezinbestekoa da gu garena egiaz bizitzeko. Eta Jainkoak hor nahi gaitu, hain zuzen ere. Denbora eta umiltasuna eskatzen duen bizi-ikasgai handienetako bat da hau.

Bizitza arrunta bihotza agortzen doan errutina bezala bizi dezakegu, edo barnekotasuna sakontzen duen errutina bezala, maitasuna sakonagoa eta fedea egiazkoagoa egiten duena, ezkutuagoa bada ere.

Biblia pasartea: Ir 23,1-6.8-9

«Ez zabaldu funsgabeko esamesarik; ez atera gaiztoaren alde, zuzengabeko testigantza eginez. Ez jarraitu gehiengoari, gaiztakeria egiteko. Auzian testigantza egitean, ez hautsi zuzenbidea, ez gehiengoari men egiteagatik, ezta behartsuari mesede egiteagatik ere. «Zuen etsaiak galduriko idia nahiz astoa aurkitzen baduzue, itzul iezaiozue. Ez utzi laguntzarik gabe gorroto dizuena; haren astoa zamapean erorita ikusten baduzue, ez ukatu zeuen laguntza, lagundu zamapetik ateratzen. «Ez ukatu auzian behartsuei eskubiderik. «Ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona argiak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia. «Ez zapaldu etorkina, ongi dakizue-eta zer den etorkin izatea, zeuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.

Frantziskotar espiritualtasuna

Jendeak ikusten zuen gizon haiek atsekabeetan poztu egiten zirela eta Jaunarengatik pazientziaz eramaten zituztela, debozio handiz otoitzari emanak bizi zirela, beste behartsuek ez bezala dirurik ez zutela hartzen ez eramaten, eta elkarri maitasunik handiena ziotela —hortik antzematen zitzaien egiaz Jaunaren jarraitzaile zirela—. Hau dena ikusita, jende asko, Jaunaren onginahiaren eraginez bihotz-damuturik, haiengana joan eta egin zizkieten irainen barkamena eskatzen zieten. Haiek, bihotzez barkatuz, alai esaten zieten: «Jaunak barka diezazuela» Eta handik aurrera pozik entzuten zieten.

Zintzo aritzen ziren egunero otoitzean eta eskulanean arimaren etsai den alferkeria erabat uxatzeko. Ardura berarekin jaiki ohi ziren gauerdian, profetak esanaren arabera: Gauerdian jaikitzen naiz Zu gorestera. Debozio handiz eta maiz malko artean egiten zuten otoitz.

Barru-barruko maitasunez maite zuten elkar, eta amak semea zerbitzatzen eta zaintzen duen bezala zerbitzatzen eta zaintzen zuten batak bestea. (PerAn 24-25).

Otoitza

Jainko Aita Ona, gida nazazu,
lagun nazazu nire ibilian,
erabateko zorionerantz Zurekin.
Ez utzi, Jauna,
ni gelditzen
hasitako bidean.
Erakuts niri itxaropenari eusten
emaitzarik ikusten ez badut ere;
lanean jarraitzeko
pazientziaz,
porrotak gorabehera.

Konbertsioaren bidean
baztertuz joan behar dut
aurrera egiteko astuna eta nekagarria
gertatzen zaidan guztia.
Baina uste dut, Jauna,
ezagutzen dituzula nire nahiak
eta ez duzula antzua utziko
nire bizitza.
Uste eta espero dut maite dudalako
eta maite izana behar dudalako.
Eta badakit, Jauna,
Zuk maite nauzula.
Amen.

(Huescako ahizpa klaratarrak)

Gutuneko azken hitzak

"Hau da bizitza espirituala, egunero egiten diren gauza arruntak. " P. D. James (idazlea)

2024ko apirileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:

1 Mt 28,8-15 / 2 Jn 20,11-18 / 3 Lk 24,13-35 / 4 Lk 24,35-48 / 5 Jn 21, 1-14 / 6 Mk 16, 9-15 / 7 Jn 20, 19-31 / 8 Jn 3,1-8 / 9 Jn 3,5a.7b-15 / 10 Jn 3, 16-21 / 11 Jn 3, 31-36 / 12 Jn 6, 1-15 / 13 Jn 6, 16-21 / 14 Lk 24,35-48 / 15 Jn 6, 22-29 / 16 Jn 6, 30-35 / 17 Jn 6, 35-40 / 18 Jn 6,44-51 / 19 Jn 6,52-59 / 20 Jn 6, 60-69 / 21 Jn 10, 11-18 / 22 Jn 10,1-10 / 23 Jn 10,22-30 / 24 Jn 12,44-50 / 25 Mk 16,15-20 / 26 Mt 5,13-16 / 27 Jn 14,7-14 / 28 Jn 15,1-8 / 29 Mt 11,25-30 / 30 Jn 14,27-31a

1-Lk 5,1-11 / 2-Lk 5,33-39 / 3-Lk 6,1-5 / 4-Lk 14,25-33 / 5-Lk 6,6-11 / 6-Lk 6,12-19 / 7- Lk 6,20-26 / 8- Mt 1,18-23 / 9- Lk 6,39-42 / 10- Lk 6,43-49 / 11- Lk 15,1-32 / 12- Lk 7,1-10 / 13- Lk 7,11-17 / 14- Jn 3,13-17 / 15- Lk 7,36-50 / 16- Lk 8,1-3 / 17- Lk 8,4-15 / 18- Lk 16,1-13 / 19- Lk 8,16-18 / 20- Lk 8,19-21 / 21- Mt 9,9-13 / 22- Lk 9,7-9 / 23- Lk 9,18-22 / 24- Lk 9,43b-45 / 25- Lk 16,19-31 / 26- Lk 9,46-50 / 27- Lk 9,51-56 / 28- Lk 9,57-62 / 29- Jn 1,47-51 / 30- Lk 10,13-16

1-Lk 5,1-11 / 2-Lk 5,33-39 / 3-Lk 6,1-5 / 4-Lk 14,25-33 / 5-Lk 6,6-11 / 6-Lk 6,12-19 / 7- Lk 6,20-26 / 8- Mt 1,18-23 / 9- Lk 6,39-42 / 10- Lk 6,43-49 / 11- Lk 15,1-32 / 12- Lk 7,1-10 / 13- Lk 7,11-17 / 14- Jn 3,13-17 / 15- Lk 7,36-50 / 16- Lk 8,1-3 / 17- Lk 8,4-15 / 18- Lk 16,1-13 / 19- Lk 8,16-18 / 20- Lk 8,19-21 / 21- Mt 9,9-13 / 22- Lk 9,7-9 / 23- Lk 9,18-22 / 24- Lk 9,43b-45 / 25- Lk 16,19-31 / 26- Lk 9,46-50 / 27- Lk 9,51-56 / 28- Lk 9,57-62 / 29- Jn 1,47-51 / 30- Lk 10,13-16

Apirileko otoitza hilaren 25ean izango da