Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko abuztua  106. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Bigarren printzipioan barnera begiratzen saiatzen gara. Baina barnera begiratzeko era edo modu ezberdinak daude. Begira dezakegu geurez, eta orduan falta zaiguna ikusiko dugu. Edo begira dezakegu Jainkoaren begiradapetik, hau da, Jainkoaren seme-alaba ikuspegitik, eta orduan ikusiko dugu berak osatzen duela gure hutsunea.

Horixe gertatzen zaigu leialtasunarekin: bere maitasunak irekitzen digu bihotza leialtasunean bizitzera.

Gogoetarako gaia

Leial izan

A zer nolako balioa ematen diogun leialtasunari! Adiskide leial bat ezin da ordaindu. Izan ere leialtasunak merezi gabeko konfiantza agertzen digu, doanekoa... arrazoirik gabekoa. Leialtasunak edozein arrazoitatik haratago doan loturaz hitz egiten digu, debaldeko maitasunez hitz egiten digu, interesik gabekoez; baina baita pertsonen aldeko apustuez, erabaki sendoez, iraupenez...

Ez da erraza leialak izatea. Ez besteekiko ez geurekiko. Hain zaila egiten zaigu geure bihotza eskutik edukitzea! Nork hartzen du bihotz hori menpean, gutxien uste dugunean aurreko horri ez dagozkion apetak agertzen zaizkionean? Geure buruari hauxe aitortzera iristen gara: “Ene barrena inork ez ikustea nahiko nuke, bihotz desleial bat agertuko litzakeelako.”

Honek, hausturarik gabeko ustezko leialtasunaren koherentzia batean ezin garela oinarritu aitortzera garamatza, baizik eta hauskorra dela dakienaren apaltasunean; eta horrexek garamatza geure tranpa eta interesetan ez erortzea bilatzera. Hauskorrak garela jakinik laguntza bilatzen dugu, euskarriak bilatzen ditugu, horrela egian eta leialtasunean ibili ahal izateko.

Laguntza eskatzen diegu konfiantzazko ditugun pertsonei, eta laguntza eskatzen diogu Jainkoari, leialtasunez bizitzen lagun diezagun; gure hutsegite eta oztopoen artean berarengan itxaroten jarrai ahal dezagun. Eta horrela jabetu gaitezen altxor paregabea, bere erabateko maitasuna, buztinezko ontzietan daramagula; jabetu gaitezen nahiz eta gu leialak ez izan, berak beti leial jokatzen duela. Eta horixe da leialak izaten ahalegintzera bultzatzen gaituena.

Ebanjelioko pasartea: Jn 1, 10-15

Munduan zegoen eta mundua haren bidez egina izan arren, mundukoek ez zuten onartu. Bere etxera etorri zen, baina beretarrek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, ordea, berarengan sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odolekoak, ezta gizakiaren borondatez sortuak ere, Jainkoarengandik sortuak baizik. Eta Hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen. Ikusi dugu haren Jainko-aintza, Aitarengandik maitasun eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza.

Frantziskotar espiritualtasuna

Horrela jokatzen eta horretan azkeneraino iraungo duten gizon-emakume guztien gain Jaunaren Espiritua kokatuko da eta beraiengan izango du bizileku eta egoitza. Eta zeruko Aitaren seme-alaba izango dira, haren obrak egiten baitituzte. Eta Jesu Kristo gure Jaunaren senar-emazte, anai-arreba eta ama dira. Haren senar-emazte gara, arima zintzoa Espiritu Santuaren bidez Jesu Kristorekin bat egina dagoenean. Haren anai-arreba gara, zeruko Aitaren nahia egiten dugunean. Haren ama gara, bihotzean eta gorputzean daramagunean maitasunaren eta kontzientzia garbi eta egiatiaren bidez, eta hartaz erditzen garenean jokaera santuaren bidez, beronen etsenpluz besteei argi egin behar baitiegu (2 FeG 48-53).
Frantziskok bere bizitzaren zentzua aurkitu du Jesu Kristori jarraituz, eta Hura bizi du bere bizitzako maitasun gisa. Horregatik Harenganantz zuzentzen du bere pertsona osoa, asmo horretatik ezerk aldentzen ez duelarik. Frantziskoren leialtasunak erantzun egiten dio Jesusengan Jainkoak agertu dion leialtasunari. Jesus bihotz garbiz onartzen duenak ezin du harentzat bizi besterik egin.

 

Otoitza

Tristea da, eta tristea delako, aitortu egiten dut;
hemen nago ni eta oihukari nator,
bestela esanda, lainoan murgilduta;
ene ahotsak lertxunen artean urkatuz.

Izerdia ogi honen bidez irabaziz,
bizitza eskuez irabaziz,
atseginaren bidez oinazea irabaziz,
inbidia salmoaz irabaziz.

Heriotza biziaren bidez irabaziz,
dena lanturik gabe lortuz noa,
zeren eta egutegiari begira janzten
eta meditatzen duen emakume adoretsua bainaiz.
Tristea da, eta tristea delako, aitortu egiten dut;
lanak ditu nork bere burua bentzutzeak;
halere, saia zaitez etsaia besarkatzen
eta ikusiko duzu argia darizula saihetsetik.

Gloria Fuertes

Gutuneko azken hitzak

“Nik badakit nortaz fidatu naizen eta ziur nago baduela hark indarrik ni zaintzeko”. (San Paulo)

2017ko abuztuko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abuztuko erreferentzia guztiak:

1 Mt 13, 36-43 / 2 Mt 13, 44-46 / 3 Mt 13, 47-53 / 4 Mt 13, 54-58 / 5 Mt 14, 1-12 / 6 Mt 17, 1-9 / 7 Mt 14, 13-21 / 8 Mt 15, 1-2.10-14 / 9 Mt 25, 1-13 / 10 Jn 12, 24-26 / 11 Jn 15, 4-10 / 12 Mt 17, 14-20 / 13 Mt 14, 22-33 / 14 Mt 17, 22-27 / 15 Lk 1,39-56 / 16 Mt 18,15-20 / 17 Mt 18, 21-19,1 / 18 Mt 19, 3-12 / 19 Mt 19, 13-15 / 20 Mt 15, 21-28 / 21 Mt 19, 16-22 / 22 Mt 19, 23-30 / 23 Mt 20,1-16 / 24 Jn 1, 45-51 / 25 Mt 22,34-40 / 26 Mt 23,1-12 / 27 Mt 16, 13-20 / 28 Mt 23,13-22 / 29 Mk 6, 17-29 / 30 Mt 23, 27-32 / 31 Mt 24, 42-51


Abuztuko otoitzaldia 31an izango da, 19:30tan.