Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko ekaina  104. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Gure bigarren printzipioan apaltasuna azpimarratzen dugu. Izan ere gure egia sakonenak apaltasuna dakarkigu. Nork ez du harriduraz edo txundiduraz esan: “Ni nire emazteari (edo senarrari) ez natzaio oinetara ere iristen”? Eta ez gure buruak gutxiesten ditugulako, baizik bestearen misterio sakona barrundatzera iritsi garelako. Horrexek soilik eramango gaitu egiazko senidetasunera.

Gogoetarako gaia

Ni ez naiz nire anaia edo arreba baino gehiago

Halako senidetasun-maila batean, senide gisa bizitzean, senide izatean, motor eragile izan daitezke borondate ona, edo anaiarteak, elkarteak, parrokiak... dituen idealak. Orduan honako baloreak dira gure sostengu: berdintasuna, elkarrekikotasuna, onginahia. Hasiera batean atsegingarri gertatzen da apustuak partekatzea, garen eta daukagun onena horretan jokatzen dugulako. Sentitzen dugu eman baino gehiago hartu egiten dugula. Besteak, ni baino gehiago dira.
Hala ere, etortzen dira borondate ona nahikoa ez den momentuak. Agertuz joaten dira bakoitzaren alde ez hain distiratsuak, harreman-arazoak hainbat arrazoi direla-eta: jitea, ideia-aurkakotasunak, nekealdiak... Orduan honelako sentsazioa nagusitzen zaigu: ez dagoela proportziorik nik niretik ematen dudan askoren eta ordainetan hartzen dudan gutxiaren artean. Besteak, ni naizen baino gutxiago dira.

Iritsi gaitezke beste maila batera senidetasunean. Hau ez da taldekideok mugitzen gaituzten borondate onaren emaitza, ez eta ideia eta helburuen adostasunarena ere. Norberaren eta elkartearen bide-egitearen arian konturatuz joaten gara, senidetasunak baduela misterio bat eta honek gainditu egiten duela kideen kopurua, beraien bertuteena eta mugatasunena. Badago kontrolatzen ez dugun maila oinarrizkoago bat, eta bertan Jainkoak misterioski elkarrarazten ditu senidetasuna, parrokia, elkartea. Jainkoak, bere maitasun-asmoan, elkartuta eta bakean nahi gaitu. Senidetasuna eginkizun izango dugu beti, ez da beti harmoniatsua eta gatazkarik gabea izango; baina bertan egiten dugu norberaren eta elkartearen ibilbidea, baldin eta zabalduak mantentzen bagara sostengu ematen digun Jainkoaren arnasa hartzera. Orduan sentsazioa da, inor ez dela inor baino gehiago, zeren eta Jainkoagan baitugu oinarria eta maitasuna.

Zerk mantentzen gaitu ur gainean? Nork ematen digu senitarterako, elkarte eta parrokiarako, familiarako... beharrezko dugun plus hori?

Ebanjelioko pasartea: Jn 17,21-26

«Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin. Horrela, munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula... Ni hauekin bat eta zu nirekin bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango du zuk bidali nauzula eta ni neu maitatu nauzun bezala maitatu dituzula berauek ere. Aita, zuk eman dizkidazunak ni nagoen lekuan nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nauzulako eman didazun aintza, ikus dezaten... Zu nor zaren jakinarazi diet, eta aurrerantzean ere jakinaraziko, zuk didazun maitasuna hauengan izan dadin, eta ni neu ere hauengan izan nadin».

Frantziskotar espiritualtasuna

“Jainkoaren zerbitzaria ez du ezerk atsekabetu behar, bekatuak izan ezik. Baina norbaitek bekatu egitean, edozein dela ere haren bekatua, Jainkoaren zerbitzaria horregatik, karitaterik izan gabe, asaldatzen eta haserretzen bada, errua pilatzen du bere gain. Ezergatik ere haserretzen eta larritzen ez den Jainkoaren zerbitzaria, berriz, bererik gabe bizi da egiaz. Eta zorionekoa beretzat ezer gordetzen ez duena, baizik eta Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari ematen diona.

Hona zertan ezagut daitekeen Jainkoaren zerbitzariak Jaunaren espiritua duela: Jaunak bere bitartez zerbait onik egiten duenean, bere izaera grinatsua -beti on guztiaren kontrakoa dena- horregatik goratzen ez bada, baizik eta bere burua are kaskarragotzat hartzen badu eta inor baino txikiagotzat jotzen”.

Beharrezkoa dugu Jaunaren Espirituak eraginak izatea, zeren eta geure izaera grinatsua, geure “egoa”, bada bultzatzen gaituena, berehalaxe haserretzen eta asaldatzen gara, geure burua goratzea eta handien eta hoberentzat jotzea bilatzen dugu, hurbiltasuna eta elkartasuna dugu hausten, karitaterik izan gabe. Geure gogoa Jaunaren Espirituak arnasten uzten dugunean, orduan ordain dezakegu bueltan, hau da, goza eta esker dezakegu, norgehiagokeriarik gabe, Hark gurekin eta gure artean egiten duen on guztia.

Otoitza

Batasunaren oinarri eta senidetasunaren
eraikitzaile zaren Jesu Kristo,
bidal iezaguzu goizero zure espiritu-zurrusta bat,
eraits itzazu banantzen gaituzten hesiak,
egoismoak, harrokeriak eta handiusteak altxatuak.

Urrun itzazu gure bizitzetatik
liskarra ereiten duten inbidiak
elkarrekin lan egitea
oztopatzen duten protagonismoak...

Sorraraz itzazu gure senide-harremanetan
korronte sentibera eta beroak,
elkar barka eta konpreni dezagun,
elkar akuilatu eta ospa dezagun,
atalek Gorputz berean, familia berean, bezala.

Ken gure bidetik norgehiagoka eta ezinikusiak,
askatu gure blokeoak, horrela pertsona
ireki eta leialak, zintzo eta egiatiak gaitezen.
Haz bekigu konfiantza zuhaitz hostotsu gisa,
beraren itzalean zoriontsu senti gaitezen.

Horrela munduaren aurrean
zera argudiatuko dugu
sentigarriki eta profetikoki:
Zu, Jesus, bizirik zaudela,
eta Elkartasun Misterio den zure Eliza
bere edertasun osoz agertzen dela gure artean. Amen.

Gutuneko azken hitzak

“Harrokeriak bihurtu zituen aingeruak deabru. Apaltasunak bihurtzen ditu gizakiak aingeru.” (San Agustin)

2017ko ekaineko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate ekaineko erreferentzia guztiak:

1 Jn 17,20-26 / 2 Jn 21,15-19 / 3 Jn 21, 20-25 / 4 Jn 20,19-23 / 5.Mk 12,1-12 / 6 Mk 12,13-17 / 7 Mk 12,18-27 / 8 Lk 22, 14-20 / 9 Mk 12, 35-32 / 10 Mk 12, 38-44 / 11 Jn 3,16-18 / 12 Mt 5,1-12 / 13 Mt 5, 13-16 / 14 Mt 5,17-19 / 15 Mt 5,20-26 / 16 Mt 5, 27-32 / 17 Mt 5, 33-37 / 18 Jn 6, 51-58 / 19 Mt 5,38-42 / 20 Mt 5, 43-48 / 21 Mt 6,1-6.16-18 / 22 Mt 6, 7-15 / 23 Mt 11, 25-30 / 24 Lk 1,57-66.80 / 25 Mt 10, 26-33 / 26 Mt 7,1-5 / 27 Mt 7, 6.12-14 / 28 Mt 7,15-20 / 29 Mt 7,21-29 / 30 Mt 8, 1-4


Ekainean elkarrekin ospatuko dugun otoitza 29ean izando da 19:30tan



Asisko Frantzisko eta Klara bizi izan ziren lekuak gogoeta eta otoitz eginez ezagutzea eskaintzen dizugu.
Bilaketa, atsedena... edo beste era bateko nekea bizitzeko aukera izan dezakezu.
ASISERA GOAZ 2017ko UZTAILAREN 1etik 8ra.
Interesa baduzu, esaguzu: 615-785328 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.