Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko apirila  102. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Bigarren printzipioan Jainkoak barnera begira jartzen gaitu. Berak ukitu gaituelako eta dagoeneko gure barnean sumatzen dugulako. Eta barnean konturatzen gara zeinen kaskar garen eta zeinen baldar. Baina aldi berean Jainkoak bere egiten gaituen neurrian zer nolako indar eta bizipozez betetzen gaituen! “Nigan sinesten duenari betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barrua.”

Gogoetarako gaia

Bihotz-zabaltasuna

Nahi izan gabe, apaltasuna “ezer gutxi” izatearekin lotu dugu, gaizki ulertuz salmoko “ez nabil gauza handien eta neurriz gainekoen atzetik” hura eta horrelako beste gauzak. Apaltasuna gertuago bizitu dugu txikia denetik, handia denetik baino. Eta halere, apala zabalik dago handi denera, bere neurriak gainditzen dituenera, jakinik zer etekin atera diezaiokeen bere buruari eta kontuan izanez dituen mugak eta tranpak.

Kontraesana dirudi, baina bihotzez apala dena ez dago ezustekoari itxia bihotzean. Ezustekora itxia dagoena zikoizki bizi da, bizitzak eta Jainkoak eman diona xuhurki kudeatuz; jakinduria-itxuraz janzten bada ere barruan beldurra dauka eta bizitzaz etsita dago. Apaltasunaren bidetik urratsak ematen ari denak bere buruarekin egiati izaten ahalegintzen da, leiala da egin beharrekoekin, badaki bere buruari uko egiten, baina ez du bere buruan eta errealitatean ezagutzen eta kontrolatzen duenarekin planto egiten. Ezagutzen ditugu distiragabeko pertsonak eta itxuraz besteen aurrean gutxi direnak, bere baitatik ezusteko gaitasunak atera dituztenak; eta hori, arriskatzen jakin dutelako zerbait handia eskatzen zuten egoeren aurrean gertatu direnean: eskuzabaltasun-ekintza bat, sufrimen aldi bat jasatea, gaizkiari arrazoizko dena baino gehiago aurre egitea... Eta hori dena, bere onetik atera gabe, balentriarik eta itxurakeriarik gabe.

Eta honetan egon da sekretua: bihotza ez da elikatu ameskeria eta espero nartzisistatan, edo gaztetako bizi-energian edo “apala izatea” helburu duen perfekzio-pretentsioan; baizik eta eman dezakeenaz eta ez dezakeenaz kontziente izanez, bihotza itxaropen honetan dauka oinarritua: bizitza, ikusten eta kontrolatzen dena baino askoz gehiago dela, norberagandik harat dagoen batengana irekia; eta prest dago bere burua Jainkoaren indarrak eramaten uzteko. Jakite hau ez da ideologikoa eta ikasia, baizik eta intuizioz sumatua, onartua, Jainkoarekin bizitua. Hau da pertsona bihotz-zabala.

Bibliako pasartea: 2 Ko 12,7-10

Horiek direla-eta neure burua den baino handiagotzat jo ez dezadan, oinaze bat emana izan zait, haragian sartutako eztena bailitzan, harro ez nadin jo eta jo ari zaidan Satanasen ordezkaria. Hiru aldiz eskatu diot Jaunari, ken dezala hori niregandik, baina berak esan dit: «Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean». Gustura harrotuko naiz, beraz, neure ahuleziaz, Kristoren indarra niregan ager dadin. Horregatik, pozik nabil Kristorengatik jasaten ditudan ahulezia, laido, beharrizan, erasoaldi eta estualdietan. Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Frantziskotar espiritualtasuna

Egun batez, San Frantzisko basoan otoitz egitetik zetorrela, basotik irtetean hain zuzen, anai Maseok haren apaltasuna zenbaterainokoa zen probatu nahi izan zuen. Bidera atera zitzaion eta txantxetan bezala esan zion: “Zergatik zuri? Zergatik zuri? Zergatik zuri?”. San Frantziskok erantzun zion: “Zer esan nahi duzu horrekin?” Eta anai Maseok: “Galdetzen dut ea zergatik dabilen mundu guztia zure ondoren eta zergatik daukaten denek, dirudienez, zu ikusteko, zuri entzun eta obeditzeko gogoa? Zu ez zara gorputz ederrekoa, ez duzu jakite handirik, ez zara handikia. Nondik datorkizu orduan mundu guztia zure ondoren ibiltze hori?

Frantziskok esan zion: “Zergatik niri jakin nahi duzu? Zergatik niri jakin nahi duzu? Mundu guztia zergatik datorkidan ondoren jakin nahi duzu? Jainko gorenaren begietatik datorkit hori; haiek zintzoei eta gaiztoei begira daude toki guztietan. Eta begi txit santu haiek ez dute bekatarien artean inor ikusi ni baino ziztrinagorik, kaxkarragorik eta bekatariagorik. Eta egin nahi duen egintza harrigarria burutzeko ez baitu lurraren gainean sorkari ziztrinagorik aurkitu, horrexegatik aukeratu nau ni, munduko noblezia, handitasuna, indarra, edertasuna eta jakinduria lotsarazteko; ezagutu dezaten Beragandik datorrela bertute guztia eta on guztia, eta ez sorkariarengandik; eta Haren aurrean inork harrotzerik izan ez dezan; baizik harrotu nahi duena Jaunarengan harro dadin. Berari eman bekio ohore eta aintza guztia betieran (Lo 10).

Otoitza

Zorionekoak maitasun gastatua
berritzen dutenak.
Zorionekoak maitasun zauritua sendatzen dutenak.
Zorionekoak maitasun itzalia
pizten dutenak.
Zorionekoak maitasun eroria
altxatzen dutenak.
Zorionekoak maitasun desbideratua
barkatzen dutenak.
Zorionekoak maitasun lotua
askatzen dutenak.
Zorionekoak hartutako maitasuna
ematen dutenak.
Zorionekoak hildako maitasuna
berpizten dutenak.

Severino Lázaro

Gutuneko azken hitzak

“Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan.” (San Paulo)

2017ko apirileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate apirileko erreferentzia guztiak:

1 Jn 7,1-2.10.25-30 / 2 Jn 11, 3-7.17.20-45 / 3 Jn 8, 1-11 / 4 Jn 8, 21-30 / 5Jn 8, 31-42 / 6 Jn 8,51-59 / 7 Jn 10,31-42 / 8 Jn 11,45-57 / 9 Mt 27, 11-54 / 10 Jn 12,1-11 / 11 Jn 13,21-33.36-38 / 12 Mt 26, 14-25 / 13 Jn 13, 1-15 / 14 Jn 18,1-19,42 / 15 Mt 28,1-10 / 16 Jn 20, 1-9 / 17 Mt 28,8-15 / 18 Jn 20,11-18 / 19 Lk 24,13-35 / 20 Lk 24,35-48 / 21 Jn 21, 1-14 / 22 Mk 16, 9-15 / 23 Jn 20, 19-31 / 24 Jn 3, 1-8 / 25 Mk 16, 15-20 / 26 Mt 5,13-16 / 27 Jn 3, 31-36 / 28 Jn 6,1-15 / 29.Mt 11,25-30 / 30 Lk 24, 13-35


Apirileko otoitzaldia 27an izango da.



Asisko Frantzisko eta Klara bizi izan ziren lekuak gogoeta eta otoitz eginez ezagutzea eskaintzen dizugu.
Bilaketa, atsedena... edo beste era bateko nekea bizitzeko aukera izan dezakezu.
ASISERA GOAZ 2017ko UZTAILAREN 1etik 8ra.
Interesa baduzu, esaguzu: 615-785328 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.